Jaione Ugalde Jauregi
Hiru Komunikazioa

Bidesarien benetako gezurrak

Bidesariak bidegabekoak direla argi dago. Ez dute bereizten bertatik igarotzen denak gehiago edo gutxiago irabazten duen, lanean dabilelako pasatzen den bertatik edo aisialdian dagoelako: salneurria, salneurria da. Garraiolariok errepideetatik igarotzen gara gure lana delako, ez daukagu beste aukerarik.

Bidesarien edo zergen bitartez ordaintzearen desberdintasuna, azken hauek ez dutela diskriminazio negatiborik egiten da, positiboa baizik: gehiago irabazten duenak, gehiago ordaintzen du.

Azken egun, hilabete eta are gehiago, urteetan, errepideak bitan ordaindu behar ditugula sinestarazi digute. Lehenengo, azpiegiturak zergen bitartez; ondoren, erabilera bidesariekin. Dudarik gabe, birrordainketa bat da, izan ere, agintariek azpiegituretan gure zergekin lortutako dirua xahutzeaz gain, mantentzea bidesarien bitartez ordaindu behar baitugu. Batzuentzat, lapurreta bat; besteentzat, eskatu dituzten ikerlanek adierazten duten “beharra”. Erabiltzaile gatibuez baliatzen dira, gutaz, errepidea erabiltzea besterik geratzen ez zaigunoz. Zergatik ez da berbera gertatzen beste azpiegiturekin? Portu nahiz aireportuetako erabiltzaileek ez dituzte azpiegiturak ordaintzen, erabilera bakarrik. Ez da berdina gertatzen errepideak erabiltzen ditugunokin. Zer esan genezake abiadura handiko trenaz... Guztion artean ordainduko dugu, defizitarioa izango dela jakinda ere, eta, gainera, denon artean ordainduko dugun diru-laguntza jasoko du txartelak. Hortaz, bezeroak ez du erabilera ere ordainduko.

Aspalditik datorren liskarra da hau. Gure egunerokoan bizi dugun arazoa da Etzegaraten bidesaria jartzeko erabakia. Mota honetako politikak sektorea pixkanaka itotzen ari dira; prekarietatean murgildurik dagoen sektore honen soka behin eta berriz estutzen dutelarik. Seguru, beste sektore askorena bezala. Bitartean, administraritza, gure egoera ulertu eta jarduera arautu beharrean, soka gero eta gehiago estutzen ari da.

Gipuzkoako Foru Aldundia zabaltzen ari den mezua oso argia da: orain erabiltzea ondo datorkien ikerketak Etzegaraten bidesaria jartzea beharrezkoa dela “bermatzen” du. Izan ere, kanpoko garraiolariak Gipuzkoatik doan igarotzen baitira, eta hori ezin da onartu. Gogora dezagun, Gipuzkoa joan etorriko lurraldea dela. Iparraldetik etorri eta joaten diren horiek, horiek dira ordaindu behar dutenak. Aldundiaren nahia, gizarteak ideia hori barneratzea da. Baina badaki gezurretan dabilela, ez dela egia Gipuzkoatik igarotzen diren garraiolari atzerritarrek ez dutela ordaintzen. Arazoa, istorioaren bigarren zatia azaltzea ahazten zaiola da. Gasolioaren prezioa Frantziar Estatuan baino merkeagoa izan ohi da Gipuzkoan. Hortaz, hemendik igarotzen diren garraiolariak hemen hornitzen dira. Kamioi bat gasolioz hornitzen den bakoitzean, Hidrokarburoen Zerga Berezia ordaintzen du. Baina, zer gertatzen da zerga horrekin? Mila milioika euro horiek Aldundiek jasotzen dituzte zuzenean. Bai, zuzenean. Hau horrela bada, zergatik dio Aldundiak kanpoko garraiolariak doan pasatzen direla? Zergatik dabil gezurretan? Zergatik ez diote egia osoa?

