Julio Villanueva
Iruñea

Atzo Itoitz, gaur AHT

Duela hilabete bat, Rosario Brinquis-eK ‘Itoitz  2012. Azterketa ekonomiko bat’ izeneko ikerketa aurkeztu zuen. Bertan Itoizko urtegia, Nafarroako ubide binomioaren errealitate ekonomikoaren azterketa eguneratua burutzen da, gastuak, gastuen berreskurapena, eta eragindako aktibitate ekonomikoa aintzat hartuz.

Emaitzak Itoizko ura baino argiagoak dira: Gastu orokorra (urtegia, ubidearen lehen zatia eta ureztatutako barrutia) 1.750 euro baino handiagokoa da. Gastuen berreskurapenak %27 ez du gainditzen. Ekoizpen gordina inbertsioaren %65 baino ez da. Ubidearen lehen zatiaren enplegu sorrera irrigarria da: 227 lanpostu/urteko. Edateko uraren horniduraren aurreikuspenak puztuta zeuden: aurreikusitako urteko 60 Hm. kubotik bakar bakarrik 2,75 kontsumitzen dira. Egilearen arabera datu hauek argi ta garbi erakusten dute jendarterako proiektu honen errentagarritasun eza, sustatzaileen ahotan Nafarroako garapen ekonomiko zein sozialarentzat guztiz ezinbestekoa zena.

Begibistakoa da ikerketa honetan ez direla aintzat hartzen eurotan neur ezin daitezkeen beste datu batzu: bi ibar zoragarriren suntsiketa; zazpi herriren desagerketa; hiru naturgune zein bi Z.E.P.A ren urperaketa; geure lurren zeharko km. askotako orbain gaindiezina; euren etxeetatik erauzi eta indarrez mugiarazitako hamarnaka pertsonaren giza drama; isundu, atxilotu, zauritu eta presondegiratutako oposizioaren kideak; lur jo dezakeen erraldoi baten azpian bizi beharraren estuasuna; uraren mafiak estortsio egindako nekazariak («ureztatzea onartu ala desjabetuko zaitugu») eta etorkizun ilun baten aurrean leporaino  hipotekatutakoak, familiako nekazal ustiakuntzen desagerketa  nekazaritzako elikadura multinazionalen mesedetan, lurraren pozoiketa eta emankortasunaren galera ureztatzeari lotutako nekazaritza industrialaren sustapena  dela medio...

Egun, AHTrekin, betiko erretolika: «aurrerabidea eta modernitatea ekartzeaz gain, enplegua sortuko du eta krisialditik aterako gaitu». Bakar bakarrik, santero iruzurtien antzera, gure bizitza sexuala hobetuko duela esatea falta zaie. 3.200 milioi euroko inbertsioaz ari dira, plataforma logistikoak eginez gero 4.000ra irits daitekeena. Ez dute aintzat hartzen aurrekontuetako gorakada seguru baino seguruagoa, Itoizko kasuan haserako aurreikuspena hirukoiztu egin zuena. Gainera, Nafarroak dirua aurreratzen duenez gero, eskatutako maileguaren interesak ordaindu beharko ditugu, 40-60 milioi euro, alegia. Lanpostuen sorreraz ere mintzo dira: batzuetan 4.000, besteetan 10.000, informazioaren «zehaztasuna» agerian utziz. Eta orain, mezuz aldatuz, merkantziak garraiatzeko balioko duela behin eta berriro errepikatzen dute, guztiok jakin arren estatuan ez dagoela km. bat bera ere merkantziak garraiatzeko gai denik. Eta makurrena dena, krisialditik aterako gaituela nabarmentzen dute, jakitun izanik, estatuan beren ustiaketan, linea guztiak defizitarioak direla –Madril-Bartzelona barne –, urteko 9 milioi bidaiariko gutxieneko mugara iristen ez direlako. Gezur bat bestearen  atzetik...orain Yolanda Barcinak botatakoa bezalakoa: «Nafarroako korridoreak Bartzelonako portutik merkantziak ekarriko ditu eta gainera Europak finantziatuko du…

