Aritz Ibarrola
Donostiako ezker abertzaleko kidea

Azken hileotako gertakariez hausnarketa

Idatzi honen helburua, egoera politikoaren gaineko hausnarketa zabala konpartitzea da.

Lehenik eta behin, azken hileotako gertakariei so eginez, aipagarria suertatzen da Euskal Herriko gatazka politikoak abagune historikoa bizi duela, eta inork ezin du ukatu, Euskal Herrian behintzat, konponbiderako aukera handia dugula esku artean. Borondaterik behintzat ez da falta euskal herritar gehienon partetik. Duela hilabete batzuk jada, Aieteko Nazioarteko Konferentziak konponbiderako ibilbide orria mahai gaineratu zuen, baita euskal herritar gehienon babesa jaso ere. Eragile jakin batzuek, urrats oso esanguratsuak eman dituzte ibilbide orri horrek zehazturikoaren norabidean.

Hala eta guztiz ere, gatazkak sortu dituen ondorioak konpontzeko saiakera gardena egiten ari garen honetan, aspaldiko errezeta zaharrak jasaten jarraitzen dugu; mehatxuak, errepresioa, atxiloketak, torturak, debekuak... Zer dela eta?

Ibilbide orriaren bigarren zatian, hots, gatazkaren mami politikoari (Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea) dagokionean, elkarrizketa politikoa ekidin nahian tematurik jarraitzen dute sektore ezberdinek. Elkarrizketak abiarazteko zenbaitek ezarritako aurrebaldintzak guztiz bete direnean, baldintza horiek aitzakia hutsa zirela argi geratzen ari da euskal jendartearen begietara. Zentzu horretan, egiteko asko dugu datozen garaiotan karril horri bultzada eman eta abioan jartzeko. Eragile politikoetatik harago, eremu herritarretik ere bultzada egitea guztiz beharrezkoa izango da zenbait eragile politikok konponbidea beste behin blokea ez dezaten. Gure ustez, garrantzitsua da behintzat, gatazkaren ondorioen konponketa beharrezkoa dela gehiengo batek konpartitzen duen bezalaxe, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen gehiengo zabala handitzen eta handitzen jarraitzen duela gurean.

Euskal Herriko gatazka politikoaren konponketa baina, ez da irla isolatu bat mundu mailan ematen diren bestelako gatazka eta fenomenoen artean. Esaterako, mundu mailako krisi sistemikoak eta bere ondorioz zenbaitek hartzen dituzten erabakiek eragin itzela dute gure herriaren garapen eta etorkizunean.

Espainiar Estatua krisi egoera larrian dago, ekonomikoki, baita politikoki ere. Erreskate eta neurri murriztaile guztiek subirautzaren galera dakarte berekin. Batez ere, politika egiteko eta eredu propioak garatzeko ahalmenaren murrizketari dagokionean. Hortaz, boterea europar merkatu librean agintzen duten gutxi horiengan zentralizatzeko asmoak egikaritzen ari dira.

Euskal Herrian, gehiengo zabal batek subiranotasun politikoa aspalditik aldarrikatu izan du. Herria sozialki eta ekonomikoki guk erabaki moduan eraikitzea da gakoa, eta orain, justu kontrako norabidean doazen erabakiak hartzen ari dira Madril eta Europatik. Subiranotasun ezak, espainiar Estatuarekin batera ondoratzera garamatza hegoaldeko euskaldunok. Inoiz baino nabarmenago, subirautza politikoa herri beharrizan nagusia da euskaldunontzat.

Alabaina, Euskal Herrian egoera honi aurre egiteko mugimendu zabala antolatzen hasi da duela urte gutxi. Helburu estrategiko komunak oinarri, indarrak batu eta aliantza estrategikoak gauzatu dira egungo egoera politikoan beharrezkoa dugun burujabetza politiko eta ekonomikoa lortzeko. Burujabetza, egungo eredu agortua aldatu eta justizia sozialean oinarrituriko jendarte euskaldun parekidea eraiki ahal izateko.

Egun, indar metaketarako egindako esfortzu horrek geroz eta babes zabalagoa duela baiezta dezakegu. Herri honen etorkizunerako erreferentzi nagusia bilakatzeko bidean doa, indar metaketa eta babes soziala handitzen baitoa.

Parez pare, orain artean herri honen kudeaketa instituzionalean jardun dutenak, orain arteko eredu bera mantendu nahian dabiltza. Porrot egin eta galbidera garamatzan eredu bera hain zuzen ere. Lehengo lepotik burua batzuek.

Zentzu horretan, pentsaezinak ziren jarrera eta ekimenak gauzatzen ikusi ditugu orain arteko status quo-a mantentzearen izenean. Esaterako, zer dela eta Aieten parte hartu zuen PNVren kobertura, laguntza emate eta mezu ulerkorrak PPren oldarraldi errepresibo eta inmobilismoaren aurrean? Zer dela eta PP eta PNVk Kutxen eta Kutxabanken etorkizunean parte hartzea ukatu Bilduri eta azkar batean Kutxen pribatizazioa burutu? Zer dela eta PP-PNV-PSOEk blokea osatu, hondakinen gaiarekin iskanbila politiko artifiziala eraginez? Zertarako San Markoseko ordezkaritza aldatu eta Bilduren aurka zentsura mozioak adostu? Zer dela eta eskaini dio bere laguntza osoa PNVk Raxoyri erreskatearen aurrean? Zer dela eta egiten dute bat hiru alderdi hauek presoen pelikula baten kontra, adierazpen askatasunaren kontra, ilegalizazioaren mamua berriro ere elikatuz? Zer dela eta egin dute bat teknikoki hain argia zen Donostiako autobus geltokiaren aferan? Zer dela eta geratu ziren mutu PSOE eta PP Bidegin PNVk utzi zuen zulo ekonomikoa eta kudeaketa desfasea argitara atera zirenean?

Elkarri laguntza ematen ari dira, eredu politikoa bera bere horretan mantendu dadin; «nik zuri hala lagunduko dizut zuk beste horretan hala jokatzen baduzu...». Berdin du gatazkaren konponbidean izan, edota bestelako gai sozialekin izan. Eta gure ustez, aipagarria da oso, joko horretan hainbat hedabidek betetzen duten papera. Gezurra eta manipulazioa lotsagabe baliatuz, egunero egunero, errealitateak desitxuratu, ezkutatu edota asmatu egiten dituzte interes politiko eta ekonomiko jakinei erantzunez.

Hausnarketa egitera gonbidatzen zaituztegu, etorkizun hurbilean emango diren gertakizun ezberdinak, hemen azaldu ditugun logiken baitan emango diren edo ez aztertu eta balora dezagun.

Bilatu