Gontzal Fontaneda
SOS Iruña-Veleia, Iruña-Veleia Martxan eta Martin Ttipia elkarteen izenean

Azaroaren 19a Iruña-Veleiaren eguna

Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Araba Herrialdeko Auzitegian, eta honek gaitzetsi eta epailearen sententzia mantendu zuen egitate «frogatuak» direla esanez

Iruña-Veleia Arabako Foru Aldundiaren jabetzako aztarnategi arkeologikoa da. 2002az geroztik Lurmen S.L. enpresari esleitu zion induskatzeko, zuzendari Eliseo Gil zelarik. 2005 eta 2006an ezohiko grafitoak zeuzkaten piezak agertu ziren: irudiak, hieroglifoak, latinezko, grekozko eta euskarazko testuak.

Ezustea, batetik eta zalantza ulergarriak, bestetik, 2008an Aldundiak "Batzorde Zientifiko Aholkularia" eratu zuen. Bere azken bilera 2008ko azaroaren 19an egin zen. Amaitu eta minutu batzuetara, Aldundiak talde arkeologikoari "gaizki kudeatutako proiektu arkeologiko bat" egin izana leporatu zion eta aztarnategitik kanporatu zuen,nahiz eta bi txosten bakarrik jasoak zituen (beste hamarrak egun edo aste batzuk beranduago sartuko ziren);bilerakide guztien adostasunik gabe, gehiengorik gabe, eztabaidarik gabe, inork frogarik aurkeztu gabe, teoriak eta iritziak bakarrik. Aldi berean, hedabide-kanpaina bat hasi zen aurkikuntzari eta talde arkeologikoari izen ona kentzeko asmoz, faltsutzeaz hitz eginez etengabe, inolako frogarik gabe, zenbaiten titulu politiko edo akademikoetan oinarrituta soilik.

Eta Aldundiak, arazoari irtenbidea bilatzeko,grafitoak noiz grabatu diren zehazteko laborategi zientifikoetara jo beharrean (beste guztietan egiten den bezala), Eliseo Gilen aurkako salaketa jarri zuen epaitegian, 2009an.

Hamaika urte iraun zuen ikerketa judizialak eta 2020an egin zen ahozko epaiketa. Epaiak Eliseo Gil kondenatu zuen. Eliseo Gilek Araba Herrialdeko Auzitegian helegitea aurkeztu zuen, baina auzitegi honek atzera bota zuen 2021ean.

Eliseo Gilek Auzitegi Konstituzionalean babes-helegitea aurkeztu du "bere eskubide konstituzionalak eta babes judizial eraginkorraren eskubidea urratu direlako". Hona hemen Eliseo Gilek eta aurkitutako grafitoek Arabako epaitegietan jasan duten defentsa-gabeziaren adibide batzuk.

Epaitegiak ez zuen egin aurkikuntzen zaintza judiziala: aztarnategia ez zen inoiz zigilatu eta aurkikuntzak ez ziren inoiz auzitegiaren esku egon, beti salatariaren (Aldundiaren) arkeologia-museoan egon dira. Horrela, 2012an instrukzio-epaitegiak Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari aditu-txostena eskatu eta aztertzeko hogeita hemeretzi pieza eman zizkionean, horietatik zortzi beste bi laborategiren eskuetan egonak ziren aurretik, 2008 eta 2009an, baina epaitegiak ez zekien, zaintzarik gauzatzen ez zuelako. Aipatutako txostenean oinarrituta, epailearen sententziak hogeita hamazortzi pieza manipulatu zirela adierazten du, horietatik zazpi lehenago beste bi laborategi horien eskuetan egondakoak.

2020an, ahozko epaiketan, arkeologia-museoko bi zaharberritzailek zera testigatu zuten: “Iruñako zeramikazko kutxak gure zerbitzura sartu ziren garbitzeko, eta garbitzen hasi ginen. Hogei bat kutxa ziren. Bigarren kaxa garbitzen ari ginela mokoan adartxo bat zuen hegazti bat agertu zen zeramika batean. Aurrez, grafitoren bat agertuz gero museoari berri emateko ohartarazi ziguten, eta horrela egin genuen. Piezak hartu zituzten. Ez ditugu berriro ikusi ez garbituak ez garbitu gabeak”. Epaitegiak ez zuen testigantza hori jaso ere egin, sententzian ez baitira kutxa horiek aipatu ere egiten. Epaileak aukera izan zuen kutxa horiek eskatzeko, garbitu gabeko piezak aztarnategitik irten zirenean bezala egongo baitziren.

Bestalde, epaiak hauxe aitortzen du, “ez da behar bezala frogatu berak[Eliseo Gilek] grafitoak bere eskuz egin zituenik”, eta hainbat aldiz errepikatzen du: “berak [Eliseo Gilek]edo bitartekoen bitartez egin zituela”. Hortaz, epaiak berak Eliseo Gil errugabea dela adieraztendu, “behar bezala frogatu gabe” berak ez zuelako grafitorik egin, ezta “bitartekoen bitartez”; existitzen ez direlako, ez direlako identifikatu, hamaika urtean inor auzipetu edo deklaratzera deitu ez dutelako, ezta  "bitarteko" asmatu berri horiek bilatzen saiatu ere. Baina epaiak Eliseo Gil kondenatu zuen.

Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Araba Herrialdeko Auzitegian, eta honek gaitzetsi eta epailearen sententzia mantendu zuen egitate "frogatuak" direla esanez. Auzitegiak ere ez zituen zaharberritzaileen epaiketako testigantzak behar bezala entzun, ezta epailearen epaia behar bezala irakurri ere.

Herrialdeko Auzitegiak hauxe argudiatu zuen: "objektuen ardura Aldundiak bakarrik har zezakeela eta hartu behar zuela, auziaren Instruktorearen kontrolpean", "instruktorearen kontrolik” ez zegoela begi bistakoa denean, pieza batzuk beste laborategi batzuetan egon zirelako, Eliseo Gil salatzeko balio izango zuen aditu-txostena burutu aurretik.

Aurkikuntzak zaintza judizialaren menpe egon beharrean “auzi-jartzailearen” eskuetan egotea, honelaxe defendatzen zuen auzitegiak: “ez dago arrazoi jakinik aurkikuntza batzuk amarruz gutxiesten saiatzeko. Auzi-jartzailearentzat ez zen ezer pozgarriagorik izango benetakotasun hori berrestea baino, Iruña-Veleiako aztarnategia leku erakargarri bikaina bihurtuko zuelako herrialdearentzat”. Argudio hau iritzi pertsonal hutsa da, eta sinesgaitza: norbaitek kereila jartzen badu irabazi nahi duelako da, horixe du “pozgarriena” harentzat, horretarako aurkeztu du. Aldundiak benetakotasuna nahi izan balu, laborategi zientifiko serioetara joko zukeen (beste guztietan egiten denez), auzitegian korapilatu beharrean.

Itxaron izatekoa da Auzitegi Konstituzionalak Eliseo Gilen babes eskeko helegitea onartzea eta behar bezala irakurtzea eta entzutea.

Bilatu