Azkoitiko San Jose egoitzako eskubide urraketen beste kapitulu bat
Honela sintetizatu daiteke egoitzako gaur egungo zaintza eredua: etekinak azpikontratatutako enpresentzat dira, instituzioek beren ardurei ihes egiten die, eta galtzaileak egoiliarrak, langileak eta orokorrean gizarte osoa dira
Argi dago Azkoitiko San Jose Egoitza zeresan handia ematen ari dela azken urte hauetan, eta ez hain zuzen ere bere funtzionamendu eta zerbitzu txukunagatik, alderantziz, bertako egoiliar, hauen senide eta egoitzan lanean aritzen diren langileen kexengatik. Hala ere, deigarriena, egoera onartezin honi benetako irtenbidea aurkitzeko Azkoitiko Udal Gobernuaren eta Gipuzkoako Aldundiak azaldu duten utzikeria eta interes ezak dira.
Pasa den hilean, apirilean, San Jose egoitzako arduradunek hartutako erabaki batzuk, berriro ere, zer esan handia eman dute herrian, horien eraginez bertako bost langile gutxienez kalean gelditu baikara. Horren ondorioz, kalean bolo-bolo dabiltza gai honi buruzko zenbait kontu eta bertsio oker. Hori horrela, neurri horiek direla eta, ni, lehen pertsonan, kaltetua izan naizenez, idatzi honen bitartez azkoitiarroi adierazpen batzuk egitea pentsatu dut, jakin dezazuen benetan zer gertatu den nire kasuan, gaiari buruz dabiltzan bertsio interesatuak eta erdi egiak behingoz alde batera utzi eta, bide batez, egoitzako langileen lan baldintza larriak salatzeko.
Niri, San Jose egoitzan lanean aritu naizen bederatzi urte eta erdietan, 16 kontratu egin dizkidate, iazko urrian amatasun-baja hartu nuen arte, horietako bat hiru egunekoa zelarik. Amatasun-bajan nengoen bitartean, abenduaren 31n, momentu horretan nuen urtebeteko kontratua bukatu eta kalean geratu nintzen. Hori zela eta, nire zuzendariarekin harremanetan jarri nintzen beraien asmotaz jakiteko. Erantzuna, momentu horretan amatasun-bajan egonik ezin zidatela kontratu bat egin izan zen, baina lasai egoteko, gero ere lan faltarik ez nuela izango eta. Ondoren, urtarrilaren 18an, berriro ere, neure zuzendariarekin jarri nintzen kontaktuan, arazo pertsonalak nituela eta, otsailaren 21ean amatasun-baja amaitzen zitzaidanez, segidan kontratua egin beharrean, apirila 1era arte itxaron zezan eskatuz kontratu berria egiteko. Ez zidan inolako eragozpenik ipini, eta lasai egoteko esan zidan, nik eskatuta bezala egingo genuela eta. Izan ere, beti entzun izan dut, egoitzako arduradunek nirekin kontatzen zutela berriro ere bertara lanera bueltatzeko. Hori horrela, ez nuen inolaz ere zalantzan jartzen, nire bajarekin amaitu ondoren, apirila hasieran, egoitzara itzuliko nintzela nire lanarekin jarraitzeko. Bitarte horretan, martxoaren 16an, egoitzako nire zuzendaria nirekin harremanetan jarri zen, lanera itzultzeko nire disponibilitateaz jakiteko, horrela bazen lan egutegia prestatzen hasiko zela eta. Nirekin kontatzeko erantzun nion, apirilak 1ean lanean hasteko asmoa nuenez. Egun hori hurbiltzen ari zela eta, ez zidala deitzen ikusita, martxoaren 28an, berriro berarekin harremanetan jarri nintzen, egutegiari buruzko informazioa jasotzeko asmoz, umearen zaintza antolatzeko hartan oinarritu behar bainuen. Oraingoan erantzuna, «notizi txarrak daude, eta momentuan ezin dizugu kontratu berririk egin» izan zen, besterik gabe, ni harrituta geratu nintzelarik. Izan ere, ez nuen inolaz ere horrelako erantzunik espero, eta oraindik eta gutxiago berarekin hamabi egun lehenago izan nuen elkarrizketa izan eta gero. Dena den, kontu hauek telefonoz hitz egitekoak ez zirela eta, apirilaren 7an berarekin hitz egitera joateko esan zidan. Eman zidan azalpen bakarra, Lan Erreforma berria zela eta nola beste langile batzuei kontratu mugagabea egitera derrigortuak izan ziren, niretzat lanik gabe geratu zirela izan zen, enpresak kontratu mugagabe gehiago ez egitea erabaki zuenez, aurreikusita zuten kupoa bete eta gero.
