Xanti Begiristain Madotz
Auritz

Barkamena eskatu beharko

Kontzertu horietara joateko, pertsona guztiek ez dute erraztasun berbera izan; elbarriek, esate baterako; are gehiago, batzuei eragozpen handiak jarri zaizkie haraino iristeko.

Ekainaren bostean Orreagako Andre Maria kolegiatan bi musika kontzertu garrantzitsu izan ziren, lehena, eguerdian eta bigarrena, arratsaldean. Bi arrazoi izan ziren ekitaldi horiek egiteko; bat, Jesus Labiano priore ohiak 95 urte bete dituelako, eta, bestea, Orreagak zortziehun urte osatu omen dituelako bere hasieratik.

Nire inguruko jendea gustura joan zen kontzertu horietara, baita atseginez beteta itzuli ere. Nik, ordea, gurpil aulkian ibilita, ez joatea erabaki nuen, aspaldian hartu nuelako deliberoa oztopo arkitektonikoak dauden lekuetan antzerki eta zirku gehiagorik ez egiteko, eta Orreagako monumentu gune horretan oraindik oztopo ugari eta garrantzitsuak daude.

Duela bi hamarkadaz geroztik gutxienez izan naiz harremanetan kolegiatako arduradunekin, baita Vianako Printzearenekin ere, Orreagako monumentu gunea, eskuragarria izan dadin arauz kanpoko funtzionaltasuna daukaten pertsona guztientzat, baina, zoritxarrez, gaur egun, oraindik ezin dugu esan halakoa dela; noiz arte? Auskalo! Bide gaitz hori oso luze doa pertsona askorentzat! Eta inork ez dezala esan, mesedez, ez daukala konponbiderik! Gauza askoz ere zailagoak eta konplexuagoak egokitu dira eta!

Kontzertu horietara joateko, pertsona guztiek ez dute izan erraztasun berbera; elbarriek, esate baterako; are gehiago, batzuei eragozpen handiak jarri zaizkie haraino iristeko, eta, ondorioz, nazioarteko giza eskubide guztiak ez dira berdin errespetatu pertsona guztientzat, eta, hala eta guztiz ere, 2021ean omen gaude. Nahikoa da! Entzun dezatela entzun behar duten horiek, eta, batez ere, egin dezatela egin behar duten horiek!

Eta bukatzeko, beste giza eskubide bat. Kontzertu horien egitaraua nire eskuetaraino iritsi zen, eta, samin handiz, ikusi ahal izan nuen den-dena espainiera garbi eta hutsean zegoela. Antolatzailea: Nafarroako Arte eta Ondarearen Katedra (Nafarroako Unibertsitatea); babesleak: Nafarroako Gobernua eta "Diario de Navarra"; laguntzailea: Orreagako Andre Maria Errege Kolegiataren Lagunen Elkartea. Orreaga ez al dago, ba, Nafarroako euskal eremuan? Noiz arte jarraitu behar dugu euskaldunok bigarren mailakoak izaten, geure etxean? Non daude euskaldunon hizkuntza eskubideak?

Pertsona batek baino gehiagok barkamena eskatu beharko luke, hainbeste jenderen giza eskubide batzuk ez errespetatzeagatik! Eskatuko ote dute? Ez dut uste.

Bilatu