«Buru eta gorputz osasuna»? Edo, besterik gabe, «osasuna»?
Historian zehar, zientziak eta espezialitateek aurrera egin ahala, gure gorputza gero eta zati txikiagoetan banatzen joan gara. Espezialista bakoitza bere arlora bideratu da. Horrek onura asko ekarri ditu zientziaren ikuspegitik, baina, horren ondorioz, askotan ahaztu zaigu aurrean gizaki oso bat dugula. Horren ordez, garuna, bihotza, digestio-aparatua, ugaltze-aparatua... ikusten ditugu.
Jada ez diogu aurrean dugun pertsonari osotasunean begiratzen. Askotan, ez dugu esaten duena ere entzuten. Pisu handiagoa ematen diogu froga objektiboetan ikus daitekeenari, eta, froga horietan ezer garrantzitsurik agertzen ez bada, pertsona ondo dagoela ondorioztatzen dugu. Eta hor amaitzen da ondoeza eragiten dion horren jatorria bilatzeko prozesua.
Banaketa horretan, ahaztu egin zaigu giza gorputza osotasun baten parte dela: dena dago lotuta, eta sistema batek besteengan eragina du.
Nahiz eta kontzeptuak banatzea gustuko ez dudan, ulertzea errazagoa izan dadin, osasun mentala eta osasun fisikoa aipatzen jarraituko dut.
Konturatu zara urduri zaudenean edo beldurra sentitzen duzunean, bihotzean, azalean edo digestio-sisteman ere nabaritzen duzula? Eta minaren ondorioz zure egunerokotasuna aldatzen denean, edo zure osasuna arriskuan dagoela sentitzen duzunean, emozionalki ere ez zaudela berdin?
Hori guztia, oso azaleko ikuspegitik begiratuta. Izan ere, ebidentzia ugari ditugu emozioek gure hormonetan duten eraginari buruz. Eta hormona horiek, aldi berean, gorputz osoan eragiten dute.
Adibidez, jaten dugunak, gure inguruan gertatzen denak, estres egoerek, gure jarduera mailak edo lan baldintzek eragin zuzena dute gure osasun fisikoan zein psikologikoan. Eta, aldi berean, gure osasun mentalaren eta fisikoaren egoerak eragina du egoera horiei aurre egiteko dugun moduan.
Horregatik, zaila da belauneko min batek guregan eragin psikologikorik ez izatea. Eta, era berean, zaila da beldur batek gure gorputzean inolako eraginik ez izatea.
Osasuna osotasunean dago. Zaindu osotasunean.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.