Zigor Gartzia Buenetxea
Denon Herria

Dena alperrik bada

«Aitortza administratiboaren izenean, Itziarrek eskatu zaion guztia konplitu du. Pausoz pauso, bata bestearen atzetik baldintza guztiak bete ditu. Eta orain? Zer demontre gertatzen da aitortza hori ematen ez bada? Inolako aitortza administratiborik gabe jarraituko dugula, autonomiarik gabe; ez bagina bezala, luzaroan.»

Orduan zer? Ekainaren 17an bozkatuko da Auzo Udala Debako Udalean eta onartuko ez balitz, Itziarren ez da beste galderarik izango. Nola iritsi gara baina honaino: Itziarri eskatu zaio  segregazio asmoak albo batera uztea. Eta Itziarrek konplitu du. Itziarri eskatu zaio  kontsentsu politiko zabala bilatzea. Eta Itziarrek konplitu du. Itziarri eskatu zaio legearen eta arauen barnean aritzea. Eta Itziarrek konplitu du. Itziarri eskatu zaio  Debaren bideragarritasuna bermatzea. Eta Itziarrek konplitu du. Itziarri eskatu zaio parte hartze zabaleko herri galdeketa egitea. Eta Itziarrek konplitu du. Itziarri eskatu zaio herri galdeketan Auzo Udalak babes zabala izatea. Eta Itziarrek konplitu du. Hori guztiori gutxi balitz, itziartarren %95ek Auzo Udalaren alde bozkatu dute maiatzaren 25eko galdeketan.


Aitortza administratiboaren izenean, Itziarrek eskatu zaion guztia konplitu du. Pausoz pauso, bata bestearen atzetik baldintza guztiak bete ditu. Eta orain? Zer demontre gertatzen da aitortza hori ematen ez bada? Inolako aitortza administratiborik gabe jarraituko dugula, autonomiarik gabe; ez bagina bezala, luzaroan.


Auzo Udalaren proiektuak Debako Udalaren gehiengoa alde duen arren (Ezker Abertzalea, Aralar eta Itziar Herria Sortzen) legeak bi herenen babesa eskatzen dio, eta bi boz falta dira horretarako. EAJ, EA edo Ezker Anitzako zinegotziek alde bozkatu beharko lukete.  


Dagoeneko amorrazioa nagusitzen ari da Itziarren. Dena alperrik bazen, zergatik eskatu zaizkigu horiek guztiak itziartarroi? Engainatuak sentitzen gara, adar jotzea izan da hau guztia. Itxaropen faltsuak emanaz alperrik zorabiatu gaituzte.


Dena alperrik bada, Itziarri jarri zitzaizkion baldintzok ez ziren baldintzak, amarruak ziren. Debaren bideragarritasun bermeak edota galdeketa, huts egin eta Itziarri aurpegiratzeko jarriak. Baina gainditu direnean aintzakotzat hartu nahi ez direnak. Dena alperrik bada, itxaropenik ere ez da. Frustrazio mortala bakarrik. Nor egiten da erantzule?


Legea betetzea, kontsentsu politikoa bilatzea, bozen %95 eskuratzea... Eskatutakoa fin-fin betetzea alperrik bada, gure gizartea zertan da aurrerakoia? Zertan da demokratikoa?
Dena alperrik bada, dena gezurra da. Demokraziari buruz esan zaiguna gezurra da; elkarbizitza hobetu nahi dela gezurra da... Egia bakarra inposizioa da. Eta horren aurrean zer?


Inork ez du ataka horretaraino iritsi nahi. Eta garaiz gaude oraindik. Erabakiak arduraz hartzeko denbora daukagu. Horregatik, EA, EAJ eta Ezker Anitzako zinegotziei Auzo Udalaren alde bozkatzea eskatzen diegu. Eta hori aldarrikatzeko atera da jendea kalera, pasa den igandeko giza katean bezala.

(*) Zigor Gartzia Buenetxearekin batera sinatzen dute: Idoia Izagirre Urteaga, Maria Jesus Aranberri, Ander Zulaika, Ibon Aranberri, Alex Irizar, Miriam Arrizabalaga, Maria Koro Unanue, Lurdes Albizu, Arantxa Lizarralde, Arkaitz Ezenarro, Ihintza Irizar, Aintzane Mujika, Unai Loiola, Bixente Zulaika eta Itziar Irizar

Bilatu