Iñigo Martinez Peña
Filosofia irakaslea

Hipermugimendua eta hipergeldiunea

Muturrezko hiperkonexioa eta antsietate digitala batzuentzat; gorputza arriskuan besteentzat: kutxazainak, erizainak, garraiolariak… Isolamendua bai, baina ziberkapitalismoak ustiatzeko gorputzak ere behar ditu

Teknologia bakoitzak istripu mota bat dakar. Itsasontzietan posible da urpertzea, elektrizitatea dela medio elektrokutatu gaitezke eta hegazkinen asmakuntzak aireko istripuak sortu zituen. Egungo bizimoduan mugikortasuna eta abiadura nagusi dira eta birusek abiadan bidaiatzen dute, biologikoak edo informatikoak izan. Bizimodu hipermodernoak bere neurriko (edo, hobe esan, bere neurrigabeko) istripuak pairatzen ditu, bere logikaren araberakoak.

Nahiago genuke, agian, birusen atzean esku beltz ezkutu eta konkretu bat identifikatzea, konspirazio bat. Jainkoak bidalitako zigorra, atzerritarren errua. Sekula ez dira horrelakoak falta izan historian zehar; sorginak bilatu izan dira behin eta berriz ezbeharren aurrean. Oraingoan, koronabirusa dela-eta, horrelako hainbat teoria eguneratu dira. Batzuk farmazeutikek sortutako gaixotasuna dela diote: txertoak saltzeko kutsatu omen dituzte hiritarrak. Beste batzuek etorkizuneko guda biologikoari begira gobernuek sortutako probak dira bizi ditugunak: Wuhameko laborategietan hirugarren mundu-gerra hasi ziren prestatzen. G.Agamben, italiar filosofoak, berriz, ustezko epidemia dela dio, gobiernen sainare: hemendik aurrera salbuespen-egoeran hartutako ezohiko neurriak erraz inposatuko dituzte.

Azalpen guzti horiek zeozer partekatzen dute: kopla-buruko bat, errudun bat. Eta, Santiago Alba Ricok esan bezela, erruduna izendatzea oso lasaigarria izan daiteke. Horrela, gaiaren konplexotasunak sinplifikatzeaz gain, zergati gizatiarra aurkitzen dugu. Hobe hori azalpen eza edo zoria baino! Zori itsuak erabateko zentzugabekeriara eramaten gaitu, hutsunera. Hutsunea, aldiz, berezkoa da gure bizitzan. Ezin ezabatu bertatik kontingentzia, istripua, hauskortasuna, babes falta. Eta koronabirusak sarritan alboratu nahi dugun horren aurrean jarri gaitu.

Baina, zoria eta kontingentzia ukatu gabe, istripuak badu bere testuinguru historikoa. Ezin pentsa, adibidez, Titanicen neurriko akzidentea Erromatar inperioaren itsasketa garaian! Koronabirusak hipermodernitateren marka dauka: hedapenaren bapatekotasuna, globaltasuna, abiadura. Fligthradar24 web orrian, planetan zehar airean dauden hegazkin kopurua zenbatu daiteke: zerua hegazkinez estalita egon ohi da. Azken hamarkadan urtero 6.000 milloi bidaiari izatetik 53.000 millo inguru izatera pasa gara, eta hipermugikortasun horrek mundu mailako fenomenoak sortzen ditu, baita birusak ere. Txinatik Italiara, eta Italiako iparraldetik Gasteizera: Forondako aireportuak Bergamo-Gasteiz konexio zuzena dauka... eta Gasteizen gaioxen kopuruak eztanda egin zuen egun gutxitan. Telebistako errealitate birtuala zena, gure errealitatea da dagoeneko, orain gure kaleak eta ospitaleak dira mundu mailako albistegietan agertutakoak. Horrekin batera informazioaren tsunamia gainera datorkigu, denbora errealean, ulertzeko eta galdutakoaren dolua egiteko tarterik gabe.

Gehiegizko turismoa, gehiegizko informazioa, gehiegizko abiadura, gehiegizko birusak, gehiegizko aglomerazioak edo gehiegizko bakardadea. Isolamendurako neurriek ere marka hipermodernoa daukate, berrogeialdi digitalak gure ohiko bizimodua muturrera darama. Ez al gaude nahiko isolaturik jada pantailen aurrean? Zoom, Netflix, Amazon, Facebook, Slack...aisialdirako edo lanerako gero eta gehiago erabiliak dira. Muturrezko hiperkonexioa eta antsietate digitala batzuentzat; gorputza arriskuan besteentzat: kutxazainak, erizainak, garraiolariak… Isolamendua bai, baina ziberkapitalismoak ustiatzeko gorputzak ere behar ditu.

Askok, dena den, berea arriskuan jarri dute zentzu humanitarioan. Bestelako elkarguneak asmatuko ditugu gure gorputzek lotzeko aukera berreskuratzen dutenan? Besteekiko begirada poliziala ahaztu eta elkarrekin egoteko gogoa piztuko da? Goizegi da oraindik erantzuteko. Etorriko ahal dira egun horiek! Bitartean besarkada luze bat gaixotasunaren sufrimendua gertu paraitu eta pairatzen ari direnei, bihotzez.

Bilatu