Julen Orbea Bereikua

Bozka zabala

Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian indar-harremanak Estatuko gainerako tokietakoak ez bezalakoak dira: eserleku aukera errealak dituen ezkerra, batez ere, subiranista da. BNG, ERC eta EH Bildu elkarrekin 18-19 eserlekutara iristen dira azken proiekzioetan –Soziometroaren eta azken inkesten arabera–, eta hain lehia polarizatuan, non eserleku bakoitzak balantza inklinatu dezakeen, haien bozak edozein sigla txikiren bozak baino gehiago pisatzen du ultraeskuina gelditzeko orduan. Boz bat ere ezin da galdu.

Estatuan, lurraldez lurralde irakurrita, hirugarren edo laugarren postuan geratzea, bozen %10 edo %12rekin, sarritan, ordezkaritzarik gabe geratzea esan nahi du. 

Euskal Herrian, ostera, kontuak argiak dira. Lakuako Gobernuko Soziometroak EH Bildu lehen indar gisa kokatzen du, zazpi eserlekurekin, eta Frente Amplio (%4) eta Podemos (%1,5) ordezkaritzarik gabe geratuko lirateke. Ultraeskuina gelditzeko eta Madrilen presioa egiteko, komeni da ezker konfederalaren boza iristea eta ez galtzea bidean. 

Arabako lau eserlekuak oso estu banatuko dira; Bizkaian, ezker subiranistak hiru eserleku arte lor ditzake, eta boz bakoitzak balio izugarria izango du. Gipuzkoan, PPk berak Voxi Senaturako boza eskatzen dion horretan, ezin da boz antifaxista bat ere galdu. 

Nafarroan, ikasgaia are nabarmenagoa da. 2023an, bigarren diputatu sozialista 3.000 botoren aldean erabaki zen eta Sumar eserlekurik gabe geratu zen. PP-UPN aliantzan lehiatzen dira oraingoan. Aukera dago eskuinari eserleku bat kentzeko boza sakabanatzen ez bada. 

Arrisku handiko hauteskundeak datoz: eskubide sozial, nazional, laboral, zibil eta politikoen atzerakada dakar ultraeskuinak. 

Bi bloke argi marraztuko diren testuinguru horretan, ezkerreko gutxieneko topagunea beharrezkoa da. 

Aukera feminista, ekologista, antimilitarista eta subiranista. Herri-eragileei eta langile-klaseari ahotsa ematen diena, eraldatzera datorrena eta ez berdin administratzera. Auzoetan eta herrietan erroak dituen ezkerra, behin betiko 78ko erregimena ixtea eta herrien erabakitzeko eskubidea bururaino eraman nahi duena. 

Euskal Herrian posible da ultraeskuinari aurre egitea, baina boto bakoitzaren zentzuak garrantzi berezia izango du. Herri eta auzoetan, ezkerreko jendea irabaztera ateratzen bada, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Senatu zein Kongresurako, EH Bildu. Boto bat ere ez da galdu behar. Azaroaren 29an boz subiranista eta ezkertiarra da faxismoaren aurkako euste-horma eraginkorrena. 

Bilatu