Mari Carmen Basterretxea

Baskoniako historia bat: euskal matriarkatuaren mitoa

Bizimodu matrilinealak sortu zuen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, emakumeak eta gizonak botere berdina zeukaten, gizartea igualitarioa zen. Eta berdintasun hori euskeran agertzen zaigu, adibidez, laguna, umea, haurra, maitalea hitzetan ez dugu bereizten generoa.

Ekainaren 3an ETB1en Alberto Santanak "Euskal matriarkatuaren mitoa" aurkeztu zuen. Saioa ikusi ondoren harrituta gelditu nintzen Alberto Santanak esan zuenarekin. Nola liteke esatea euskaldunok ez dugula izan matriarkatua gure historian? Gezurra dela? Ez dugula ezer berezirik, patriarkalak garela? Zein da programa horren helburua galdetzen nion nire buruari.

Alberto Santanaren helburua zen eta da ukatzea eta ezabatzea euskaldunen jatorrizko historia, eta kolonizatzaileek euskaldunentzat asmatu duten historia egia izango balitz bezala kontatzea. Beraz, joko perbertsoaren aurrean gaude, hau da, kolonizatzaile patriarkalaren eraso potolo baten aurrean gaude.

Esan beharra dago, Europan paleolito garaian gizaki taldeak amaren taldeko pertenentzia zeukala, eta amaren pertenentziak adierazten digu taldea matrilineala zela, taldea amaren aldetik zetorrela. Amaren taldeko pertenentzia hark bizimodu matriarkal bat egituratu zuen. Niretzat matrilineala esatea egokiago izango zena.

Zorionez, horren arrastoak euskal senide-egituran azaltzen dira: Neba, arreba, izeba, osaba, loba, aitaginarreba, amaginarreba hitzetan -ba bukaera aurkitzen dugu. Atzizki horrek adierazten digu euskaldunen senidetasuna amaren aldetik zetorrela. Hitz horien etimologia azterturik, Aita aitagihararreba da, amaren aldetik datorrena, eta arrebaren neba dela esan nahi du. Ama amagihararreba da amaren aldetik datorrena, eta nebaren arreba dela esan nahi du, biek ala biek, baieztatzen digute euskaldunok amaren aldetik datorren senide-egitura dugula, matrilinealak garela.

Horrela, haurren aita biologikoa bizi zen bere amaren etxean, eta etxean haurrekin aitaren funtzioa egiten zuena osaba zen. Amaren etxean bizitzeak esan nahi du amonaren neba-arrebekin eta seme-alabekin bizi zirela. Eta belaunaldi guztietan jaiotzen ziren umeak etxe horretan bere amaren nebekin, amaren ahizpekin eta amaren ahizpen seme-alabekin biziko zirela.

Etxeari dagokionez, gurasoak oinordetzan alabari ematen diote etxea. Beste arrastoa etxeko-andrea dugu, emakume horrek etxeko ekonomia kudeatzen du, agintea dauka, eta etxekoei esaten die zer egin behar duten.

Sinesmenetan Mari dugu ama-lurraren irudikapena, eta euskaldunon jatorrizko sinesmenak dira Mariren aginduak eta Mariri eginten zaizkien otoitzak. Mariren maitalea Sugar dugu, harreman horretatik sortu ziren eguzkia eta ilargia, horrek euskaldunen pentsamolde filosofikoa zein den adierazten digu. Igarotze-errituak ere baditugu atsolorra, gazte dantza, neska dantza, mutil dantza, hil-lorra, eta laneko ekoizpena auzolana, batzarra, besteak beste.

Bizimodu matrilinealak sortu zuen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, emakumeak eta gizonak botere berdina zeukaten, gizartea igualitarioa zen. Eta berdintasun hori euskeran agertzen zaigu, adibidez, laguna, umea, haurra, maitalea hitzetan ez dugu bereizten generoa.

Bestalde, neolito garaien indo-europarren inbasio patriarkalak egon arren, euskaldunek bizimodu matrilinealarekin jarraitu zuten.

Baina, Alexandro Aita Santuak 1179an Europako Herri matrilinealei gerra santu egitea agindu zuen, bizimodu patriarkala inposatzeko. Horretarako Elizak inkisizioa eta deabruaren teoría sortu zituen, eta jazarpena bururaino eraman zuen Europar herri matriarkalen aurka. Testuinguru hartan Europako herri asko desagertu ziren eta euskaldunen populazioa gutxitu egin zen. Jakina, gerra santuak jarraitu zuen, eta 1515ean Julio Aita Santuak agindu zion Gaztelako Koroari Nafarroako konkista militarra egitea. Konkista militarra egin ondoren inkisizioak indarrean jarri zituen sorginkeriaren akusazioak legean bizimodu patriarkala inposatzeko. Horrela, Elizak inposatu zuen maiorazkoa, talde pertenentzia aita biologikoarena izatea, ezkontza, emakumea menpekoa bihurtzea, gizon matrilinealak autoritarioak izatea, eta katolikoak izaten derrigortzea.

Oraindik, XXI. mendean euskaldunok kolonizazio prozesuan jarraitzen dugu. Eta norbanako asko bizimodu patriarkalarengatik kutsatuak egon arren, adibidez, gizonak baserria galtzen dutenak apostuetan, edo emakumeak gizon patriarkal bezala funtzionatzen dutenak, matriarkatuaren jatorrizko arrastoak indarrean daude gure Herrian. Euskaldunok ez gara espainarrak ezta frantziarrak, jatorrian amaren taldeko pertenentzia dugu, gure ezaugarri propioak ditugu, gure ama hizkuntza euskara matrilineala dugu, eta jatorriz Europako azken Herria gara.

Bilatu