EHEko kidea
Beharrezkoa dena egin dezagun, berandu baino lehen

Euskalgintzarekin eta kulturgintzarekin parez pare eseri, diagnostikoa partekatu eta egoerak eskatzen dituen tamainako neurriak adosteko garaia da. Euskararen alde egotetik euskararen alde beharrezkoa dena egitera igarotzeko unea da. Euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko garaia da.

2020/10/17

Durangoko Plateruena kafe antzokiak abenduan ateak itxiko dituela ezagutu berri dugu. Zinez albiste tristea urteotan Plateruenako erabiltzaile izan garenontzat. Baina bereziki albiste kezkagarria euskararentzat eta euskal kulturarentzat. Plateruena ixtearekin euskarak arnasgune erreferentziala galduko du eta euskal kulturak azpiegitura oso garrantzitsua.

Baina Plateruenaren itxieraren gertaera espezifikotik harago, itxiera hau sakonagoko korronte kezkagarrien adierazle da. Covid-19aren pandemiak areagotu dituen baina lehenagotik datozen egiturazko eraldaketa sozial, kultural, teknologiko, ekonomiko eta politikoen adierazle da. Bestelako mundu batera eramaten gaituzten eraldaketak.

Plateruenaren itxiera, eraldaketa horiei aurre egiteko herri gisa eta hizkuntza-komunitate gisa beharrezkoa dena egiten ari ez garen sinboloa da. Oraindik ez da berandu, baina atzeratuta gabiltza, zalantzarik gabe.

Euskararen normalizazio-prozesua ez doa ondo. Ez, ez doa ondo. Hamarkada bat daramagu bidegurutzetik atera nahi eta ezinean. Asko da aurreratutakoa, bistan da, baina bertan ditugun garai mehatxagarriek dakartzaten erronkei aurre egiteko beste dimentsio bateko neurriak behar ditu euskarak. Euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa eragingo duten erabakiak hartu behar dira epe motzean. Zama guztia herritarren bizkar utzita eta errealitatea desitxuratu nahi duten mezu «positiboen» lilurara mugatuz gero, euskararenak egin du. Plateruena bezalako arnasguneetan euskarak eutsi ahal izango dio epe batez, baina jauzi hori egin ezean, arnasgune horiek euskaldunen erreserbak bilakatuko dira, eta lehenago ala beranduago, horiek ere erdaren ozeanoan desagertuko dira.

Era berean, euskal kulturgintzaren egoera zaurgarria dugu guztiz. Aurrez egoera kezkagarria bazen, pandemiak kinka larrian utzi ditu euskal kultur sortzaileak eta kultur azpiegiturak. Instituzioen laguntzak huskeriara mugaturik eta limosna kutsuarekin; kultur azpiegiturak bizirik iraun ahal izateko etengabeko borroka nekagarrian (Plateruenarekin ikusi dugun bezala); euskarazko kultur sorkuntzak hedabideen ikusezintasuna pairatu beharrean, salbuespenak salbuespen, bereziki kezkagarria izanik hedabide publikoetan duen presentzia eskasa; hori gutxi ez eta globalizazio uniformizatzailearen enbatak bere aurpegi kulturala ere badu, mundu osoan kultur adierazpide bakar batzuk eta kultura jasotzeko modu bakar batzuk gailentzen ari direlarik. Hori guztia mota guztietako bertako botereen (instituzionalen, ekonomikoen zein mediatikoen) bedeinkapen eta utzikeria osoarekin.

Horregatik, instituzioei exijitzen diegu behingoagatik gure hizkuntzaren eta kulturaren aldeko neurri estruktural eraginkorrak har ditzaten. Ez da hitz politen edo eraginik gabeko neurri sinbolikoen garaia. Euskalgintzarekin eta kulturgintzarekin parez pare eseri, diagnostikoa partekatu eta egoerak eskatzen dituen tamainako neurriak adosteko garaia da. Euskararen alde egotetik euskararen alde beharrezkoa dena egitera igarotzeko unea da. Euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko garaia da.

Hori lortzeko euskaltzaleok altxatu eta kalera ateratzeko garaia dugu. Instituzioak presionatzeko, eta, herri eta hizkuntza-komunitate gisa galbidera garamatzaten joera linguizida eta uniformizatzaileei aurre egiteko. Beste garai batzuetan egin bezala, euskaltzaleok gure hizkuntza euskararen eta euskal kulturaren defentsan aktibatzeko unea dugu.

Artikuluak
Mikel Álvarez y Janire Landaluze
2020/10/19
Ariane Alberdi Iñarra eta Iban Albizu Alvarez
2020/10/19
Josemari Lorenzo Espinosa
2020/10/19
Gutunak
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2020/10/19
Rakel Fernández
2020/10/18
Iraide Kareaga | Trabajadora social y concejal de EH Bildu en Barakaldo
2020/10/17
Gerardo Luzuriaga | Euskaltzain urgazlea
2020/10/16