Josu Naberan
Idazlea

Azeri dantza

Oraingo «krisian» argi eta garbi gelditu da hainbat pribatizaziok eta deslokalizaziok izan duen eragin makurra Covid-19aren garapenean.

Covid-19 eta gero? Hamazortzi, hamazazpi... Azeri Dantza noiz hasiko zain. Laster. Baina lehenik, berrogeialdi honetan irakurtzeko eta gogoeta egiteko beta izan dugunez, irakurri berri dut gogoeta fin eta sakonik, baina baita «filosofo» izenarekin sinatu dutenen sasi-filosofoen zenbait tesi ere.

Halakoren batek dio ba ze, oraingoan argi ikusi dela Estatuaren garrantzia Merkatuaren protagonismoari aurre egiteko; eta beste batek, ordea, Estatuak gainditu eta nazioarteko (estatu-arteko) erakunde bati eman behar zaiola bide. Filosofo horietako bata nahiz bestea «Estatu-nazioaz» mintzo dira, noski, eta ez dute aipatzen, ez eta bereizten ere «Herri-nazioa». Ezta sumatu ere honek izan dezakeen berebiziko garrantzia salbuespen egoeretan. Izango dira filosofo ospetsu euren etxeetan, baina haien tesiak ez dute balio euskal herrirako. Hemen badugulako eskarmentua.

Azaltzera noa orain Azeri Dantzaren «misterioa». Inauterietako dantza dugu. Baina nik Aurelio Artetaren koadroan irudikatuta ikusi dut, eta hari begira orduak eman. Korru-dantza edo «Artolateko» deritzana ageri da, neska-mutilak korru ederrean dantzan. Eskuineko zokondoan, baina lehen planoan, agure bat dago jesarrita, eskuan ardo edo garagardo pitxerkada duela, haluzinatzen; bere emaztea haren atzean, eta beste morrosko bat erdi-txispatuta.

Baina adi. Eskuinerantz lasai asko zihoan korruaren erdigunean nobedadea dago: neska batek oina ezkerrerantz abiatu du, eta tiraka, talde guztia ezker-bidean jartzeko zorian jarri: hasi da Azeri Dantza.

Covid-19ra itzulita, dantza horretan baten batzuek orkatila trokatu dute. Iñigo, Arantza..., hobe duzue garagardotara, zeren argi utzi baituzue Confebasken mende ihardun duzuela etengabe, nahiz eta aho txikiarekin osasuna erdigunean jarri behar dela esan. Ohituta gaude, zoritxarrez, osasuna lan «produktiboaren» aldarean sakrifikatzen; baina horrela izan behar al du beti? Oraingo hauxe da aukera, baten batzuek oina zoruan tinko jarri eta ezkerrerantz tiraka hasteko.

Egunotan adostasun eta bake-mezuak ere entzun ditugu ezkerrerantz doan taldearen aldetik, egoera «hau» dela eta. Kondena eternalik ez korru-dantzan orkatila trokatu zaienentzat, beti gelditzen baita damurako atea. Baina kondena eternala kapitalismo-gune edo disko gogorraren eledunentzat (Confebask, etab.) Nagusi dugun sistema bera eta haren bozemaileak ez dira damutuko, ez, baizik eta beraien gustuko «re-estructuración» basati bat berrantolatzeko asmatzen hasiak dira honez gero. Oraintxe dugu aukera haien kontrako kondena gogorki plazaratzeko, erdibide edo epelkeriarik gabe. Haien kondena eternala ala geure buruen akabua, horixe daukagu.

Oraingo «krisian» argi eta garbi gelditu da hainbat pribatizaziok eta deslokalizaziok izan duen eragin makurra Covid-19aren garapenean. Arlo guztietan pribatizazioa eta deslokalizazioa, hots, hurrenez hurren, negozioa eta murrizketa besoz beso (debraziatuta). Ba al dago zer edo zer egiterik jarduera horien kontrola exijitzeko, erantzukizunak barne? Herri-kontrolik gabe, halako egintzen kainoi-bazka izaten jarraituko dugu. Ondorioak eta kosteak ordaintzen dituzten paganoak, behin eta berriro.

Kontrola aipatu dudanez, zein nazka gure agintarien kontrol zaletasuna. Norbere etxetik lana erruz (normalean baino halako bi) egitea nahikoa ez dela iritziz, irakasleak ikastetxetara joanarazi nahian dabil Hezkuntza saila, Inspekziotik ekin eta ekin. Zertara baina? Masmau-sareak garbitzera? Zein gustuko duten kontrola kontrolagatik. Edward Snowden, orain Errusiaren babespean bizi den CIAko agente-ohiak zera azaldu zuen bere liburuan: AEBen gobernuak, terroristen kontra zela-eta, milioika dolarren aurrekontua bere herritarrak kontrolatzeko erabiltzen zuela.

Bada, «hau dela eta», kontrol-sistema areagotu egin da, eta egingo da, atzera bueltarik gabe. Zaila da gero kontrolatzaileak eskua laxatzea. Eguneroko bizitza normalean gutxi bailitzan: mugikor, ordenagailu eta abarren bidez geo-lokalizatuta dauzkate gure ibilbideak, zaletasunak eta bizitza «pribatua». Hori bai pribatua publiko bihurtzea. Tira, alderantzizkoa ere posible delako itxaropena geratzen zaigu. Nire ustez, belaunaldi berria ez da jabetzen fenomeno honen garrantziaz; eta gu, eskuin nahiz ezker izan, ez gara jabetzen Estatuak eta honen atzean dagoen «Estatu Sakonak» gure gain duen botereaz. George Orwellek ere ez zuen asmatuko halako kontrol absolutorik.

Hemen, oraingoan ere, «autonomien» kontrolaz jabetzea izan da lehen urratsa «hau» dela eta. Eta militarismo nabarmena. Inozo honek zera galdetzen dio bere buruari: ikusita zein kaltegarria den sistema hori, zergatik ez, «hau dela eta», alderantzizko esperimentua behingoz? Hots, nazioen, komunitateen eta auzoen esku uztea ekimena? Ziur Marlaskak eta beronen estatu polizialak baino hobeto burutuko luketela. Baina hori ez litzateke bertokoen gustukoa ere. «Hau» bukatzean, zein izango da berratolaketaren gidari? Seguru PNV izango dugula hemen gidari, oraingoan argiegi erakutsi baitu muturra.

Eta hasi naizen bezala, Azeri Dantzarekin bukatuko dut. Nire ustez, horrexek ematen dio zentzua gure bizitzari, eta serio diot. Izan ere, plaza jakin batetara gatoz mundura; eta plaza horretan aukera batzuk besterik ez ditugu. Aukera horiez, hots, Azeri Dantzaren unean uneko momentuez baliatu behar, mundu hobeago bat eraiki nahi badugu. Covid-19 da oraingo momentua, latza baina aldatzeko aukera ematen diguna: stop pribatizazio, murrizketa, kontrol neurrigabeko eta kolonizazioari. Eta gure balio tradizionaltzat ditugun auzotasun eta naziotasunaz baliatu, defentsa nahiz kontra-atakerako.

Ondoren, Covid-19ak damaigun Azeri Dantzaren gune honetan gure ahalegina eginda, Etse Goienera lasai itzultzeko moduan gaude.

Bilatu