Atera gaitezen kalera, kalera atera ditzagun!
Arduraz joka dezagun guztiok; eragile, instituzio, alderdi, norbanako... mendeku eta gorroto politikei aurre eginaz etorkizunari ateak irekitzeko garaia dugu. Berandu baino lehen atera ditzagun Ibon eta larriki gaixo daude presoak kalera!
Pasa den astean Ibon Iparragirre, gaixorik larri dagoen euskal preso politikoa berriki ospitalera eraman zutela jakin genuen. Egunerokotasunean sentitzen ditugun ezinegona eta inpotentzia areagotu ditu berri honek. Mina... gatazkaren konponbiderako etengabe urratsak ematen ari den kolektibo baten aurrean Gobernu espainiarra gorroto eta krudeltasunez, heriotz zigorrez erantzuten ari dela ikusita, euskal gizartearen gehiengoaren nahiari entzungor egin eta mendeku politika horri gogor eusten ari zaiola baieztatzean beste behin ere.
Larri gaixorik dauden euskal preso politikoak hiltzera kondenatzen ari dira giza eskubideez eta lege-betetzeez ahoa betetzen duten bitartean. Hilabete biko bizi itxaropena gelditzen zaienean askatuko dituztela esateak agerian lagatzen digu mendeku eta gorroto estrategian jarraitzen duela Gobernu espainiarrak, horrek ez baitu inongo helduleku juridikorik. Gainera, larri dauden euskal preso politikoen osasun asistentzia hutsala (azterketa medikurik eza, tratamendu egokien falta...) dela eta, ez dakigu hilabete biko epe hori pasatu ez den ere. Hilabete bi, aste bi, egun bi...
Euskal preso politikoak txanpon trukerako bahitu gisa erabiltzeari utz diezaiotela! Beraiek hain maite duten «legea» aplikatuz gero, pertsona horiek etxean egon beharko bailukete. Eskubidea dutelako beraien gaixotasunari egokitutako tratamendua jaso eta duintasunez bizi ahal izatea. Itxurarik itxura kasu batzuetan duintasunez hiltzeko, «gaixotasun sendaezin» eta «kartzela» batera, heriotzaren sinonimo baitira.
PNVren jarrerak ere merezi du aipamenik, entzungor egiten ari baita gizartearen gehiengoaren aldarriari, baita hainbat osasun arloko aditu eta Munduko Osasun Erakundeen gomendioei ere. Urkullu EAEko herritarron lehendakari izanik, ez al luke Ibon Iparragirre eta larri dauden presoen osasunaz, bizitzaz arduratu eta giza eskubideen urraketa ororen aurka posizio koherentea eta argia erakutsi behar? PNVk politika kriminal horrekin bukatzeko ardura dauka. Justizia kontua da.
Aurreko zikloa ixteko beharrezkoa dugu bide-orri bat zehaztea herri honetan, zeinek konponbide integrala bermatuko duen. Zerumuga: preso, deportatu eta iheslari politikorik gabeko Euskal Herria. Gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea eman ezean ez baitugu elkarbizitza eta bakerako eszenatokirik izango. Norabide horretan, urgentziazko egoera batzuei irtenbide bat eman behar diegu ahalik arinen Euskal Herritik. Horietako bat, preso gaixo larrien egoera da. Berandu baino lehen larriki gaixo dauden presoak kaleratu behar ditugu. Bizirik eta gurekin behar ditugu!
Prozesu hori elkarlan eta adostasunaren bidez diseinatu behar dugu, herritarron esku dugu amesten dugun bake eta justiziazko eszenatoki hori eraikitzea. Argi izanik guk egiten ez badugu ez «digula» inork egingo.
Arduraz joka dezagun guztiok; eragile, instituzio, alderdi, norbanako... mendeku eta gorroto politikei aurre eginaz etorkizunari ateak irekitzeko garaia dugu. Berandu baino lehen atera ditzagun Ibon eta larriki gaixo daude presoak kalera!
Bihoakie gaixorik larri dauden euskal preso politikoei eta beraien etxekoei/lagunei besarkadarik zintzo eta maitekorrena. Gurekin behar zaituztegu! Bizirik!
Domekan, ekainak 11n, (Bilbon manifestazioa Plaza Eliptikotik 12:30ean) atera gaitezen kalera! Heriotz zigorrik ez! Ibon kalera! Larriki gaixo dauden presoak kalera!