Jose Agustin Ozamiz
Uztai Fundazioko lehendakaria

Demokraziaren euskarriak

Musika aztertzean uler daiteke gizarte baten denboraren sentipena. Belaunaldi berrietan, batez ere, nortasunaren eragile funtsezkoa da. Musika denbora ulertzeko modu estetiko bat da, baina gizartearen egoerek egituratutakoa

Demokraziaren euskarriak

Afganistanen gertatutakoa ikusirik, baina baita Errusian, Venezuelan, Turkian, Polonian eta Hungarian ere, eta hainbat lekutan eskuin muturreko alderdiek izandako indartzea kontuan izanik, askotan, galdera hauek sortzen zaizkigu: Mendebaldeko demokrazia zertan datza? Zeintzuk dira demokraziaren euskarriak? Demokraziaren bitartez autoritarismoa finkatu daiteke?

XX. mendeko sistema autoritarioak, faxismoa eta estalinismoa kasu, bizirik mantentzeko, beharrezkoak ziren gezur konspirazionalista handiak, estatu terrorismoa, poliziaren gogorkeria eta zale sutsuak euren martxa eta manifestazioekin. Baina XXI. mendean estiloa aldatu egin da. Muturretako autoritarismoek ez dute jada horrenbesteko muturreko ekintzarik behar. Muturreko ideologia eta gogorkeria barik, bulegoetako laguntzaileak behar ditu autoritarismo berriak. Idazkari laguntzaileok erdi mailako gezur konspiratzaileak landu behar dituzte, gezurrezko errealitate alternatibo bat eraikiz. Marketin modernoaren teknikekin eta audientzia mantentzeko kanpainekin lantzen dute autoritarismo aukera hori.

Autoritarismo berriek lehiakortasuna ekiditen dute eta, askotan, errebantxa eta mendekuaren bila dabiltza, baztertuak izan direlako euren ahultasunagatik. Alderdi edo pertsona autoritarioek leialtasuna exijitzen dute; pertsonarekiko edo partiduarekiko fideltasuna. Ustelkeria eta eraginkortasun eza egon arren. Errealitate alternatibo bat lantzen dute erdi mailako gezurrak erabiliz.

Iraganeko egoera batzuetara bueltatu nahi izaten dute alderdi autoritarioek. Horretara bultzatzeko marketina erabiltzen dute, erdi mailako gezurretan oinarritutako narratiba batekin. Narratiba hori amorruz beteriko mezuekin osotzen dute: sexu bereko ezkontzen aurka, immigrazioaren aurka, gainontzeko alderdietako politikoen ustelkeriaren aurka... Joera horren azpian gaur egungo gizartearen ezagutza sakona al dago? Beharbada.

Uste dugu gure erakunde demokratikoak sendoak eta betirako direla, baina errealitatea ez da horrelakoa. Zibilizazio eta kultura sendoak izan dira lehenago ere, eta ezerezean geratu dira azkenerako, erromatar zibilizazioa kasu. Erromatar Inperioko mendebaldeko kulturaren suntsipena ulertzea ez da erraza, oso konplexua da. Peter Brown historiagilearen arabera, gakoa izan daiteke armada guztiz isolatua geratu zela bai elizatik, baita aristokraziatik ere. Aristokraziak eta elizak bizirauteko ahaleginak egin zituzten, armada isolatuta utzita. Armadako ofizialek ez zuten inolako loturarik ikusten eliza kristauarekin eta agintzen zuen aristokraziarekin. Beraz, izan daiteke inperioaren auziaren arrazoiak funtsez moralak izan izana, ekonomia eta ingurune fisikotik harago.

Hausnarketa egin beharko litzateke gaurko gizarte kontsumistan Mendebaldeko balioek eta egitura tekniko garrantzitsuenek euren artean dituzten harremanen nolakotasunari buruz. Europako egiturak oso ahulak dira, ez dago argi noraino iraun dezaketen herritarrak ez badaude balio batzuekin identifikatuta, balio horiekin bat egiten ez badute, edo eta egitura horien gaineko interesik ez badute.

Azterketa berdina egin daiteke Euskadin ere. Ikus dezagun Eusko Jaurlaritza erakunde independente bezala; noraino daude Euskadiko herritarrak Eusko Jaurlaritzaren balioekin identifikatuta? Esan gura dut, ez bakarrik euskal kontzientzia duten ala ez, baizik eta erakunde ofizialak behar dituzten, sentitzeko eta epaitzeko, balioekin eta tresnekin. Herritarrek Eusko Jaurlaritzarekin duten harremana nolakoa da? Zer interes dute Jaurlaritzarekiko? Norainoko ezagutza dute herritarrek Jaurlaritzaz? Nolakoak dira herritarren ohiturak Jaurlaritzarekin harremanak izateko orduan?

Hobeto ulertzeko gure gizartea ikus dezagun gure sasoiko kulturaren erakusle funtsezko bat: musika. Musika aztertzean uler daiteke gizarte baten denboraren sentipena. Belaunaldi berrietan, batez ere, nortasunaren eragile funtsezkoa da. Musika denbora ulertzeko modu estetiko bat da, baina gizartearen egoerek egituratutakoa. Groove musika da gure sasoiko musika. Mendebaldean hasi zen XX. mende hasieran, eta mundu guztira zabaldu da dagoeneko musika estilo hori. Gorputza mugiarazten duen groove sentipenaren izenarekin ezagutzen dugu musika estilo hori.

Musikak moldatzen ditu gizakien arteko harremanak, baita gizakiek naturarekin dituztenak ere. Melodia batek irauten duen bitartean harreman horiek tinko irauten dute. Musikak orain ez dauden harreman posible batzuk sentiarazi ahal dizkigu. Edertasunari buruz eta estetikari buruz hainbat gogoeta eragiten ditu musikak; denboraren neurketa estetikoa da. Azterketa materialista bat eginda, esan daiteke kapitalismo berantiarraren aroan, musika industrializatu egin dela eta elkarren arteko trukagailu bihurtu dela. Agertoki horretan, elkarren arteko truke izateko balio ekonomikorik ez duenean, musika baztertuta geratzen da.

Euskal gizartean, gizarte txikia garenez, euskal musikak, hemengo artistek sortzen duten musikak, ez du hedadura gehiegi; horregatik, oso zaila da komertzializatzea eta etekin ekonomikoak izatea. Orduan, azterketa materialista horren ikuspegitik, nola geratzen den eta nolako esangura duen aztertu beharko litzateke. Laburki esanda, posible al da euskal herritarrengan euskal musika izatea? Nolako berezitasunak izan beharko lituzke? Beste gauza bat da gure belaunaldi berriek erabiltzen duten musikak, gustatzen zaien musikak, nolako eragina duen eurengan eta nolako esangura duen eurentzat. Ea jarrera demokratikoak ala autoritarioak sustatzeko balioa duen.

Bilatu