Kike Fdz. de Pinedo
EH Bildu Arabako bozeramailea

Batzarramenditik Batzar Nagusietara

Igandean Santa Katalina izeneko bilkura berezian euskarazko izen ofiziala aldatu eta aurrerantzean Arabako Batzar Nagusiak izendatzea erabaki genuen. Canovas del Castillok 1877. urtean foru erakunde hau desegin eta mende bat beranduago, 1979an, berrezarri zirenean erdarazkoaren izenaren parean Junta Nagusiak izendatu ziren, handik gutxira Biltzar Nagusiak bilakatzeko.

Oraingo legealdia hasita, Foru Aldundiak eskatuta, Euskaltzaindiak txosten baten bidez honelako gomendioa egin zuen: “Biltzar hitza Lapurdi eta Nafarroa Beheran baino ez da erabili, Hegoaldean, Zuberoan bezala,  batzar edo batzarre erabili izan den bitartean. Arabako kasuan Bazarramendi toponimoa dugu Kontrasta eta Larragoako mugan 1622an. Beraz, ditugun datuak aintzat hartuta, izendapen egokia Batzar Nagusiak edo Arabako Batzar Nagusiak dira.”

Igandean batzarkide guztiok aho batez onartu genuen proposatutako aldaketa. Hala ere, Xabier Kintana txosten egileak emandako Arabako adibide bakarraren harira, ekarpen bat egin nahiko nuke informazio osagarria emanez. Izan ere, badago Bazarramendi –gaurko grafian Batzarramendi– toponimoaren agerpen zaharragoa eta osatuagoa Aguraingo Artxibategian dagoen 84 orriko dokumentu interesgarri batean. Araba eta Nafarroaren arteko mugarrien inguruko auzia da, 1499 urtean hasi eta 1555 urtean bukatzen dena. Egun Opakua eta Urbasa lotzen duen errepide bakarra haritzar batek mozten du mugan bertan, antza, abeltzain eta artzainen arteko mugarekiko liskarrengatik. Hortaz, kontua ez da ez berria, ezta xamurra ere, inondik inora. Gaztelako Errege Katolikoek zein Nafarroako Juan eta Catalina erregeek abiatzen dute auzi luze hau mugarriekin sortutako arazoak konpontzeko asmoz. Arabarrek amezkoarrei leporatzen diete mugarri funtzioa zuen haritz bat erre eta moztu zutela, Robre Hermoso edo Arecheder izenekoa. Nafarrek ez dute onartzen, eta 56 urtez muga zehazteko hamaika eztabaida eta batzar egin ondoren, mugarria zehaztuko duen burdinazko gurutze berri bat jarriz konponduko omen da kontua. Baina gure gaiari helduz, 20. orrian honakoa topatzen dugu: “se juntan el 4 de diciembre de 1499 en el termino de Aranguren llamado Bazarramendi donde acostumbran juntarse los de Contrasta e Larraona en los mojones de Reyno a Reyno…”. Testuak argi adierazten digu Batzarramendi terminoaren esanahia. Batzarrak goi mailako partaidetza izan zuen: Diego Martinez de Alava orduko Diputatu Nagusia eta bi erreinu eta herrien ordezkariak tartean. Ez da, ordea, agerpen bakarra, Asparrenan ere badugu Batzarramendi, baita 1393 urtean Agurain eta Gazeo herrien arteko mugarri bati izena emanez ere. Azken adibidea, Lagran eta Trebiñuren arteko mugara garamatza. Hau irakur daiteke 1519 urteko beste auzi batean: “que de tiempo inmemorial… los de la villa de Lagran e los del lugar de Laño solían hazer su yunta en el termino que dizen de Balzarra”. Egun Lagranen Batzarreta toponimoa dugu, seguru asko aurrekoari erreferentzia eginez.

Adibide hauetan ikusi dugun moduan, herrien arteko partzoneria, komunitate edo herri basoetan ohikoak eta aspaldikoak izan dira batzarrak eta batzar lekuak. Arabako kontzejuetan ere herriko batzarra izan da, eta da, erabakigune nagusia. Kutsa gaitezen bada eta biltzarretatik batzarretara egin dugun izen aldaketa hau balia dezagun instituzio hau parte hartzaileagoa, horizontalagoa eta irekiagoa izan dadin. Emandako adibideak, era berean, mendeetan euskarak izan duen nagusitasunaren isla ere badira, izan Lautadan, Trebiñun edo Mendialdean. Horregatik, ez da harritzekoa 1682an Batzar Nagusietan gaztelaniaz ez zekien Artziniegako prokuradore bat topatzea. Tamalez, beste askotan bezala, gure erakundeek bizkarra eman zioten hizkuntza “arruntari”, eta isunen mehatxupean erromantzea ezagutzeko beharra ezarri zuten handik aurrera. Azken hiru hamarkadetan, ordea, euskara pixkanaka joan da berreskuratzen bere lekua. Batzar berri hauetan euskararen egunean zein gainontzekoetan ere jarrai dezagun euskara zabaltzen eta erabilera areagotzen. Izen aldaketak izan berria ekar dezala.   

Bilatu