Hitz batez, AHT Itoitz bezala, bere eraikuntzaz gain bere ustiaketaren bitartean hondorik gabeko diru zuloa izanen da, gure bilobetaraino urteroko aurrekontuetan ordainduko duguna. Izan ere, bere garaian Pedro Arrojo Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia katedradunak martxan jarri baino lehen Itoitz, Ubidea binomiok ekarriko lukeen porrot ekonomiko itzela aurreikusi bezala, Roberto Bermejo eta Alejo Etxart EHUko irakasleek egindako ‘Nafarroako AHTren errentagarritasun soziala’ ikerketak pikutara bidaltzen du  aipatu azpiegituraren ustezko errentagarritasun ekonomikoa.

Eta Itoizko aferan bezala, AHTrekin ere errentagarritasun ikerketan aintzat hartzen ez diren ekonomikoak baino garrantzitsuagoak diren hainbat faktore kontuan hartu behar ditugu: naturari egindako kalte itzulezinak —ibilbidetik kanpo ere—, energia kontsumo itzela, lurralde desorekaren areagotzea, oposizioaren kriminalizazioa dakarren proiektuaren imposaketa,...

Itoitz  eta AHTren artean ere, Nafarroan hainbat proiektu ezarri dira, zein baino zein galgarriagoa, eta bi handi horien aldean txikikeriak izan arren, aipatu beharrekoak dira:
Bideko autobia (516 m.€ eta Deutsche Bank kontzesioaz aberasturik), Pirineotako autobidea, «eskiatzaileena» ere deitua (370 m.€, eguneko 4.000 ibilgailu irrigarrirentzat), Urantziako zirkuitoa (64 m.€ko inbertsioa eta urteko 3 m.€ko zuloa), Reino Arena ( 60 m.€ eta bukatu gabea ), Noaingo aireportuaren zabalkundea ( estatuko diru publikotik 45 m. €ko inbertsioa, 2007tik hona bere erabilpena erdira jeitsi delarik), Senda Viva ( urteko 3 m.€ko galera ), Baluarte ( 77 m.€,  urteko 2 m.€ko galera duena), Arantzadiko baratzeen suntsiketa (9 m.€ ), Entzierroko museoa (lehen harria ezarri baino lehen proiektutan 2 m. € baino gehiago xahutuak),.... Zerrenda hau motza egiten bazaigu, gehitu behar ditugu urteko 40 m.€ko gastua Ubidearen ureztatzeak eta aipatutako bi autobideen «itzalpeko saria» ordaintzeko; izan ere, azpiegitura horien  kostuaren halako hiru ordaindu beharko dugu datozen urteetan.  
   
Hau guztia estatura estrapolatuz gero ikusiko dugu Espainiakoa dela eraikitako autobide eta autopista km. gehien duen europako estatua, kontinentean abiadura handian km gehien duena eta Txina ondoren  munduan, planetako 5º zementu kontsumitzailea eta munduko 11 eraikuntza enpresa handienetatik 7 dituena. Honi gehitu behar zaio kontinenteko langabezia tasa handienetako bat duen estatua dela, «azpiegiturak eta enplegu» ustezko erlazioa erabat gezurtatzeko.

Erabateko hondamendira eraman gaituzte, beste gauzen artean azpiegitura lasterketa zoro honengatik, zein baino zein faraonikoago eta arrazoigabeago. Eta orain zulo ekonomikoa estali nahi dute geure eskubide zibilak murriztuz? Nahiago izanen dute osasungintza eta hezkuntza publikoak hondoratzea AHT baztertu baino. Politiko ustel, eskrupulorik gabeko eraikuntza enpresa eta banketxetako espekulatzaile: Aski da!
Zaila dugu. Ez dago tartarik horrenbesteko lotsagabekorentzat!

Bilatu