Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua
Azpeitiko Ikastola, Ikasberriko bazkideak

Burujabetzaren euskal bidean, ikastola, dabilen herria

Gure herria, 1914-2014 ehun urteren atarian dabil, ikastola bizirik eta etengabe biziberritzen euskal hezkuntza nazionalaren bidea ibilian egiten... eta bide malkartsu horretan, ikastolaren espektatibei huts egiteak, frustrazioa eta ezintasuna probokatzen digu askotan. Horregatik nahi duguna lortzeko, giza aldaketa haundi bat lortzeko egiten denean bezala, egoera jakin batetik, amesten den beste batetarako bidean, indarrak bildu egin behar izaten dira. Nola? Dauden frustrazioaz eta ezintasunaz jabetu eta ideia berrien inguruan itxaropena indartuz.

Beraz, herritar guztiena eta guztientzat delako hezkuntza, herri honen gizarte zibiletik eta bere lidergotzatik amesten dugun horretan norabidea ipinita, nahia argi eduki, irudikatu, egoki adierazi, denon barnean gogo bizia eragin eta geuk eginez sortzea dagokigu. Horrela, estimulatuz eta aktibatuz lortuko ditugu, gizartean etengabe biziberritzeko ideien iturburu den kohesio soziala; jarrera konprometitu osasuntsuak; irudimena eta sormena indartzea; soluzio bereziak eta kostu gutxikoak behin eta berriz asmatzea, eta, herritarron arteko elkarlana, gozagarria eta eraginkorra izatea.

Geure estatu propiorik ez daukagun bitartean, hori lortzeko azken ehun urteetan, eraikitzen ari garen euskal hezkuntza nazionalaren arkitektura propioaren zimendua, ikastola izan da eta da.

Hori dela eta ezer baino lehen argitu nahi dugu, geure hezkuntzaz aritzeko ez dugula Wert-en beharrik. Ez lege aldrebesak egiten dituenean ez da ere onena egiten asmatuko balu ere, eta gainera euskaraz dakien jendeaz baliatzen bada ere. Onenean ere oztopoa da. Euskaldunona da erantzukizuna, herri hau izaten jarraitzeko transmisioa eta garapenerako den hezkuntza, gu euskaldun izaten jarraitzeko, geuk, subjektu izaeraz eskutik eramanez, geuretik, geure erreferentzi propioetatik egitea dagokigu. Hiru gu horietan biltzen da: gu, geuk, geuretik.

Gainera horrela egiten ari garela lideratuz, zaintzea eta baieztatzea dagokie, gizarteak sortutako erakunde sozialetan ordezkaritza eman diegunei. Hau da, euskal gizarte zibilak juridikoki egituratuta, ehun urte hauetan, hezkuntza nazionala, titular bezala egituratuz, eskutik eramaten ari diren gurasoei. Ikastolak gabiltza, beste eremu batzuetan ari garen bezalaxe hezkuntza geure eskutik bermatzeko antolatuta, inposatutako egitura administratiboetatik at, besteak beste, gizartearen euskararen kontseilua, ondarea zaintzen duen Aranzadi, geure ekonomi sarea egiten kooperatibak, euskal hedabide propioak, herriaren haria geuretik etenik gabe eramaten laguntzen duen Nabarralde...

Hainbat erakundetan daude euskera erabiltzen duten pertsonak eta profesional euskaldunak kontratatu dituztenak, bai politikan, sindikalgintzan, hezkuntzan, ekonomian, kulturan eta hedabideetan. Hala ere eremu guzti horietan sare propioak sortzen joan gara, zeudenak, beste estatu bati aitortzen diotelako subjektu politiko izaera eta beste nortasun batetan borobiltzen dutelako gutasuna. Euskaldunok, estatu horientzat eta beraien arkitektura administratiboarentzat objektu gara. Erabaki batzuek hartzeko baimena ematen digute bai, baina beti ere haien agindupean. Euskaldunon etxea okupatu eta jabe ginen horretan bertan maizter bihurtu gaituzte. Hori bai, batzutan hormak zer koloretan margotu erabakitzeko baimena ematen digute. Hori bai, baimendutakoa kentzeko ahalmena beraien esku geldituz beti.

Horregatik, gure etxea konkistatu eta indar militarrez inbaditu arren, eta hori gure gogotik ezabatu nahi arren, gure nortasunaren kontzientzia bizirik dugunez, antolatu ditugu beste hainbeste egitura sozial, politiko eta sindikal subjektu kontzientziatik euskal bidea eginez, subjektu politiko egoera berreskuratzeko independentzia bidea, ibiliz egiten dela ulertzen dugulako.

