Joseba Barriola

Askatasuna presondegian dago

Ez naiz ari ez presoez, ezta euskal preso politikoei buruz ere, edo bai, agian bai, bainan ez zuzen. Honela hasten da Cervantesek On Kixote historiari jarri zion prologoan: «Desocupado lector:» Gutaz ari omen da. Eta esplikatzen du bere Ingenioso Hidalgo ez dela berak nahi lukeen bezala «el más hermoso, el más gallardo y más discreto que pudiera imaginarse». Zergatik? Ezin izan zuelako naturaren ordenari muzin egin.

Eta jarraitzen du: «Y así, ¿qué podía engendrar el estéril y mal cultivado ingenio mío sino la historia de un hijo seco, avellanado, antojadizo… bien como se engendró en una cárcel donde toda incomodidad tiene su asiento y donde todo triste ruido hace su habitación?»

Cervantesi arrazoia eman behar zaio egiten duen kartzelaren deskripzioan, bainan ez da osoa. Kartzelan sortu bait zen gaztelaniazko mirarietako bat: On Quijote Manchakoa. «Desocupado lector:», esan dezaket orain, gure artean, kartzelan eta euskaraz, «Ametsen liburua» sortu da. Hauetako batzuk, amets gaiztoen, oraindik bizirik dauden amets gaiztoen oroimena dira. Beste batzuk, aldiz, amets liluragarrien kantak, egiteko diren ametsak dira.

Eta amets horietan, aipatu gabe edo argi, esaten zaigu: «desocupado lector:» Han, «donde toda incomodidad tiene su asiento y donde todo triste ruido hace su habitación», han dago presondegia. Erne. Presondegiak asko bait dira. Eta agian oharkabean presondegi batean, presondegi erraldoi batean bizi gara. Bainan On Kixoteak idatzi ditzakegu eta Ametsen liburuak ere bai.

Zenbat fabriketan edo lan tokitan (pribatu eta publikotan) aurkitzen dugu «toda incomodidad» eta «todo triste ruido»? Eta ez al da inkomodidade osokoa eta etsipenaren buru-zarata tristea langabetuen egoera? Zenbat eskola eta unibertsitatetan deserosotasun guztiz «aspertzen» dira ikasleak eta irakasleak, eta hizkera errutinarioaren zarata tristea datza? Zenbat familik sentitzen du pagatu ezinezko hipotekaren eta segidako kanporatze-mehatxuaren inkomodidade osoa eta bankuen exijentziaren zarata tristea? Zenbat bikote «ustez zoriontsu» bizi da «deserosotasun egoera iraunkorrean» eta elkarrekiko «exijentzia inkisitorialaren ohiuen pean»? Zenbat emakume bizi da humiliazioaren deserosotasun etsigarrian eta karraxi-kolpe-iraina-bortxaren mehatxupean? Etorkinen egoeran, bai beraien jatorrizko lurraldean, baita honuntzako bidean eta baita ere hemen bertan, zenbat «toda incomodidad» eta zenbat «triste ruido»? Zer da publizitatea, animaren eta emozioen presondegi erraldoi bat baino, non zarata baizik ez dagoen eta ase ezinezko kontsumismoaren ereintza? Zer da telebista, ez bada pentsamenduaren herstura eta sentimendu tristeen manipulazioa?

Jo dezagun orokorragora. Zein egoeran dago «demokrazia», «herriaren boterea»? Demokrazia presondegi erraldoi batean sartua dago: merkatu kapitalistaren nagusien tirania deserosoaren pean eta estatu-arrazoiaren bortxa miserablearen pean. Euskal Herria, Catalunya, Galizia… askatasuna indarrez aldarrikatzen denean, «hondamendiaren mehatxua» eta «sableen zarata» hasten da dantzan. Zer da orohar kultura gaur egun? Ez al da kontzentrazio eremu erraldoi bat non pentsamendu bizia agortzen den eta kapitalaren akumulazioak behar dituen ideiak eta sentsibilitateak ereiten diren. Zer da Europako antikulturaren Kapitala izatea? Itxurakeriaren espektakulua? Zer da Nobel Saria eta zer Holywoodeko ekoizpen zinematografikoa? Ez al gara elikagaien ekoizpen-empresa multinazionalen interesen esklabuak? Ez al gara elikatzen ari terrorearen simbolo eta eragile nagusiena, NATO izenez ezagutua?

Presoak dira, eta zentzu batean preso politikoak bereziki, gauden egoeraren islada garbia. Presoak dira gizarte honen desastrearen «kopla-buruak». Eta preso politikoak dira presondegi orokor honen aurkako ahaleginak kriminalizatzeko asmoaren abisoa eta biktimak. Presoengan, eta preso politikoengan modu bereziz, ikus dezakegu gure denon egoera errealaren muturreko espresioa. Ez, presoen askatasuna ez da «etxekoen», senide eta lagunen auzia, guztien auzia baizik. Preso ohi lagun batek esaten zidan egun hauetan, bera inoiz ez dela kartzelan bezain aske sentitu. Momentu onak eta txarrak, etsipen eta depresio uneak bai, bainan aske. Eta jarraitzen zuen kartzelatik ateratzerakoan askatasun gabeko egoeran murgiltzen ari nintzela sentitu nuen. Izan ere, eta gertutik hasita, tortura da demokraziaren urraketa mortala. Mortala demokraziarentzat. Azken egun hauetan azaldu da askotan «demokraziaren erregenerazioa»-ren beharra. Zer erregenerazio mota izan daiteke torturaren urraketa aipatu ere egiten ez duena? Demokrata zara? Orduan, demokraziaren izenean, euskal presoak etxera! Edo zure demokrazia torturaz usteldua dago.

Horrela izanik, euskal preso politikoen askatasuna eskatzea da, aldi berean, presondegi guztietan eta orokorrean dauden kateak apurtzeko bidean urrats bat ematea. Jokoan dagoena da amets-egiteko askatasuna, estatu-arrazoi bortitzaren salaketa, merkatu-tiraniaren amaiera, demokraziaren berpiztea.

Presondegi batean bizi gara. Bainan, kartzelan, On Kixoteak eta Ametsen liburuak idatzi ditzakegu. Eta gauden presondegi erraldoi horretan altxatu daitezke Kukutzak eta Mikelazulok, egin daitezke giza-harresi babesleak, antolatu daitezke Lemoiz Apurtu bezalako mogimenduak, egin ditzakegu Burgosko Juizioko kondenei eta Germanen asesinatuei erantzuteko greba orokorrak, sortu daitezke Tahrir eta Occupy Walt Street eta M15 berriak… Beti dago, Walter Benjaminek zioen bezala, “«une bakoitzean iraultzari zirrikitu bat irekitzeko abagunea». Horixe da, «desocupado lector», okupazio osasuntsua.

Bilatu