Josu Iraeta
Idazlea

Begi-engainagarri, eraginkor baino

Atzera begira lanean hasi orduko aitortu beharra dago, gaur egun ez dakigula zehazki, gerra zibilaren aurretik zenbat hiztun ziren Euskal Herrian, ezta erabilpena zenbaterainokoa zen ere. Horregatik agian ez luke kalterik egingo euskararen galtze-prozesu horren urrats nagusienak gogora ekartzea.

Amaitzera doan udazken honetan, Catalunya izaten ari da hizpide, euskaldun askorentzat, eta ez da harritzekoa. Egia da, bide luze eta gogorra abian jarri izanak ezusteko asko eta nahigabe gehiagoren aurrean kokatu dituela, baina badituzte aurre egiteko hainbat baliabide, besteak beste, hizkuntza. Hizkuntza, herri baten kohesio tresna indartsuena, herria –gurea ez bezala– hiztunez josita dagoenean.

Ez gaude euskaldunak egoera berean, ez noski, eta horretarako arrazoi asko daude.

Bide horri jarraituz, esan genezake, denok ez bada, askok behintzat aspaldidanik dakigula, euskararekiko egindako ikerketa gehienak, emaitzak oso ezberdinak plazaratzen dituztela. Baita emaitzen aldearen arrazoi politikoak ere jakinak direla. Ez dakiguna zera da, euskararen berreskuratze lanean ari diren adituak, bere lana eta helburuari epeak jarri izanaren arrazoiak.

Gaur egun bihotzak eskatzen duena neurtuz eta dakiguna zuzen eta jator agertuz, nire ustez, euskarak ez dauka norbaitzuk dioten etorkizun oparoa. Gauza asko daude aldatu beharrekoak, eta beste hainbeste, gehiago indartu beharrean daude.

Hontzak hegan hasi aurretik egiten duen bezala, guk ere mesederako genuke atzera ondo begiratzea, bertatik ikasi eta gogor saiatu.

Atzera begiratze horrek hainbat ikaskizun lagungarri eskaintzen gaitu eta gezurra dirudien arren, gaur egun, duela mende asko euskara zulatzeari ekin zioten tresnak, oraindik indarrean daude.

Atzera begira lanean hasi orduko aitortu beharra dago, gaur egun ez dakigula zehazki, gerra zibilaren aurretik zenbat hiztun ziren Euskal Herrian, ezta erabilpena zenbaterainokoa zen ere. Horregatik agian ez luke kalterik egingo euskararen galtze-prozesu horren urrats nagusienak gogora ekartzea.

Gure aroko lehen mendeetan euskara Akitania eta Pirinioetako haranetaraino luzatzen zen, Arango bailara barne, baita Ausci (Auch, Aire sur l’Adour) izeneko lurretaraino ere. Baita Ribagorza eta Alto Pallars-en ere, XII- XIII mendeetan euskaraz egiten zuten.

Euskararen galtze-prozesuan hiru atal edo eraso zehatzak nabarmendu daitezke:

a).- I eta VI mendeen artean, Akitania, Hueskako Pirinioetako haranak eta Ebro ibaiaren eskuineko urbazterrak, Nafarroako hegoaldean galduz.

b).- VI eta XVI mendeen artean galdutakoak: Burgosko Oca Harana –Bureba eta Errioxa– Nafarroako Erribera, eta azkenik Bizkaiko Enkartazioak.

c).- Galtze prozesu madarikatu honetan, hirugarren urratsa XVI eta XIX mendeen artean kokatu beharra dago eta galdutakoak hauek: ia-ia Araba osoa eta Nafarroaren hegoalde osoa.

Hainbat joera eta arrazoi ezberdinak korapilatu izan dira prozesu honetan denboran zehar, besteak beste, XIII mendeko lehen denboretan gertatutako, bai euskarari baita euskaldunen bazterketa kulturala.

Ordura arte Administrazio-hizkuntza zen latina alde batera utzi eta botere politikoak, hizkuntza arruntak erabiltzea erabaki zuten, erromantzeak. Eta beste hizkuntzak (katalana eta gaztelera) onartu zituzten bezala, euskara erromantzea ez izanik (6.000 urtez lehenagotik Euskal Herrian ezagutzen zena), administrazio eta politikatik erabat baztertua izan zen.

Beraz, euskararen galtze-prozesu honetan, hainbat faktore eta arrazoi ezberdinak daude, baina, ordezkapen linguistikoaren prozesua ukaezina da.

Ordezkapen prozesu honetan eragin handiena izan duten faktoreen artean, azpimarratu beharrekoa, hirien sorrera da, eta honek dakarren erromantzeen administraziorako sarrera. Euskal Herriko hiri handiak diglosikoak bihurtu ziren, eta hortik sortu zen gure udalerrietan ofizialtzat erdal mintzatzaileak jartzea.

Beste faktore batzuk ere gogoratu beharrean gaude; atzerriko harreman ekonomikoen zabaltze nabarmena, besteak beste, baita euskal nobleziaren eta dirudunen jarrera, eraso politiko zuzen eta zehatzak. Austria eta Borbon sendiek eginiko lehen dekretuetatik (XV eta XVIII mendeetan), baita Foruen abolizioa (1839 eta 1876) eta azkenik diktadura frankistaraino helduaz.

