Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeña
Aintzat mugimenduko kidea

CCOO, olagarroak, kibutzak, euskarafobia

Koktel berezia gero. Martxelo Otamendik EAEko osasun sailburuari buruz esan bezala, zefalopodo abisalei dien enpatia bera merezi dio euskarak, eta CCOO are gordinago mintzo da euskararen eta euskaldunen aurka. Bere lan osasun, ingurugiro eta hizkuntza politika arduradunaren hitzak. Euskara eskakizunen inguruko kontsentsua dinamitatua ei dago.

Kontsentsuaren animalia mitologikoa. «Nuestro país» delakoa espainolez eta EAEko markoan esanda, dena argi. Egungo euskararen egoera orekatuaz mintzo diren horiek nekez izan dute inoiz arazorik beren herrian beren hizkuntzan bizitzeko, zer esanik ez administrazioak artatuak izateko.

Azken epai euskarafoboen eredugarritasunaz mintzo da langile elkarte hau. Euskaldunak gure jokabideagatik zigortu eta zigorren bidez irakatsi beharreko umeak gara. Gaizki portatu garen umeak. Adostasuna bilatzeko metodologia berria itxuraz.

EAEko biztanleen proportzio baxu batek eskatzen omen du arreta euskaraz administrazioan. Espainiera derrigortu, inposatu, eta hedatu ondoren ohituak gaude. Osakidetza existitzen denetik, osasun arreta espainolez izan da sistematikoki. Euskal Herrian espainiera eta frantsesa ezarrita, langile publikoek dituzten hizkuntza eskakizun hauek (C1 maila sarri), derrigortasun konstituzionala barne, sekula ez dira kexarako motibo izan haientzat.

Jakin badakite zer botere harreman eta ustelkeria dauden EHUn, Osakidetzan, Ertzaintzan, Justizian, etab. Ustelkeria aipatuta, epaile (4tik batek) edo epai batek ezin estali dezakeen egia. Espainieraz diseinatutako LEP hauek sistematikoki ustelak izan dira, dimisioak lotsaz onartuak eta ardura gehienak argitu gabeak. Prozesuaren ondorioak: zigortuak izan beharko liratekeenak, egun sailburu lanetan edota pribatizazioez profitatu diren kliniketako zuzendari.

Ez da kasualitatea administraziorik ilun eta zantarrenak izatea espainol eta frantsesenak, euskararen aurkakotasun handienekoak. Hauexek dira bunker linguistikoak, herria anputatu eta zonifikatzen dutenak, hauexek CCOOeko kideek afinitate gehien aurki ditzatenekoa. Ez da ahaztea komeni, boteredunak eta goi-klasekoak euskarafoboak dira.

Zuzendaritzengatik langileak, pazienteak, denak espainierara eta frantsesera indarrez behartuta, ohikoa da paziente edota langile euskaldun zaharrenek ere osasun terminoak euskaraz ez menperatzea. Itxuraz «kibutz» terminoa egokiagoa litzateke lurralde bat armaz kolonizatu eta bere hizkuntza inposatu duen talde batentzat. Baztertzailea, monolitikoa, sektarioa, hori guztia da CCOO. Baita elitista ere. Garbitzaileek derrigorrez espainolez jakin behar dute, baina ez dute euskaraz idazten jakin behar izateko duintasun nahikorik. Oso ondo.

Arretaren normalizazioaz ari gara hizkuntza normalizazioaz gain. Kalitatezko osasun arreta euskarazkoa dugunontzat ez da baliagarria hizkuntza eskakizunen ehunekoekin dantzan ibiltzea. Euskarazko arreta dugu eskubide eta kalitate berme bakar, edonon, edonoiz, guk eskatu beharrik gabe. Horren aurka jotzea euskaldunon osasunaren aurka jotzea da, gure integritate fisiko eta mentalaren aurka. Horretarako, euskarazko lan inguruneak ezarri edo sortu ezean, nekez normalizatuko da euskarazko arreta, hizkuntza eskakizun edo euskara planik onenekin ere. Euskaraz lan egin, ikasi, bizi, gaixotu eta hil nahi dugulako, ahal izanez gero euskarafoboek nahi duten baino beranduago.

Laster dator euskaraldia. Atxikimenduekin, prentsaurreko, irribarre eta txapekin. Itxurakeria, kalitatezko (euskarazko) arreta normalizaziotik kanpo baztertuta. Noizko jendilaje faltsu hau euskarazko osasungintza, justizia, hezkuntza baten alde? Edo gutxiengo baten pribilegioak mantentzearen alde jarraituko ote dute?

Sindikatu gisa lotsa sentitu beharko zenukete. Osasun publikoa, langileak eta pazienteak saldu dituzue. Salmenta hau euskararen eta euskaldunen aurkako diskurtsoarekin estali nahi izatea ez dago ondo, CCOO. Norbere zaborra etxean garbituta etorri daiteke inor gainerakoei iseka egitera.

Gainerakoak, goazen Euskal Herriko administrazioa, osasungintza normalizatzera, goazen euskalduntzera.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu