Oihana Bartra eta Mikel Aiartzaguena
GUKA, Bilboko euskaltzaleon plaza askea

Bilbon ezin da euskaraz bizi

Bilbon ezin da euskaraz bizi. Euskal Herrian, euskaldun gehien bizi den eremu geografikoan, ez daukagu euskaraz bizitzeko gaitasunik, are gutxiago gure egunerokoa euskaraz irudikatzeko. Ez da borondate kontua, ezta desio kontua ere, noski.

Erdalduntze makina erraldoi batek bezala funtzionatzen du gure hiriak. Gutxi axola dute gure balioek, ideiek eta utopiek. Erdaraz eta erdaratik diseinatuta dago Bilbo, baina «Basque sympathy» pixka batekin funtzionatzeko: euskararen aldeko egitasmoei dirulaguntza ziztrin batzuk emango dizkie, baina ez du indar apur bat ere jarriko bilbotarrok gure egunerokoa euskaraz egiteko oinarrizko baldintzak izan ditzagun. Kafe bat eskatzea, San Mamesen sartzea, eskolaz kanpoko jarduerak, kirola, zinema, antzerkia... erdaraz dira gehienak, denak daude erdaratik eta erdaldunentzako pentsatuta.

Hizkuntza batek ez badio hizkuntza komunitateari haren egunerokoa euskaraz garatzeko aukerarik ematen, jai dute bai hizkuntza komunitate horrek, bai hizkuntzak berak ere. Eta, hala ere, euskaldunok ere, euskal identitatea barne-barneraino sartuta daukagunok ere, gure bizitza erdaraz egin behar dugu, egunero gogorazi behar diogu geure buruari zergatik egiten dugun euskaraz, euskaraz bizitzeak eragiten duen estres linguistikoari aurre egiteko kemenik gabe.

Eta kontua ez da euskaltzaleok aski ez garenik. Ez da lanik egiten ez dugunik. Horretan ari gara, baina, aurrera egiteko, instituzioak behartu behar ditugu, gure komunitatearen parte ez direnak erakarri behar ditugu, eta jada bagarenak ahaldundu. Eta, bide horretan, prozesu eraikitzaile eta kolektiboak behar ditugu. Euskaldunak ez ezik emakumeak, prekarizatuak, etorkinak, etxegabeak, arrazalizatuak eta beste hainbat kolektibo ere Euskal Herrian euren bizi proiektua eraiki ezinik daudelako, eta inor ahaztuko ez duen hiri bat eraikitzeak transbertsalitatea eskatzen duelako derrigor.

Horretarako sortu genuen GUKA, Bilboko euskaltzaleon plaza askea. Euskaltzaleona, euskararen alde egiten duen edonorena delako: euskaraz egiten dugunona, euskaraz ikasi nahi dugunona, orain gutxi Euskal Herrira lan egitera eta bizitzera etorri garenona, estres linguistikoari aurre egiteko gai izan ez garenona... Plaza, plazak beti izan direlako boteregune gure herrian. «Hizkuntza gabe esaidazue nola irtengo naizen plazara» zioen kantak, eta guk zera diogu: «plazarik gabe esadazue nola egingo dudan euskaraz». GUKA ez da, jakina, euskaltzaleon plaza bakarra, milaka eta milaka euskaltzale ari baitira egunero erdalduntze makinaren erdian guztiontzako plazak sortzen: euskaraz entrenatzean, aisialdi taldean euskaraz aritzean, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren kontra euskaraz kaleak hartzean, abenduaren 18an errolda eskubidearen alde egitean... Eta askea, plaza horietako bakoitzak eraikitzen duelako Bilbo askea. Euskal herritar askez osatuko den Bilbo bat amesten dugu, eta askatasunaren aldeko borroka horrek ezinbestean izan behar du euskaraz, ezinbestean feminista, ekologista, antiarrazista eta antifaxista.

Jaieguna izan da orain arte abenduaren 3a, Euskararen Eguna. GUKAtik jaiegun hori borroka egun ere izan dadin nahi dugu: euskaltzaleon plaza askeak eraikitzeko eguna, horretan ari garen guztiok batzeko eguna, erdalduntze makina zapuzten hasteko eguna. Horretarako, denok batera egingo dugu bultza 19.00etan Plaza Eliptikotik abiatuko den manifestazioan.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu