Rebeka Ubera eta Karlos Ibarguren
EH Bildu

Bi metro

Herritar ahaldunduekin batera, osasunaren sustapena eta prebentzioa oinarri izango duen osasun sistema publiko berri bat adostu eta eraikitzeko unea da

Bi metrora uzkurtu zaizkigu Wuhanetik urruntzen gaituzten 9.548 kilometroak. Bi metrok bereizten dute segurtasuna eta ikararen arteko aldea.

2014an Europan ebola kasuak azaldu zirenetik jarraituak izan dira mehatxuak eta abisuak. Jarraituak, beraz, plangintza egoki bat egiteko aukerak. SARS, MERS eta atzetik COVID-19. Wuhanetik gurera Italiatik pasatuz. Ez genuen aurreikusi. Jaurlaritzak otsaila erdialdean larritasunaren tamaina antzeman zuela dioen arren, hauteskundeak egingo zirela mantendu izanak erakusten du kontrakoa.

Osakidetzak bere plan estrategikoan “kudeaketa aurreratua” ereduaren aldeko apustua egiten du. Edozein une da egokia eredu batean oinarritutako plangintza egiteko, baina krisi bat aurreikusten denean ezinbesteko bihurtzen da, kolapsoa ekidin nahi badugu. Estrategia, pertsonak, gizartea, berrikuntza eta emaitzak dira Osakidetzan agertu ez diren kudeaketaren sei elementuak. Inprobisazioan labur daiteke Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kudeaketa. Egunero sortu diren suak itzaltzen saiatu dira, ESIetako zuzendaritzak eta langileak estrategiarik eta babesik gabe abandonatuz.

Atzetik datorren kontua da. Efizientziaren izenean oheak murriztu, lanpostuak amortizatzeko langileen behin-behinekotasuna % 40ra areagotu,  anbulantzien edo etxeetara doazen mediku eta erizainen pribatizazioan sakondu, lehen arretako aldarrikapenak alboratu edo garbiketa eta mantentzearen murrizketa eta pribatizazioa izan ditu Osasun Sailak lege. Prentsan inaugura daitezkeen eraikin eta gailuetan zentratu eta COVID-19aren jarraipen epidemiologikoa egin behar zuen Osasun Publikoaren arloa nahikoa profesionalik gabe utzi du.

Kontrapuntua langileek jarri dute. Osasun sistema publikoan lan egiten duten eta kontzertatutako enpresetan lan egiten duten profesionalek lortu dute egoerari buelta eman eta bizitza mordoa salbatzea. Eremu soziosanitarioetako egoitzetan lanean ari diren profesionalek irauli dute krisia. Kutsatu eta ospitaleratuak izan diren edo hil den profesionalek jarri dute kontrapuntua.

Posta elektroniko bidez zabaldu besterik egin ez diren protokolo aldakor orokorretatik abiatuz, langileek egokitu dituzte protokoloak euren zerbitzuetara. Langileek inprobisatu behar izan dituzte eskasak ziren NBEak. Prestakuntza presentziala jada profesional asko batu ezin zirenean iritsi denez, bideoak ikusiz prestatu dira. Kontaezinak izan dira euren profesionaltasunak gainditu dituen planifikatu gabeko egoerak.

Zuloak estaltzen aritzearen istorioa da EAEn Covid19arena. Osasun langileei esker gainditzen joan den desinformazioa, koordinazio gabezia, kaosa. Gobernuari laguntza eskaini zaionean ez du onartu. Kontsentsurako deia Madrili, baina aldebakartasuna hemen. Orain aktibitate asistentziala berreskuratzeko plana jarriko omen dute martxan. Norekin adostua?

Norbera babesteko ekipamenduak, arnasgailuak, testak egiteko erreaktiboak edo farmakoen eskasia pairatu dugun egun hauetan, zergatik ez ote ditugun hemen ekoizten galdetu dute herritar askok. Zergatik globalizazioarekiko horrelako menpekotasuna? Noiz egingo dugu ikerketa eta bertako ekoizpenaren aldeko benetako apustua?

Argi izan behar dugu epe ertain-luzean Covid19arekin edota bere ondoren etor daitezkeen bestelako birus eta epidemiekin bizi beharko dugula. Ildo horretatik jarraituz, epe ertain-luzera begira Osasun Sistema Publikoak garai berriei egokitzeko eraldaketarekin hasi beharra du. Konfinamendua altxatzen den unean, modu planifikatuan egiten baldin bada ere, kasu berriak etorriko dira. Sistema guztia prest eduki behar dugu berriro kolapsatu ez dadin. Estrategia argia izan behar dugu birusaren kutsadura ekiditeko. Kutsadura zabaldu ez dadin kasu berriak azkar detektatu eta hauen kontaktuak antzeman behar ditugu. Horretarako, ezinbestean, proba masiboak egitea eta osasun publikoko ekipo indartu bat izatea oinarrizkoa izango da.  

Lehen arretak eta udalek funtzio garrantzitsua joka dezakete. Herritar ahaldunduekin batera, osasunaren sustapena eta prebentzioa oinarri izango duen osasun sistema publiko berri bat adostu eta eraikitzeko unea da. Kolektibo zaurgarrienak erdigunera ekarriko dituen, egiazko ekipo multidisziplinar integratuen bidezko egitura eta funtzionamendu eredua sortuko duen, ikuspegi soziala eta sanitarioa komunitatean integratuko dituen, ikerketa eta garapenaren aldeko apustu garbia egingo duen, profesionalak behin-behinekotasunetik urrunduko dituen eta Hezkuntza Sailarekin elkarlan estua egingo duen osasun sistema publiko eta unibertsala eraikitzeko unea da.

Baina, prestatuak al gaude horretarako? Nahi al du Jaurlaritzak osasun publikoa indartu? Aukeratu beharko dugu orain arteko inertziekin jarraitzearen edo garai berriei egokitzen hasteko ausardiaz jokatzearen artean. Etorri zaigunaren eta datorkigunaren aurrean prestatzeko egun onena duela urtebete zen, bigarren egun onena gaur da. Aukera bihur dezagun mehatxua. Bi metroko distantzia mantendu behar bada, manten dezagun, baina izan gaitezen bide horretan bidelagun. Ekin diezaiogun bideari.

Bilatu