Xanti Begiristain Madotz
Euskaltzalea

Bolantak

Joan den igandean, apirilaren 5ean, Pazko garizumakoarekin, Luzaideko Fernando Arretxe izeneko pilotalekura joan ginen, arratsaldeko bostetarako. Bolanten emanaldi osoa ikusi genuen; arratsaldekoa. Eguerdikoa, aurten galdu genuen.

Datu batzuk jakiteagatik, euskal Wikipedian begiratu eta honako hauxe ikusi dut, Luzaidek 2012an 406 biztanle zituela erroldatuta, eta %65 euskaldunak omen zirela. Azkeneko hauxe diot, zeren eta Luzaiden, herri-erdigunean bertan behinik behin, oso euskara gutxi entzuten baita normalean, eta Udal bandoak ere espainiera hutsean ikusi baititut behin baino gehiagotan, azkeneko aldiz, joan den igandean bertan.


Baina, jarrai dezadan bolanten kontuarekin. Bolanten jaiak inauterietan dute jatorria; hori jakina da, eta egindako dantzek bolant-iantzak hartzen dute izena, jauziak, kalapita-dantzak eta makilarienak barne. Pertsonaia artean ziratepekoak, gorriak, zapuriak, makilariak eta bolantak beraiek dira, eta hauen guztien atzetik atxo eta tupinak joaten dira. Jantziei dagokienez, txapel gorria, espartinak, atorra zuria eta kotoizko galtzak, urrezko esku-bandak, kaskabiloak, eta zinta hori eta gorriak eramaten dituzte bolantek, gizonezkoek. Emakumezkoen deskribapena falta da, zoritxarrez.


Erritmoei dagokienez, aditua eta aritua izan gabe ere, berehalaxe nabarmentzen dira martxak, jauziak, makilarienak, polkak eta abar. Segur aski, erritmo eta doinu horietako asko, kanpotik joanak izanen dira, baina ezin da ukatu bitxia dela, halako herri hain txiki batean, hainbeste doinu, erritmo eta dantza (iantza) erabili izana inauterietan, Migel Angel Sagaseta iturendarrak, bere aspaldiko liburuan jasota gelditu ziren bezalaxe. Ez dakit Euskal Herri osoan izanen ote den beste herririk, hain txikia izanda, beste horrenbeste doinu, erritmo eta dantza iraunarazi dituena inauterietatik. Sagasetaren liburuan, gainera, beste mutxiko, kanta eta dantza askoz gehiago ere agertzen dira.


Beste alde batetik, eta bukatzeko, esan beharra dago, Pazko igandean, Luzaiden ikusi genuen dantzari mordoa ere –bai emakumezkoak, bai gizonezkoak: haurrak, gazteak eta helduak– ez zela makala izan; harrigarri gerta lekioke edozein pertsonari, hainbeste dantzari ikustea herri txiki batean, inauteriak direla-eta (zirela-eta), eta denek jatorria behintzat, hangoa edukita. Bejondeiela!

Bilatu