Maitane Dorronsoro

Azken soinekoa

Gerrateetan hiltzen, zauritzen, migratzen eta sufritzen duten milioika pertsonaz paso egin ahal daiteke? Argi izan behar dugu burutzen den propaganda guztiaren atzean (edo burutzen ez denaren atzean ere), pertsonez ari garela.

Body painting teknika, telaren aurrezkia, lentejuelak... Aspaldi hasi ziren Cristina Pedrochek urtea agurtzeko erabiliko zuen aurtengo soinekoaren inguruko hikamikak. Abendua hastearekin batera, «fashionistak» haien ezkutalekuetatik atera eta sare sozialetan loratu ziren. Azkenean, niregan ere jakinmin ergel hori piztea lortu zuten eta, 31 gauean, aurkezleak soinean zer eramango asmatzen saiatu nintzen.

Pedrocheren telebista katea jartzean, etxeko guztiak arritu ginen haren janzkera ikustean: edredoi tankerako tela astuna, hainbat soka eta errotuladorez idatzitako esaldiz apainduta. Eskuineko ertzean «Unicef» irakurritakoan, kopeta zimurtu besterik ez nuen egin, eta jarraian zetorrenari itxura txarra hartu nion.

Agidanez, edredoia ez ezik, Pedrochek hainbat errefuxiatuek erabilitako kanpadenda zeraman gainean, eta ukrainiarren aldeko berritsukeria ahotik zeriola, katez aldatu nuen. Pribilegiodun pertsonek besteen borrokaz dirutza lortzeak guztiz sumindu ninduen arren, erraz ulertu nuen haserraldi horrek besteengan nola eragin dezakeen.

Izan ere, Ukrainiar gerraren ondorioz burutu den propaganda guztiak nekatu gaitu. Nahiz eta albistegietan eta prentsan agertzen diren argazki katastrofiko guztiek hunkitzen gaituzten, aspaldi beldurtzen gaitu Kontsumorako Prezioen Indizeak armagintza nuklearrak baino gehiago. Urtebete luzez, Putinen aurkako hitzarmenak, manifestazioak eta hitzaldiak ikusi ditugu, guk geuk zuzenean ezer egin ezin dugula jakinda. Hasieratik dakigu gerraren amaiera eta biktimen sufrimendua ez dagoela geure esku eta, hala ere, Pedrocheren tankerako pertsonaia publikoek gutako norbaitek sarraskia geratuko duen esperoan daudela dirudi.

Are gehiago, horrelako pribilegiodun pertsonek guregan haien itxaropena jartzeak sentsibilizazioaren aurkako jarrera sustatzen du. «Sentsibilizaziorako jarduerak» burutu arren haien pribilegioak planto egiteko erabiltzen ez badituzte, eredu bilakatu beharrean persona non grata bihurtzen dira. Gizarteak, haien hipokresia argi eta garbi ikustean, defendatzen duten borrokaz paso egitea erabakitzen du, haien kontzientziarako interesak boikoteatzeko asmotan.

Baina, gerrateetan hiltzen, zauritzen, migratzen eta sufritzen duten milioika pertsonaz paso egin ahal daiteke? Argi izan behar dugu burutzen den propaganda guztiaren atzean (edo burutzen ez denaren atzean ere), pertsonez ari garela. Tamalez, gaur egun ere, interes ekonomiko eta politiko jakin batzuk direla medio jendetza hiltzen da. Eliteek sortzen dituzte gerrak, eta eliteak berak aberasten dira haien eskuz sortutako tormentuaz. Ez diezaiegun gure ikusmira lausotzen uzten: guk geuk dugu haien aurka borrokatzeko indarra, aukera eta boterea. Gerrateen amaiera ez du urtezahar-gaueko soinekoak ekarriko: guk geuk lortuko dugu, eliteen suntsipenaz.

Bilatu