Ramon Sola
GAUR8

Bi urte, bi alkate

Batetik bestera ibili dira aste hauetan alderdiak eta beren ordezkariak, legealdiaren erdia gainditu berria delarik nork bere buruari notarik onena jarri nahian, norberak besteen kudeaketari «oso gaizki» biribilena emateko tematuta. Nire azterketa xumeagoa izango da: gertuen ditudan bi alkateen gainean jarriko dut arreta. Egiten dituzten diskurtsoak alde batera utzi eta ekintza soilei erreparatuko diet. Ez ditut ez Iruñeko Enrique Maya, ez eta Donostiako Juan Karlos Izagirre ere, pertsonalki ezagutzen. Ez nau honek itsutzen. Ez eta aurrekariek ere, biak heldu berriak dira-eta.

Esango nuke alkate baten lehen eginbeharra bere hirian «giro sanoa» lortzea dela («elkarbizitza» hitza teknikoegia egiten zait). Gogoan dut Izagirrek ez zuela denborarik galdu: zinegotzi guztiak jarri zituen dantzan, eskutik helduta, Donostia erdian, sanjuanetan. Inpaktantea izan zen irudia. Eta emankorra, antza, gero, besteak beste, PPko aurpegirik mikatzena irudikatzen zuen Mari Jose Usandizaga Piratekin argazki berean ikusi baitugu. Eta Maya? Bai, Riau-riaua deitu zuen iaz aspaldiko partez, baina aurretik batzuk eta besteak elkarrengana hurbiltzeko inolako ahaleginik egin gabe. Porrot egin zuen eta aurten ez da saiatu. Inork ez du ukatzen giroa asko hobetu dela Donostian, duela bi urtetik hona; Iruñean lehen bezalatsu ageri da.

Uholdeak jasan dituzte biek, honetan berdintsu. Hasi berria zelarik Izagirrek, Martutenen. Joan zen igandean, Arrotxapean, Mayak. Aspaldiko arazoari adarretatik heldu zaio azkenik Donostian, dirua eta denbora beharko diren arren. Iruñean ez da momentuz etorkizuneko konponbiderik aipatzen. Hori bulegoetako kudeaketari dagokionez, baina politika kalean ere egiten da edo egin beharko litzateke: Bilduko alkatea, uretako botak jantzi, eta bertara joan zen, laguntzera eta auzokideen protestak jasotzera. UPNkoa ez da Arrotxapean azaldu. Gertuago zuen: udaletxetik, oinez, bost minutu, aldapan behera.

Azpiegituren arloan, indartsu zetorren Maya: sanferminen museoa «lehentasunezkoa» zen, Navarra Arena kiroldegi erraldoia zabaltzear zuen, eta gero AHT hartzeko tren geltoki berriaren txanda izango zen. Bi urte pasata, sanferminen museoren lehen harririk ere ez da, Navarra Arenan hautsa pilatzen da eta Castejonera heltzeko ez dela geltoki sobera garestirik eraiki behar deliberatu dute. Handi-mandikeria hauetatik urrun zegoen Izagirreren arlo honetako konpromisoa: autobus geltokiaren lanak abiatu egingo zirela. Hor daude.

Bestelako lehentasunak daude, noski, krisi garai honetan, Donostian eta Iruñean berdin-berdin. Baina ez da erantzun berdinik. Donostian %11 jaitsi da aurrekontua aurten, baina gastu sozialak gora egin du. Iruñean murrizketak dira eguneroko albiste. Areago, ez dago aurrekonturik, Mayak ez duelako hori onartzeko prest dagoenik aurkitu. Izagirrek, bai. TAO ia Iruñea osora zabaldu berri du alkateak, baita sanferminetan ezarri ere, estreinakoz. Donostian, hainbat tokitan ordaindu beharra kendu dute, GARAk egoitza duen Igara inguruan esaterako. Argiago uler dadin, Iruñean bizi naizen kalean ez zen TAOrik duela bi urte, orain bai; eta Donostian lan egiten dudan tokian, kontrakoa, orduan bazen eta orain ez.

Eta tira, orria amaitu aurretik gogora ekarri beharko da Maya jaunak 5.000 eurotik gora kobratzen zuela CANeko ezkutuko «bilera» horiengatik. Ez dakigu zertarako nahi zuen horrenbeste diru arkitektoak. Dakiguna da iaz Izagirreren «oporraldia» astebetekoa izan zela, basamortuan, sahararrei sendagile gisa laguntza emanez.

Haserre dabiltza batzuk telebistako iragarki batean politikari guztiak ez direla berdinak aipatzen delako. Nire bi alkateen kasuan, behintzat, ez dirudi planeta berekoak direnik ere.

Bilatu