J. Ortuñez
Errepresaliatua

«Bertan ez direnak oker daude beti»

«Alde batetik, eta lehenengo aspektuari dagokionez, bistan dago Kolektiboak iazko ekainean agertu eta geroztik maiz berretsi  duen prestasuna adierazpen zehatzetan gauzatzera badatorrela. Eta bidenabar, benetako borondatea eta bake nahia non dauden argi baino argiago geratu da. Hemen eta orain, mugitzen ez diren bakarrak bakearen etsai diren berberak dira: estatuak eta beren morroiak, alegia.»

Azkenean, EPPK-k hitz egin du eta Foro Sozialak egin zituen gomendioei buruz bere iritzi eta gogoetak ezagutzera eman ditu. Atzoko adierazpenaren tamaina zein balioa neurtzeko orduan (eta ez dizuet errepikatuko honelako eztabaidak bururaino eramateak zer-nolako zailtasunak dakartzan espetxeratuentzat), bi angelu ezberdinetan plazara gintezke: borondatearena eta dinamikarena.


Alde batetik, eta lehenengo aspektuari dagokionez, bistan dago Kolektiboak iazko ekainean agertu eta geroztik maiz berretsi  duen prestasuna adierazpen zehatzetan gauzatzera badatorrela. Eta bidenabar, benetako borondatea eta bake nahia non dauden argi baino argiago geratu da. Hemen eta orain, mugitzen ez diren bakarrak bakearen etsai diren berberak dira: estatuak eta beren morroiak, alegia.


Beste alde batetik, EPPK-k prozesu dinamiko batean kokatzen ditu bere gogoeta eta ekimenak. Ez soilik bere adierazpenean erakutsitako ausardia eta argitasun politikoarengatik, hurrengo asteetan hasiko duen harreman politika prozesu dialektiko batean plazaratzen duelako baizik. Horretan datza EPPK-ren zintzotasuna, hots, denon ekarpenak konpartituz eta guztiongandiko arduraz askapen prozesuak aurrera egin dezan aldarrikatzen duena.


Eztabaida prozesuan zehar jasandako oztopo eta traba guztien gainetik horren eduki garrantzitsu eta irismen politiko handiko adierazpena egin badu EPPK-k, zer-nolako ekarpen erraldoia ez lukeen egingo bere bizi baldintzak bestelakoak izango balira! Horrek, ordea, gaurko espetxe politika errotik aldatzea eta Kolektiboa lehenengo fase batean Euskal Herrian kokatzea erakartzen du ezinbestez. Sakabanaketarekin amaitu beharra, alegia.


Horra hor adierazpenari aurkitu diodan beste birtualitatea, zeren aspalditik eta etengabe mugitzen ari baita Kolektiboa, eta gaurdaino egin den esfortzu bakoitzean izan baita eragile, bere ekarpenak eskainiz. Baina euskal preso politikoen egoera eraldatzeko eskuduntza dutenek, horiek, ez dute aurrerapauso txikienik ere nahi. Eta eskuduntza beren gain nahi luketenek edo ez dute ausardiarik edota gusturago sentitzen dira estatuen aginduei men eginez.


«Bertan ez direnak oker daude beti». Halaxe dio frantses atsotitz batek. Horiexek dira oraindik pausurik eman ez duten bakarrak. Horiexek dira oraindik orain bakearen aurka jo eta ke diharduten bakarrak. Horiexek dira, funtsean, prozesuaren norabide onean adierazpenik egin ez duten bakarrak. Non daude horiek, non, estatu arduradunak eta beren morroiak? Non, goraipatzen duten zuzenbide estatua? Non Euskal Herriaren etsaiek mendez mende eragindako hildako, torturatu, erbesteratu, preso eta jipoituekiko aitortza eta erreparazioa?


Aski da Kolektiboak zer egin behar duen eta enparaukoak esateaz. Estatuak mugitu behar dira orain. Eurek dute-eta fitxa eta giltza. Eta hori lortzeko bidean, bihurrikeria eta epelkeria nortasun agiri bilakatu duten alderdiek (EAJ buru) zer esan eta zer egin ere badute. Gaur. Ez gero.

Bilatu