Eta hori nolatan, galdetzen ariko zarete. Kontuan izan behar da, 2021eko Lan Erreformak, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan merkatuko premiazko neurri batzuk erregulatzeko, hainbat neurri jarri zituela martxan. Hauen artean, 2022ko martxoaren 30ean jarri zen martxan, hein handi batean aldi baterakotasuneko kontratuekin bukatu eta behin-betiko kontratua egitera derrigortzen zuen neurria. Hitz gutxitan, nire kasuan, amatasun-bajan nengoen bitartean hor nuen kontratua amaitu izana aprobetxatu dute kontratu mugagabe bat saihesteko. Hauxe da emakumea izatearen beste pribilegio bat, lanean ari zaren bitartean umea izateagatik, ondoren lanik gabe geratzearen saria jasotzea. Gero, hau bezalako gertaeren erantzukizun zuzena duten instituzioetako politiko arduragabeek esango dute emakumeen berdintasuna eta eskubideengatik tinko eta atsedenik gabe ari direla lanean, eta bestalde, “Pertsona helburu” slogana behin eta berriro errepikatuko dute. Benetan, ez duzue lotsa apurrik!
Hau guztia buruan bueltako dudala azken aste hauetan, egoitza kudeatzen duen enpresari egingo nizkiokeen hainbat eta hainbat galderari ezin erantzunda nabil: Hau al da hainbeste urtetan hutseginik egin gabe bere bokaziozko lanean aritu den pertsona batek merezi duen ordaina? Zer inporta zaizue zuei bederatzi urte eta erdi hauetan lan baldintza kaxkarrenetan egindako lan arduratsu eta nekagarria? Zer axola zaizue zuei nik aurrerantzean neure behar ekonomikoei aurre egiteko horko soldatarekin kontatu izana, eta gehiago jaioberriaren etorrerarekin? Nire kontratu mugagabea ekidinez aurreratuko dituzuen diru-sosak garrantzitsuagoak al dira zuentzat, nik nire esperientziarekin egoitzan egin dezakedan ekarpena baino? Zergatik jarri dituzue beti zuen negozioaren etekinak egoiliarren eta langileen bizi baldintzen aurretik? Azken finean, zer axola zaizue tratu umiliagarria jasaten duten eta lanerako objektu soilak direla uste duzuen langileen bizitzak eta hauen premiak? Eta amaitzeko, zer esanahi dute zuentzat duintasuna eta gizatasuna hitzek?
Bost urte dira Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazka hasi zela, eta hor dirau, oraindik ez baitzaio inolako irtenbiderik eman, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren borondate falta dela eta. Horren ondorioz, Azkoitiko zaharren egoitzako egoera ere jasan ezina bihurtu da, eta hemen baieztapen hau argudiatzeko arrazoi batzuk: langile askok %60ko lan jarduna dute; urtebete osoan, erizain baten lanpostua bete gabe eduki dute, beste erizainek ordu gehiago sartu behar izan dituztelarik haren lana betetzeko; gauero, soilik bi langile egoten dira, egoitzako hiru solairuetan sakabanatuak dauden 80 erabiltzaile inguru artatzeko; langile berri bat baino gehiagok eta lehendik lanean ari ziren beste batzuk lanari uko egin diote, lan baldintza horietan lan egiteko prest ez zeudela eta; legez, lanetik atera eta berriz sartzeko gutxienez 12 ordu igaro behar badute ere, langile batzuk 22:00etan irten eta 8:00etan sartzen dira; eguneroko lanetarako behar den ezinbesteko materiala askotan falta izan da; langile bakoitzari uniforme bakarra ematen diote urtean, batzuen lan jardun motagatik gutxienez hiru behar dituztenean; ordutegiak jasangaitzak dira, etab.
Kontuan hartu behar da, zaintzen direnak, zein zaintzaileak pertsonak direla, azken hauek emozionalki ondo egon behar dutelarik, lana modu egokian egin eta egoiliarrak duintasunez zaintzeko. Beraz, lan baldintza kaskarrek langileen abandonu sentsazioa ahalbidetzen dute eta hori guztiz jasangaitza bilakatzen da. Gaur egun, jendeak ez du zahar etxeetan lanik egin nahi, bertako ordezkapenak egiteko langileak topatzea ere lan nekeza bihurtu delarik. Horrela, langileei lanean eusteko arazoekin dabiltzan bitartean, lehendik bertan jardundako esperientziadun langile batzuk kalean utzi gaituzte. Gure ordez, eskarmentu gutxiagoko langile batzuk hartu dituzte, eta honek beste arazo bat dakar, langile berri hauei lehendik daudenek irakatsi behar baitie, eta lehen langileak ez baziren iristen lanak behar bezala egitera, nola heldu behar dute orain egoiliarrak behar bezala artatzera? Bestalde, egoiliarrak ez dira eroso sentitzen langile aldaketa etengabeekin, beraientzat ere ez baita atsegina beti aurpegi desberdinak ikustea. Eguneroko elkarbizitza estu horren ondorioz, egoiliar eta langileok familia handi bat osatzea lortu dugu, eta inoiz ez da erraza izaten familia bat haustea.
San Jose egoitzako langileak bizitzen ari direna oso gogorra da eta beraien lan baldintzek asko dute hobetzeko, horrekin batera langile falta delarik bertako arazo ia guztien atzean dagoen arrazoi nagusia. Argi dagoena gauza bat da, gaur egun dagoen langile kopuruarekin ez dela bermatzen adineko pertsonen eskubideak eta beharrak asetzeko moduko kalitatezko zerbitzua. Zaintzaile eta zaindu beharreko pertsonen proportzioak garbi adierazten digu zaintza pertsonalizatua egitea bidera ezina egiten duen lan gainkarga dagoela, ezarritako ratioak ez baitatoz bat errealitatearekin. Egoitza kudeatzen duen enpresak, beti esan du gaur egun dagoen langile kopurua ratioen gainetik dagoela eta pertsonal nahikoarekin kontatzen duela egoitzak. Baina baieztapen hori faltsukeri handi bat da, ez baitu agerian uzten ratio hori 2007an ezarri zela eta orduko egoera eta oraingoa guztiz desberdinak direla, oraingo lan karga eta betebeharrak gutxienez bikoiztu egin baitira ordukoekin alderatuz.
Normala da egoiliarren senideak hau guztiarekin gogaituta egotea, egoitzako zerbitzua batere merkea ez izateaz gain, eskainitako zerbitzu hori ez baita, gutxiagorik ere, aurrez agintzen dieten neurrikoa. Bestalde, ez da ikusten Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azkoitiko Udal Gobernuaren aldetik kudeaketaren inolako jarraipen seriorik egiten denik, arduradun nagusia lehena izan arren Azkoitiko Udalak ere Gizarte Ongizate Saila baitu, bere arduradunarekin, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta gizarte arazoei irtenbidea aurkitzen laguntzeko helburua duelarik, udaleko Web orriak horrela dio behintzat. Kontua da beti esaldi ponposoekin agertzen zaizkigula egoera honen konplize diren instituzioak, eta jadanik ez dutela tokirik betidanik entzuten ari garen deklarazio hutsalak: «Zuzendu beharreko hainbat arazo bideratuta edo bideratze bidean daude» edo «Gure aiton-amonen bizi kalitatea bermatzea da gure erronka, beharrezkoak diren zerbitzuak eskainiz eta zahartze aktiboa sustatuz», besteak beste. Benetan, hasi behingoz egiten dituzuen adierazpenak betetzen. Eskertuko dizuegu.
Honela sintetizatu daiteke egoitzako gaur egungo zaintza eredua: etekinak azpikontratatutako enpresentzat dira, instituzioek beren ardurei ihes egiten die, eta galtzaileak egoiliarrak, langileak eta orokorrean gizarte osoa dira. Herritar guztiok gure bizitzako azken urteetan merezi dugun zaintza jaso ahal izateko eskubidea defendatu beharra daukagu, eta horretarako, ezinbestekoa zaigu egoera hau modu kolektiboan hausnartzea, gu ere adinduak izango baikara egunen batean.
Laburbilduz, Azkoitiko San Jose egoitzan, egoiliarrak duintasunez zainduak izateko eskubidea urratzen da behin eta berriz, eta arazo hau neurri handi batean konpontzeko, ezinbestekoa da bertako langileek lan baldintza egokiak izatea. Uste dut, badela ordua behingoz egoitzako langileen eskubideak eta lana aitortzeko.