Xanti Begiristain Madotz
Euskaltzalea

Bertsolariak

Martxoaren 15ean, igandearekin, Burlatako Kultur Etxean jokatu zen Nafarroako Bertsolarien azken kanporaketa. Jokoan zegoen finalera igarotzeko azken bi sailkatuen izenak. Partaideak sei ziren eta beren izenak honako hauexek: Eneko Lazkoz, Miel Mari Elosegi Luze, Oskar Estanga, Aritz Saragueta, Saioa Alkaiza eta Oier Lakuntza. Azkenean, Eneko Lazkozek eta Oskar Estangak lortu zituzten Elizondoko finalerako txartelak.

Saioa entretenigarri, arin eta interesgarria gertatu zen, baina, gaur, egia esan, nire asmoa ez da hitz egitea bertso saio edota bertso lehiaketari buruz, alegia, ez dut asmorik kritika egiteko, baizik eta beste aspektu bat jorratzeko.

Gorago esan dudan bezalaxe, egun hartan partaideetako bat Oier Lakuntza mutil prestua izan zen. Euskal Wikipedian irakurri ahal den bezala, Oierrek Wolfran sindromea omen du, eta horrek, besteak beste, entzumen eta ikusmen arazoak sortzen omen dizkio, baina, hala eta guztiz ere, Oier gaur egun kimikaria, ikerlaria eta bertsolaria da beste gauza askoren artean; ez du meritu makala.

Dena dela, Burlatako saio hartatik, neronek beste kontu bat azpimarratu nahi dut, hots, han ikusi genituen gai jartzaile eta gainerako bertsolari guztien aldetik, antolakuntza, koordinazioa eta kolaborazioa Oierri laguntzeko mikrofonoraino iristen, gaiak ulertarazten, aulkiraino itzultzen, ura eskuratzen, eta abar. Dena begirune handiz, naturaltasun osoz eta duintasun guztiarekin, batere paternalismo, gutxiespen eta errukirik gabe; keinu arrarorik egin gabe. Kartzelako gaian, tarteka, beste bertsolariren batek, bisitaren bat ere egin zion Oierri, galderaren bat egiteko haren saioari buruz eta animoak emateko.

Burlatako jardunaldian ikusi genuena izan zen, adimen lehia garbia eta aldi berean lankidetza, taldea bat eginik, bertso saioa egokia izan zedin. Laburbilduz eta bukatzeko, neronek esanen nuke, saio hartan, gizatasun ikasgai polit bat eman zigutela, oholtzako guztien artean.

Bilatu