Aitor SERVIER

Begipean zaituztegu, zuen ereduaren parean guk Euskal Herria!

Aitzina mugimenduko kideak "Begipean zaituztegu" lema duen kanpaina azaldu du. Hain zuzen, burututako ekimenen bidez "espetxe-politikaren arduradunak seinalatu" dituzte. Gaur egungo gatazkak azpimarratu ondoren, uztailaren 14ean Donibane Lohizunen iraganen den manifestaziora joateko deia luzatu du.

"Begipean zaituztegu!" Honakoa izan zen euskal gazteriak espetxe-politikaren arduradunei helarazi zien mezu irmoa.

Begipean ditugu, beren interes politikoen mesedetan, gatazkaren konponbideari trabak ezartzen dizkioten guztiak. Begipean ditugu, Lorentxa Guimon bezalako preso eriak muturreko osasun egoerara heldu arte presondegian atxikitzen dituzten estatu zapaltzaileak. Begipean ditugu, bidegabeko zigorrak eta bizi-baldintza krudelak nagusi diren presondegiak eraiki eta Fresneko euskal preso politikoei gose greba beste biderik utzi ez dieten agintari ankerrak. Begipean ditugu, Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun egoerari ezezkoa ematen dioten epaile konplizeak.

Alderdi Sozialistaren eta Les Républicains-en egoitzak, Suprefektura eta Espainiako kontsulatua, euskal gazteriaren engaiamenduaren lekuko izan dira. Euskal gazteriak aspaldidanik baititu begiak zabalik, euskal gazteria aspaldidanik engaiatu baita euskal preso politikoen etxeratzearen alde. Hilabete hauetan, Ipar Euskal Herriko herrietan agerturiko begiak izan ziren ekintza honen aurrekari. Herritarrengan ikusmin handia sortu zuen begien agerpen masibo honek. Hortaz, Ipar Euskal Herriko begiak norengana zuzendurik zeuden jakin duten honetan, haiei ere gatazkaren konbonbidearen alde urratsak emateko deia luzatzen diegu.

"Begipean zaituztegu" kanpaina eta ekimena Aitzinaren ekinbide zabalago baten baitan kokatzen da. Espetxe-politikaren arduradunak seinalatu eta gatazkaren konponbidearen alde ari garen honetan, gure bizitzako hainbat arlotan zapaltzen gaituen frantses estatua seinalatu eta Euskal Herria askea eraikitzeko lan eginen dugula ere berretsi nahi genuke. Helburu horrekin, manifestazioa deitzen dugu Uztailaren 14an Donibane-Lohizunen, "Guk Euskal Herria" lemapean.
 
Frantziaren egun nazionalean indar erakustaldia egin nahi du euskal gazteriak. Uztailaren 14arekin Iraultza burgesa ospatzen du Frantziak, euskaldunak frantsesteko asmotan mugarri izan zen iraultza. Egiturazko zapalkuntza honek berean dirau oraino. Hizkuntza ez-ofizialean mintzatzen garenok, eskubiderik gabe jarraitzen dugu. Faloux lege aplikatu nahi izan diete Ziburuko, Hendaiako eta Beskoitzeko haurrei, haien hizkuntzan ikasi ez dezaten. Euskarazko unibertsitate propioa ukatzen digute, euskal ikasleok Pauen, Bordelen edo Tolosan ikasi eta gure herriko egoeran eragin ez dezagun. Elebitan funtzionatu nahi zuen Uztaritzeko herriko etxeari euskara debekatu diote, konstituzio santu etnozida eskuetan.

Garena ukatzeaz gain, geroa ere ukatu nahi digute frantses estatuak eta bere esku-mutilek. Gu gara, lurren espekulazioarengatik, gure herrian bizi ez gaitezkeenak. Gu gara denboraldi-turistikoan enplegu duinak izatetik urrun diren lanak bete behar ditugunak. Elite ekonomikoen mesedetan, langileak are gehiago probretu eta gazteria bizi osorako prekaeritatera kondenatu nahi dute. El Khomri lan legea dekretu bidez inposatu nahi digu bere burua sozialistatzat duen gobernuak. Boterearen guardia armatuei karrikak isilirazteko agintzen diete. Herriaren deiadarrak : "tout le monde déteste la police!" dionean, erantzun bakarra daukate, polizia gehiago.

Segurtasunaren izenean, salbuespena lege bihurtu nahi baitute. Bitartean, Frantses estatu inperialistak gerla ereingo du Ekialde Hurbilean. Europar Batasuneko kide izanik "lotsaren ituna" izenpetuko du Turkiarekin, errefuxiatuak galbidera eramanez. Pertsonen mugimendu askatasuna arbuiatu eta merkantziena lehenetsiko du, AEBekin TAFTA izenpetuz.
 
Frantziarengandik datozkigun erasoei erantzuteko bide bakarra Euskal Herri burujabea eraikitzea dela aldarrikatu nahi dugu. Gatazkaren konponbidearen korapiloan ez baita soilik preso eta iheslari politikoen itzulerarekin askatzen. Gatazka honek muin politikoa du. Euskal Herriak bere etorkizunaz erabaki ahal izatea da gatazkaren benetako konponbiderako urratsa. Jendartearen mobilizazioari esker lorturiko herri elkargoa lehen urratsa baizik ez da, egitura burujabeak lortzeko bidean. Politikariek ere baietza eman diote elkargoari. Behin egitura hau lortuta, herriak berriro ere politikoen aurretik joan behar du, burujabetza gehiago eskuratzeko. Alternatiben eraikuntzak tradizio luzea du Ipar Euskal Herrian. Herritik sortu ziren, Seaska, AEK, Laborantza Ganbara eta arlo anitzetako kooperatibak, nabarmenenak aipatzearren. Burujabetza soziala ere helburutzat jartzen dugu, burujabetza nazionalarekin lotura hertsia duelakoan. Bertan erabaki nahi dugu zer nolako eredu ekonomikoa nahi dugun, zer nolako lan hitzarmenak izanen ditugun. Berdintasun sozialean eta parekidetasunean oinarrituriko jendartean bizi nahi dugu. Horregatik, Aitzinak etorkizun hobea izateko oraina eraldatu nahi duten gazteen bilgune izan nahi du. Gazteok borrokaren lehen lerroan izanen gara, Frantziak inposatutako ereduari aurre eginez, eta herritar askeez osaturiko Euskal Herri askea sortzeko.

Uztailaren 14an, Donibane Lohizunen dugu hitzordua, Parisi honakoa ozenki adieraz diezaiogun : "Guk Euskal Herria!".

Bilatu