Gipuzkoar batek baino gehiagok kanpotarrek ordaintzea ondo dagoela pentsatuko du. Aldundiaren mezua barruraino sartu zaio eta egokiena dela pentsatuko du. Atsegitearen politika, populismoraino eramaten gaituena, sakoneiraino heldu da. Batzutan, sinestearen beharraren atzean, azken urteetan pairatzen ari garen krisiaren oinazea dago, gauzak hobetzeko kanpoko garraiolariak diru sarrera bat bezala ikusiz. Esandakoa, demagogia hutsa. Norbaitek pentsatu al du nor pasatzen den Etzegaratetik? Nongoa da? Argi eta garbi esan dezakegu bertako garraiolari asko garela Etzegaratetik igarotzen garenak; astean behin baino gehiagotan ziur aski. Batuketa azkar bat egingo bagenu, bertako garraiolariok kanpokoak baino askoz gehiagotan igarotzen garela bertatik ohartuko ginateke. Kanpoko bat behin pasatzen denerako, bertako bat zenbat aldiz igaroko da? Bi? Bost? Hamar? Hogei aldiz? Biderka dezagun. Nork ordainduko du gehiago? Bidesariaren bitartez kanpokoek bakarrik ordainduko dute? Esan beharrekoa da, europear legeak oso zorrotzak direla gai hauekiko: “bidesari eta tasak diskriminazio zuzen edo zeharkakorik gabe ezarriko dira, garraiolariaren jaioterria, herria edo bizi den lekua, edo ibilgailuaren matrikula eta garraioaren iturburura dena izanda ere”. Hortaz, Aldundiak ezingo die kanpotarrei bakarrik kobratu. Lehen egin ditugun biderketekin, argi ikusten dugu gehien ordainduko dugunak garraiolari gipuzkoarrak izango garela, baita, era berean, garraiolari nafar, arabarrak, etab.; hau da, bertakoak.

Aldundiak ez du ulertu nahi garraiolariok N-Ia erabiltzen jarraituko dugula. Ezin dugu errepidean ibiltzeaz utzi, eta, gainera, jende gehienak ikusten ez dituen baina hortxe dauden zerbitzu espezifiko batzuk behar ditugu. AP-1ean ez dauden tailer, gasoilez hornitzeko leku, jatetxe, etab. bereziak behar ditugu; N-Iean badauzkagu. Edozein eratara, Aldundiaren nahia N-Ia arintzea bada, eta ez diru bilketa kontu bat, zergatik ez du AP-1eko Irun-Gasteiz tartea kamioientzat doan ezartzen?

Esan bezala, Aldundiaren beste tesietako bat, Etzegarateko bidesariak N-Ia arinduko duela da. Hau da hau bitxikeria! Duela urte batzuk, A-8aren emakida bukatzekotan zegoenean eta “A-8 doan” kanpainan parte hartu genuenean (azpiegitura ordaindua zegoenez, bidesaria jada ez zela beharrezkoa pentsatzen baikenuen), orain bidesaria jarri nahi duten berberek, ordainketa disuasio-neurri bat zela zioten; era honetara, mundu guztiak ez zuelako erabiliko, trafikoa arinagoa eta seguruagoa izango zelarik. N-Iean bidesaria jartzen badute, eta igarotzeko beste aukera AP-1 bada, bietan ordaindu egin behar bada... zein da orduan emandako arrazoiaren zentzua? Auto pilaketa ez da konponduko, nonbaitetik pasa behar baitugu. Ez du axola jada AP-8an pilaketa egotea? Bi errepideak ordainduko ditugunez, seguruagoak izango dira? Noiz esaten zuten gezurra: lehen? Orain? Bietan?

Garrantzitsua da errepideetatik kanpo ezin dugula ibili gogoraraztea, gure lana da, herritarrek behar dituzten gauzak behar dituzten lekuan egoteko era da. Erropa errepideetatik dator, yogurrak, makinak; trenak ere errepideetan zehar ekartzen ditugu. Ezinezkoa da ez erabiltzea. Garai hartan, A-8aren emakida bukatu baino lehen, denbora bat igaro ondoren bidesaririk ez zela egongo zioten. Baina denbora pasa ostean, bidesariak hor jarraitzen du, eta gainera, urtetik urtera garestiagoa da. Zer gertatuko da oraingoan? Oraingoz, Azpiegituretako diputatuak, bidesariaren ezarpena hauteskundeetan zehar argi utzi zutela dio. Hortaz, azken orduko berria ez denez, jarri egingo dutela. Deskargatik igarotzeagatik ere ordaindu egin beharko dugu? Eta A-15etik? Nork argituko du gero automobilek ere ez dutela ordainduko? Azkenean, gure herri txikia bidesari handiz josiko dute.

Konklusioa nahiko argi dagoela uste dugu: esaten ez badute ere, bertako garraiolariok izango gara bidesarien politika horien guztien ondorioak jasango ditugunok. Arrazoia “ematen” dien informe batzuen atzean ezkutatuz, sektoreko ahotsak ez entzunez (baliteke gu izatea gaiari buruz gehien dakigunak), langile batzuk prekarietatera bultzatzen ari dira: lana duintasunez egin nahi dugun langile batzuk hain zuzen ere. Borrokan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, ekintza eta ekimenak antolatuz, peajerik ez esanez, eta Davidek Goliathi berriz ere irabaziko diola pentsatuz. Hori bai, benetako arrazoiez josita, errepidean eguna igarotzen dugunok baitakigu zein den gure benetako errealitatea.

Bilatu