EHU-ko irakalsea
Aurora

Gutunetan sinesten duen lagun batek bidalitako postalean ‘Aurora’ korazatuaren irudia eta «1917» gorriz azaltzen zen. Planifikatuta zegoen bezala, ‘Aurora’ itsasontziaren kanoikada batek markatu zuen Neguko Jauregiaren hartzearen hasiera Petrograden. «Ehun urte, eta oraindik honelakoetan sinesten al diraugu?», galdetzen zidan lagunak. Zertan sinetsi, ordea, matxinada-iraultzan edo sozialismorako bidean?

2017/12/17

Matxinadaren epikaren fetitxistek sarri jaramon gutxi egin ohi diote baldintza historikoei eta baldintza subjektiboen eta politikoen eraikuntzari. Teilatuan bandera jartzearen uneari erreparatzen diote, baina etxea eraikitzeko esfortzua gutxietsiz. Urriko matxinadak egun gutxiren bueltan boterea langileen esku utzi bazuen, ezin daiteke abstraitu gutxienez 12 urte lehenago hasi zirela mamitzen baldintzak. Altxamendura iritsi ahal izateko, luzez lan eta jardun politiko zabala egin behar izan zuten –langile, nekazari, populazio eta soldaduen artean komunikazio, formazio, eztabaida eta konbentzitzeko esfortzua alegia–. Gainera, horrelako gertaerak historiaren une oso zehatzetan gerta daitezke, non bektore ezberdinak gurutzatzen diren. Azkenik, matxinada hori arazo sozial eta politiko larri zehatzen aurreko erantzun praktikoa izan zen, programa osatzen zuten lau elementu nagusiek erakusten duten bezala: errepublika demokratikoa, zortzi orduko lanaldia, nekazaritza erreforma, eta Alemaniaren aurkako gerraren amaierako bide diplomatikoa. Puntu bat ere ez zen sozialista berez.

Iruditzen zait sozialismoaren inguruko formulazio asko, ia-ia boterea eskuratzeko forma instrumentaletan soilik zentratzen direla, eta neurri horren arabera eraldakuntza prozesu zein dinamika sozialen ebaluazioa egin. Bitartean, sozialismoaren alderdi utopikoa bigarren mailan uzten da; alegia, klaserik eta zapalkuntzarik gabeko eredu postkapitalistaz –desorekak gaindituko dituena– eta gizakiaren potentzialtasunak askatzeko aukeraz mintzatzen den edukia. Marxismo petrifikatua gogor kritikatu izan dute bai korronte feministek, bai ingurumenaren pentsalariek, bai garapenaren ikuspegi humanistek. Horrek guztiak utopia sozialista eguneratzeko eta aberasteko formulazioa ekarri du. Nazio zapalduen askapenerako prozesuak ortodoxian ez erortzeak ere lagundu du. Utopien indarra berreskuratu eta eraldaketa dinamiken lehen planora ekarri beharra dago. Baina utopiak gertuago daude, baldin eta bitarteko egitasmo eta oinarri gauzagarriak ezartzen badira. Hots, funts material, ekonomiko eta produktiboen gainean finkatu behar da utopia. Eta horretan balizko sozialismo egikaritzeek ahuldade, porrot eta egitasmo utopikoarekiko desbiderapen nabarmenak erakutsi dituzte.

Antsietateak baretu eta ikuspegi historikoari eusteko analogia bat ekar daiteke gogora. Feudalismotik kapitalismorako ibilbidea ez zen egun bakarrean gertatu. Ez zen XVII. eta XVIII. mendeetan Londres-Amsterdam-Paris triangeluaren istant batean piztu. Hiru mende lehenago kapitalismoaren lehen formak azaldu ziren Italiako hiri batzuetan eta porrot egin zuten. Hiru mende itxaron behar izan zen kapitalismoa sistema nagusi bezala hedatzen ikusten hasteko. Hasierako esperientzia horiek gabe ordea, pentsaezinak lirateke egungo kapitalismoaren forma helduago hauek.

Azken garaiotan, ordea, kapitalismo finantzario parasitarioak menderatu du kapitalismo industriala. Horren ondorio dira azken hamarkadetan finantza krisiak biderkatu izana munduan zehar. Azken krisiak munduaren zentroa bederatzi urteko krisian murgildu du, eta egoera okertzeko zantzuak daude. Ikusteko dago kapitalismoa parean dituen erronkei aurre egiteko gai izango den, edo erlazio produktibo eta sozial kapitalistak oztopo bilakatuko diren indar produktiboaren bilakaerarako. Une horiek bereziak izan daitezke, Karl Marx-en arabera une horietan zabaltzen baitira iraultza sozialerako aroak.

Erronka horien artean aipagarriak dira, esate baterako, erregai fosilen amaiera eta eredu energetikoaren eraldaketa osoa, horrek produkzioaren eta merkataritza internazionalizazioan eduki dezakeen galgatze-eraginarekin; planetaren baliabideen ustiaketa harrapakariak eta ingurugiroari dakarkion kalteak zalantzan jartzen du ereduaren iraunkortasuna, etorkizuneko belaunaldiei begira batez ere; eta azkenik, desoreka sozialen handitzea. Kontraesankorra da oso gizateria osoaren beharrak (Maslow-en ikuspegiaren aurka, Giza Eskalako garapenaren ikuspegitik infinituak ez direnak) asetzeko aukera dagoen garai historiko batean, erronka horiei erantzun arrazionala emateko ezintasuna logika kapitalistaren eta merkatuaren fundamentalismoaren aldetik.

