Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Autogobernua neurtzen

Erregionalismoari buruzko hainbat ikerketak munduan zehar deszentralizazio prozesuak biderkatzen ari direla antzeman dute. Hooghe eta Marksen 2001eko ‘‘Multi-level governance and European integration’’ ikerketaren arabera, Europar Batasuneko herrialde bakar bat ere ez da zentralizatuagoa bilakatu 1980z geroztik. Kontrara, estatu askotan eskuduntzak deszentralizatu egin dira erregio mailako gobernuetara, baita tradizio oso zentralistako estatuetan ere –Frantzia, Erresuma Batua…–.

Erregionalismo (behetik gorako eskakizuna) eta erregionalizazio (eskala zentraletatik abiatutako deszentralizazioa) fenomeno horien arrazoien artean, estaturik gabeko nazioen eskakizunez gain, politika publikoko hainbat esparrutan eraginkortasun operatiboa irabazi nahia argudiatzen da. Hots, esku hartze publikoaren formula batzuk efizienteagoak dira eskala erregionalean aplikatzen badira. I+G+b politikak, formazioa eta hezkuntza programak, azpiegitura publikoak, nazioarteko marketin estrategiak eta zenbait zerga-politika, besteak beste, eraginkorragoak dira sare instituzional erregional eta lokalek diseinatzen badituzte. Horren isla praktikoa da kluster politika, berrikuntza politika edota landa eremuko garapen politikak erregio mailan sustatzen ari direla europar erakundeetatik, estatu mailan baino.

Argudio horretan sakonduz, Europako Erregioen Asanbladak 2016an egindako ‘‘From Subsidiarity to Success: The Impact of Decentralisation on Economic Growth’’ txostenean, ondorioztatzen da herrialde baten errendimendu ekonomikoa hobetu daitekeela, baldin eta, erregioek eragin handiagoa badute Estatuaren gain; erregioek estatu-mailarekiko independentzia handiagoa badute; finantza baliabide eta eskumen gehiago bideratzen badira erregioetara; eta eskuduntza eta gaitasun gehiago badute aisialdirako eta kulturarako, azpiegituretarako, hezkuntzarako eta ikerketarako, eta osasunaren arretarako.

Txosten horren iradokizuna da estatuetako gobernuek kanpokotasun efektu edota eskala ekonomia garrantzitsuak dituzten arloetan zerbitzuak ematean soilik zentratu beharko luketela, gainerako arloetan politika orokorra ezarri eta betetzen dela gainbegiratzen duten bitartean. Beraz, gainerako eskumen guztiak, bai erabakitzekoak (botere legegilea) bai betearaztekoak (botere betearazlea), nazioz azpiko agintaritzei egokitu beharko litzaizkieke.

Aipaturiko txosten horrek Europako 26 herrialderen deszentralizazio maila neurtzen du 285 erregiotan 185 aldagai ezberdin aztertuta. Deszentralizazio indize orokor altuenak dituzten estatuak, hurrenez hurren, Suitza, Alemania, Belgika eta Estatu espainiarra dira. Alderdi formalak alderatzen baditugu, eta ekonomia, hezkuntza, ikerketa, azpiegitura, migrazioa, gizarte-zerbitzuak, osasun-politikak… bezalako eremuetan erabaki politikoak hartzeko eta gauzatzeko botereari erreparatzen badiogu, Estatu espainolak postu bat atzera egiten du, estatutu berezia duten Italiako erregioak gailentzen baitzaizkio. Finantza arloan zergak diseinatzeko eta esleitzeko eskumenari, zorrei eta pizgarriei erreparatzen badiegu, berriz, 6. postura egiten du atzera.

Ikus daiteke, hortaz, Estatu espainola baino herrialde deszentralizatuagoak egon badaudela. Sarri esan ohi da Hego Euskal Herriko autonomi-erkidegoek (finantza) autonomia maila altuena dutela Europan. Egia esan, horixe neurtzea ez da erraza, autonomia edo subiranotasun maila dimentsio anitzekoa izanik, adierazle bakarrean sintetizatzea zaila delako. Gainera, aparteko egoeretan ematen diren gertaera batzuek hobe erakusten dute benetako autogobernuaren tamaina, koronabirusarekin argi geratu zaigun bezala.