Guzti honen artean, nire ustez bi faktore izan dira nabarmen euskararen aurka ekin diotenak; faktore soziopolitikoak eta sozioekonomikoak. Industrializazioa eta honek ekarritako immigrazio erraldoi eta heinik gabekoa, batez ere 1950 urtetik aurrera.

Hainbeste argibide oroitu ondoren, nabarmenki azaltzen dena hau da; ez direla hainbat urte Euskal Herria osoa euskaldun herria zela. Administrazio-erakundeak hasiera emanez, eta bertako erakunde sozial eta erlijiozkoak behar adina lagunduz, euskara gaztelerarekin ordezkatzen hasi arte, horrela egoera berri eta kaltegarri bat sortuz.

Garai batean bakar batzuk ziren gazteleraz bakarrik aritzen zirenak, elebidunak berriz euskal noblezia, baina euskaldun hutsak gehienak, herri xehe osoa.

Nahiz beti ukatzen den, gaur egun dena indarrean dago eta emaitzak begi aurrean: gazteleraz bakarrik gehiengo zabala, eta elebidunak beste guztiak, baina, elebidun erdaldunak oso gutxi, eta euskaldun huts, ia inor ez.

Datuak uka daitezke, baina egia horrelakoa da. Duela zortzi bat mende Euskal Herria euskal hiztun soil izatetik, gaurko egoera bizitzea behartu gaituzte.

Euskararen ezagutza eta erabilpena dela eta, diglosiaren hesia hausten dugu lanik zorrotzena. Euskaraz jakin eta erabiltzen dugun kopurua handitu beharrean gaude, erdal mundu zabalaren barrenean ito nahi ez badugu. Hamarkada luze joan dira baina emaitzak ez datoz bat Administrazioak esaten digunarekin. Zoritxarrez, gure herri eta hirietan entzuten dugun  «musika» ez da euskalduna. 

Euskara hizkuntza nagusia bilakatu beharrean gaude, eta herri osoarena den ondarea, herri osoaren esku jarri beharra dago, euskaraz biziko den Euskal Herria osatuz.

Atzera begiraturik ikusten dugunarekin zintzo izanik, esan beharra dago, neurriz kanpoko konfiantza azaldu genuela gure indarretan, bakoitzak bere ikuspegiaren arabera. Batzuk berriki eskuraturiko «autonomian», Estatutuari bai esanik dena konponduko zelakoan. Besteak herri mugimenduen ahalmenak, horren ukazioaren arrazoia erakutsiko zuelakoan.

Gai honetaz, argitu nahi nuke, berdindu ezin daitezkeela maila eta izaera desberdinetako arazoak. Beraz, «denok akatsak izan ditugula» esateak, ez gaituzte eraman behar erantzukizun guztiak parekatzea.

Berriro hariari helduz eta nahiz Lakuako bulegoetan sekula ez «hain» gustukoa izan, herri ekimenaren jarrera tinkoa izan da eta da, euskarak emandako aurrerapauso guztien akuilua. Gainera, herri ekimena ez da aldarrikapen lanetara mugatu, etengabe euskaraz bizitzeko aukera berriak sortzeari ekin baitio.

Ez nuke gauza bera esango, euskararen erabilpena berreskuratu nahian «politikoki» orain arte emandako urratsari buruz. Behin eta berriro berdin; begi-engainagarri gehiago, eraginkor baino.

Hanka sartze epelak ere egin izan dira, nire ustez potoloena hau: euskaraz bizitzeak sortzen duen indarra eta batze ahalmena gutxietsiz, euskararen aldeko posizio ideologikoari gehiegizko garrantzia eman izana. Bai jauna, hori egia da.  

Zoritxarrez, aspaldian ontzat ematen ari den iruzur juridiko-politikoaz baliatuz, esan beharra dago ozenki, euskararen sustapenaren alde baino aurkako jarduera instituzionalak ugariagoak direla gaur egun «oraindik» Euskal Herrian.

Orain esandako hau ez da gezurra, eta ez soilik bata edo beste gobernuaren aldetik, Euskal Herria zatikatu eta banaturik duten bi estatuaren aparatu guztien aldetik baizik. Zoritxarrez, begi bistakoa izanik, askotan ez ikusia egiten den gertakizun garrantzitsua da. Zergatik ote?

Herria mugiarazteko arrazoiak –herri abertzaleaz ari nahiz– ezin izan liteke hizkuntzaren zahartasuna edo edertasuna. Jendeak «ikusi» egin behar du, euskaldunak zertarako duen euskara. Ikusi eta jabetu, nola eta zergatik UPNk, PPk eta PSOEk erabiltzen dituzten euskaldunen bozak, euskarari erasotzeko.

Denbora eskaseko nagusi direla jakinik, lasterka dabiltza, nola edo hala, beraien arbasoen ametsak bete nahian. Horrelakoak dira espainiar demokratak.

Zein da helburua, Euskal Herri «baskoa» ala euskalduna?

Bilatu