Une honetako erronka ez da zerbaiten hasiera, bultzada indartsuago eta eraginkorrago egiteko gogoa eta kemena erakutsi nahi dugu. Burujabetza, burujabe arituz lortzen delako. Burujabetza, euskal estatuaren egituraz bermatzea lortu bitartean, egitea dagokigun euskal bidean, politikan, sindikalgintzan, ekonomian, kulturan eta hezkuntzan ere, lidergoa, gizarte zibilean egoteak garrantzi estrategikoa du, herri izaten jarraitzeko.

Horregatik, ez dugu uste, gure aldetik indartsua denik gurea ez den estatuari aldarrikatzea gure hezkuntza. Geurea da erantzukizuna eta horren bermea geure subjektu izaeratik egitean dago. Herritar euskaldunok, auzolana juridikoki egituraturik, ehun urte hauetan geure hezkuntza nazionala gauzatzen ari garenean, ikastola izenarekin, eta aurretik, mendeetan zehar geure egituretatik bermatzen, orain, arriskutsua da lan guzti hori ikusezina bihurtu eta menpeko gauzkaten estatuei geure hezkuntza aldarrikatzean oinarritzea. Horrela egingo dugu burujabetzaren bidea?. Ez da gutxiagorik ere. Herri bati, erabakitzerakoan, subjektu politiko izaera berreskuratzeko bidetik egitea dagokio. Dena ez da berdin.

Ulertzekoa da partidu eta sindikatu abertzaleen lehentasunak, modu jakinekoak izatea, sarritan ulergaitzak oinez gabiltzanontzat, oraindik inor ez garelako ari zelai propioan geuk erabakitako joku erregelak erabiliz jokatzen. Horrela bidea egitea zaila egiten zaigu guztioi eta elkarren aurka aritzea arerio ditugun estatuak indartzea bihurtzen zaigu beti. Argi dagoena da, gizarte zibilaren gainetik egiteak ez duela inoiz justifikaziorik izango, menpekotasuneko bidea delako. Burujabetzarekiko kontrabidea.

Gure ibilbidean aldaketa garrantzitsua da, erakunde bateko eta besteko liderrak, elkarrekiko menpekotasun joeratik jauzia egitea. Denok norabide berberaren inguruan indarrak bilduz, inoren jarraitzaile izatetik aldenduz, eta norbere burujabetzatik, bidelagun bihurtuz norabide jakinean ibiltzea dagokigu. Guztiok bidegile eta bidelagun. Elkar-eragin inteligenteaz bakarrik lortuko dugu burujabetzarako euskal bidean eraginkortasunez aritzea.

Ikastolaren alde, herritarrok, maiatzero Herri Urratsekin hasten garen martxa nazionalean, argi adierazten dugu, gu izaten jarraitzeko ari garela geuk eskutik eramanez eta geuretik, hezkuntza eremuan, euskal bidea, ibiliz egiten.

Bizkaitik segituz Ibilaldia, Araba Euskaraz jarraituz, Gipuzkoan Kilometroak eginez eta hezkuntza nazionalaren bideari Oinez Nafarroa Garaian bukaera emanez.

Bukatzeko bereziki eskertzen diogu -oinarriz estrategikoa delako- urtez urte, zailtasunak zailtasun, euskal etxera haur berria datorrenean, ikastolaren alde egiten duen amari. Baita ere, bidean umea sorbaldan hartuta daraman bikoteari. Herri honen etorkizuna, luzera begiratuz eta eguneroko ibilian egiten dela erakusten diotelako, eta bata eta bestea hezkuntzan konprometituz, seme-alaben euskalduntasuna eskutik eramanez herri honek izaten jarraitzea posible bihurtzen dutelako.

Era berean, ikastolare alde egiten duten irakasleei, aukera errazagoen aurrean, bidelagun bihurtu zaizkigulako, ikasleari, euskalduntasunetik, bere garapen osoan, behin eta berriz aukerak sortu eta sortuz, subjektu izaeratik, zoriontasuna den jarioa bilatzen laguntzen dietelako.

Eskerrak baita ere, herritar laguntzaile askori, auzolanean gurekin aritzeagatik eta Herri Urratsetik Nafarroa Oinezerarte bira nazionalean urte askotan, ozenki eta harro guztioi adierazteagatik: ikastolaren alde gaude, gora ikastolak!.

Gu ere bai, atzo, gaur eta bihar, geurea delako. Gu, geuk, geuretik egina. Bejondeiola herri honi!

Bilatu