Munduko autonomia mailarik altuena dugu? Erantzun erraza da esatea munduan badaudela 194 herrialde autogobernu maila altuagoa dutenak, Nazio Batuetan dauden estatuak hain zuzen ere (Palestina salbu). Baina alderaketa estatu azpiko eskalekin edo erregioekin egiten badugu, zein tokian gaude? Galdera horiei erantzuteko erreferentzia dira Hooghe, Marks eta Schakelen 2009ko ‘‘The rise of Regional Authority’’ eta Hooghe, Liesbet, Gary Marks eta beste autore batzuen 2016ko ‘‘A Postfunctionalist Theory of Governance. Volume I: Measuring Regional Authority’’ ikerketak. Azkenak 65 estatutako 231 erregio/probintziaren autonomia maila aztertzen du.

Lan horietan bi deszentralizazio dimentsio definitzen dira, irizpide kualitatiboen arabera neurtzen direnak: alde batetik, autogobernua (self-rule) deiturikoak neurtzen du erregioko gobernu batek zein mailatan jardun dezakeen botere zentralaren esku sartzeetatik independentea den agintaritza batean, bost elementu baloratuz: autogobernuaren sakontasuna (deszentralizazio hutsa edo betorik gabeko autonomia maila den), politiken esparrua (ekonomia, kultura, hezkuntza, ongizatea, polizia, udalgintza, immigrazioa eta herritartasuna), zergak (zerga garrantzitsuetan oinarriak eta tasak ezarri ahal izatea), zorpetzea (administrazio zentralak mugak, baldintzak eta baimenak ezar ditzakeen) eta instituzio formalak izatea (legebiltzarra eta botere exekutiboa). Beste aldetik, gobernu partekatua (shared-rule) izenekoak, estatu mailako erabakietan erregioek zenbateraino parte hartzen duten neurtzen du, bost arlotan: ahalmen legegilea, exekutiboaren kontrola, kontrol fiskala, zorpetze kontrola eta Konstituzioaren erreforma. Bi dimentsioen uztarketaz osotzen da Regional Authority Index (RAI) rankinga.

Hala ere, erabilitako metodologia oso eztabaidagarria da, 20 galdera sinple kualitatiboren gainean eraikita baitago, subjektibitateari tarte handiegia irekiz eta inkongruentzia asaldagarriak sortaraziz. Esate baterako, 2009an Hego Euskal Herriko bi erkidegoek gobernu partekatuaren dimentsioan 1,5 puntu lortzen zituzten, eta, 2016ko ikerketan, ordea, 10,5 puntu. Ikerlariak, 2009an ez bezala, determinatu zuen Gobernu Zentralarekiko zuzeneko kontrol mekanismoak, Konstituzioaren beto eskubidea edo erreforma mekanismoak ditugula. Egia ez dena.

Interesgarriagoa zaigun dimentsioan, autogobernuarena hain zuzen, Hego Euskal Herriko bi erkidegoek 15 puntu lortuko lituzkete, eta rankingean 12. postuan leudeke. Autogobernu maila altuagorekin Suitzako kantoiak, Kanadako Quebec eta beste bederatzi probintziak, Danimarkako Faroe uharteak eta Groenlandia, Finlandiako Aland irlak, Ameriketako Estatu Batuetako 50 estatuak, Bosniako Serbiar Errepublika, Greziako Atos eskualdea, Alemaniako hamasei landerrak eta Australiako sei estatuak ei daude. Hortaz, ikerketa horien arabera, ez dugu munduko autogobernu maila altuena. Dena den, beste galdera bat askoz emankorragoa da: herri bezala bizirauteko, hizkuntza eta kultura sendotzeko, gizartearen ongizatea ziurtatzeko eta hobetzeko, edota gure erronkei aurre egiteko, zeintzuk dira behar ditugun tresnak, zein da behar dugun autogobernu maila.

Bilatu