Mabel Cenizo
Caritas Gipuzkoako Komunikazio, Eragin eta Boluntariotza arduraduna

Boluntariotzan sinestea

Gaur, abenduak 5, Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean, Caritasek Euskadiko biztanleriaren %17ak egiten duen lan boluntarioa eskertu nahi du. Kopuru honek erakusten du elkartasun antolatua gizartean txertatuta dagoela. Baina datu berak erronka bat ere agerian uzten du: boluntariotzaren homogeneotasuna. Parte hartzen dutenen adina, generoa, prestakuntza-maila, egoera sozioekonomikoa eta jatorria oso antzekoak izaten dira; eta horrek ordezkaritza mugatzeaz gain, parte-hartzearen arrakala erakusten du, non gizarte-talde jakin batzuek ia ez dute eskura boluntariotza antolatua.

Egoera honek boluntariotzaren eguneratze sozial eta demokratiko sakona eskatzen du: politika publikoak berrikusi, sarbidean dauden iragazki formal eta informalak identifikatu, eta zereginak eta parte-hartze espazioak nola diseinatzen diren aztertu. Gainera, badago boluntario izan nahi lukeen jende ugari baina antolatutako espazioetan bere lekua aurkitzen ez duena; horrek adierazten du gure ereduek, erritmoek eta deialdi egiteko moduok ez dutela egungo gizartearen aniztasuna nahikoa erakartzen.

Guzti honengatik, erakunde solidarioek eta administrazioek estrategia ausartagoak eta inklusiboagoak sortu beharko genituzke: boluntario izan nahi duen edonork benetan eskura izan dezan, adina, jatorria, ikasketa-maila, egoera ekonomikoa edo muga funtzionalen batekin bizi den kontuan hartu gabe. Ez da antolaketa kontu huts bat; pertsona baliotsu eta sozialki arduratsu sentitzeko esperientzia duina da, eta aukera hori gizarte osoaren eskura egon beharko litzateke.

Nussbaumen ikuspegitik, justizia eta elkartasuna egunerokoan lantzen diren jarrerak dira, eta boluntariotza espazio pribilegiatua izan daiteke horiek praktikatzeko. Horretarako, politika publiko sendoak eta finantzaketa nahikoa behar dira, erakundeek belaunaldi-erreleborako estrategiak, ibilbide migratorioak dituzten pertsonen parte-hartzea errazteko mekanismoak eta bizitza-erritmo desberdinetara egokitutako boluntariotza proposamenak diseinatu ahal izan ditzaten. Halaber, formazio eta akonpainamendu ibilbideak bultzatu, espazio formaletatik kanpo geratu ohi direnen ahalduntze eta parte-hartze prozesuak laguntzeko.

Boluntariotzaren Euskal Estrategiak boluntariotza parte-hartze sozialaren forma espezifiko bat dela azpimarratzen du, komunitatea sendotzekoa eta espazio publikoan eragitekoa. Ikuspegi horretatik, boluntariotza ez da elkarteen jarduerak “aurrera ateratzeko” tresna; baizik eta errealitatea modu kritikoan irakurtzeko, laguntza-sareak sortzeko eta instituzioekin elkarrizketa sustatzeko palanka.

Beraz, boluntariotzan sinestea, bereziki gaur bezalako egun batean, bideak irekitzea eta profilak aniztea da, boluntariotza sozialak zabaltzeko eta sendotzeko, gaur egungo krisi anitzei aurre egiteko: krisi klimatiko eta ekosoziala, zaintza-krisia, desberdintasunen hazkundea, demokraziaren urradura eta bakardade soziala.

Bilatu