Antzeko kontraesana aurreikus daiteke laugarren iraultza industrialari lotuta. Robotizazioa, digitalizazioa eta Adimen Artifiziala barneratzen dituen jauzi teknologiko honek eredu produktiboa sakonki eraldatuko duela aurreikusten dute hainbat prospekzio txostenek. Enpleguan izan dezakeen inpaktua ikusteko dago. Moody’s agentziak robot bakoitzeko sei lanpostu desagertuko direla dio; baina beste ikerketa batzuek gezurtatu egiten dute, desplazatuko dituen lanpostuak jarduera berrien sorrerarekin ordezkatuak izango direla esanez. Balantzea datozen hamarkadetan ikusiko dugu, baina azken urteotan industrian roboten hedapena azeleratzen ari da.

Bai Marxek, bai John Maynard Keynes-ek, kapitalismoaren ahalmen teknologikoaren miresleak biak, premia guztiak aseta egongo ziren oparotasun gizartea marraztu zuten. Marxek XIX. mendean irudikatu zituen ezagutzan oinarritutako ekonomia, baita burmuineko funtzioak asimilatuko zituzten makina automatak ere. Produktibitatearen hazkundeak zera ekarriko luke, sortutako aberastasunaren eta beharrezkoa izango den lan biziaren arteko desproportzio izugarria, eta egoera horrek derrigorrezko denbora libre ugari edo langabezia handia ekarriko luke, gatazka sozialak eraginez. Hau da, sistema kapitalistak biltzen dituen harreman produktiboek talka egingo lukete indar produktiboen garapenarekin. Keynes baikorragoa zen.

Bere ustez, oparotasunaren aukera honek gradualki egitura soziala eraldatuko luke lanaldia murriztuz. Bere iragarpena zen 2030. urtean asteroko lanaldia 15 ordukoa izango zela.
Obamaren administrazioak 2016an argitaratu zuen ‘Artificial Intelligence, Automation, and the Economy’ txostena ez da hain baikorra. Iraultza teknologiko eta produktibo honen ondorioz, milioika lanpostu desagertu, desoreka sozialak zabaldu eta populazio langabe eta txirotu multzo itzelak sortuko omen dira, gobernuek ez badute merkatuan esku hartzen. Aberastasuna sortzeko inoizko gaitasun handiena dugunean, gizakia lanetik libratzeko aukerak igartzen direnean, paradoxikoa dirudi pobrezia handitzea. Paradoxa baino, kapitalismoaren logika kontraesankorraren emaitza da ordea. Posible izan arren, erretzen ez diren bonbillak ekoiztea galarazten duen logika berbera. Zentzu honetan absurdoak dirudite egoera honi aurre egiteko luzatzen ari diren proposamen batzuk: robotei zergak ezartzea, errenta unibertsala… Ez da logikoagoa eta gizartearen kohesiorako osasuntsuagoa, lanaldia murriztuz lana banatzea?
Pentsa daiteke iraultza teknologiko honek kapitalismoaren kontraesanak gordinki azalarazi ditzakeela, kapitalismo finantzarioaren kalteekin metatuko liratekeenak. Erronka berriak, gizartearen eraldaketa beharrak eta aukerak ireki ditzaketenak.

Baina E egunaren zain egon beharrean, egunero eraldaketa sozial, politiko eta ekonomikorako baldintzak egosi daitezke. Lagungarriak dira ikuspegi horretatik ondoko bi aipamenak. Batetik, Rosa Luxemburgok ‘Erreforma ala iraultza’-z hausnartzerakoan gogora dakarkigu «erreformen, langileen baldintzak hobetzearen eta instituzio demokratikoen aldeko eguneroko borroka (…) bitartekoa dela eta iraultza soziala helburua». Bestetik, Karl Polanyi-k sozialismoa «bere kasa arautzen den merkatua gainditu eta modu kontzientean gizarte demokratikoaren menpe jartzeko gizarte zibilizatu baten joera atxikia» bezala definitu zuen. Premisa horien gainean badago baldintza, egitasmo, eredu berri edota konkistak eraikitzeko aukera ugari esparru ugaritan: kontsumo ereduetan, kooperatibismoan, gizartearen ahalduntzean, gobernantza eredu inklusiboetan, enpresetako eredu parte-hartzaile eta demokratikoetan, finantza sistema publikoaren defentsan, negoziazio kolektiboan, elkartasun eta komunitate kultura praktiketan… Ez dago zertan Neguko Jauregia hartzeko unea markatuko duen kanoi hotsaren zain egon. Egia esan, aspaldian utzi genion danbadaren zain egoteari, akaso konturatu gabe.

Artikuluak
Errose Erezuma, Itziar Lizarralde, Begoña Castillo, Nerea Zabala, Jose Luis del Val, Santiago González y José Luis Herrero
2018/12/16
Iñaki Egaña
2018/12/15
Gutunak
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
2018/12/14
Antón Altamirano y Pilar Corraleño | Delegadas de ESK Emergencias
2018/12/13
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2018/12/13
Fermin Zabaltza Aleman | Administrazioan Euskaraz Taldea
2018/12/13
Azken post-ak
Martin Garitano
2018/12/14
Koldo Campos
2018/12/13
Martin Garitano
2018/12/13