Iñaki Lejardi

Autobidean

Autobidean. Nork ez daki hauteskunde-politiko bezpera hausnarketa-jardunaldia deitzen denik? Nahiz eta, egia esan, ez dut uste bezperan ezer asko egongo denik hausnartzeko. Hurrengo eguna, astelehena orain, zoramen-eguna zein tristura-eguna izaten da. Hurrengoa, asteartea orain, berdin izendatu beharko litzateke: hausnarketa-jardunaldia. Arrazoi handiagoarekin dagokio. Emaitzak aztertu, neurtu, zein liteken hitzarmenak ebaluatuz joaten zaigu eguna.

Etorkizunak zer ekarriko digun inoiz ez dakigu esateak egindako esaldia dela ematen du. Gainera bizitzaren edozein arlotan erabil daiteke. Beti eskura dugun tresna bat bezala da. Komodin bat aizu! Kasua da orain dela urte asko, nik gidabaimena atera eta gutxira, 80a kendu nuela ia 40 urte dira jada, ezagun batek kontatzen zidala autobidetik gidatze hori oso erraza zela: karril bi dauden tokian oso erraza da; errepide orokorrean baino errazago. Hiru dauden tokian apur bat zailtzen da, baina nik maina hartuta dut: erdiko bidean kokatzen naiz eta aurrera jarraitzen dut. Kotxeren bat abiadura handian hurbiltzen bada, ni lasai ezkerretik aurreratuko nau eta. Motel doan bat edo autobidea uztea nahi duenen bat badago, eskuineko karriletik joango da. Multzoren batean aurkitzen banaiz eta aurreratu nahi balizkidate bozina joko dute zoli, baina ni lasai, gauza nirekin joango ez balitz bezala.

Baina gero hauteskundeen hurrengo eguna iristen da eta... Urteen igarotzearekin nire ezagun hura politiko trebe bihurtu da... dioooot, gidari: begira ze motel doazen eskuineko hauek. Hain motel ze haietako askok autobidea utzi beharra dute. Aurrerago berriz hartuko dute jada, orokorra, gehiengoa dabilen bidea, oso baldintza txarrean dago eta. Eta ezkerreko horiek, nora doaz abiadura horretan? Talka egingo dute! Ez dute ikusten bihurgune hauek peralterik ez dutela? Hau moderatuentzat eginda dagoela! Erditik hain ondo goazenarekin ez dut ulertzen nola dagoen jende hain zentzugabea.

Bilatu