Denetarik
Normalean nazioartera eta bereziki Europara begiratzen duen artikulu hau gaur beste leku batzuetara doa, munduari buelta emanda Euskal Herrira bueltatzeko. Urtarrilaren 25ean Filipinetako Gobernuak eta Bangsamoroko Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuak (MILF Moro Islamic Liberation Front, ingelesez) bake akordio historikoa sinatu zuten Kuala Lumpurren. Hamarkada luzeetako gatazkaren amaierari hasiera ematen dio akordioak. Gatazka honek, besteak beste, 150.000 hildako eragin ditu azken 40 urteetan.
Elkarrizketa eta negoziazioan oinarrituriko prozesua, nazioarteko laguntza garrantzitsuarekin gauzatu da. Bake akordioen puntu delikatuenetako bat inplementazioarena izan ohi da, prozesu asko akordioa lortu eta gero pikutara joaten direlarik. Kasu honetan badirudi inplementazioa gauzatu ahal izateko beharrezko bitartekoak eta denborak ere adostu direla. Dena behar bezala baldin badoa, 2016rako akordioaren adar guztiak beteak beharko lukete.
Bangsamorok autonomia eskuratuko du akordioaren bidez. Hori izan da MILFk irabazi duena. Ez du momentuz independentzia aldarrikatzen jarraituko, hori da Filipinetako Gobernuak lortutakoa. Bi aldeak pozik dira, bi aldeak irabazle suertatu dira, ez dago galtzailerik. Ez da prozesu laburra eta erraza izan. 16 urtetako elkarrizketa eta negoziazioak behar izan dira akordioa erdiesteko. Eta aurrera begira zailtasunak suertatuko dira, baina prozesuaren oinarriak eta erabilitako moduak sendoak dira eta horrek prozesuaren jarraipena eta arrakasta ziurtatzen laguntzen du.
Eta Filipinetatik Uruguaira, Hego Amerikara. Otsailaren 5ean, Uruguaiko Frente Amplio koalizio politikoa sortu zenetik 43 urte bete dira. Haien ezberdintasun ugarien gainetik ideologia askotariko alderdi ugarik elkarren arteko programa adostu eta batera lanean dihardute geroztik. Tabaré Vazquez eta Pepe Mugika, aurreko eta oraingo Uruguaiko lehendakariak Frente Amplioko ordezkariak dira. Datorren urrian berriz ere hauteskundeak egongo dira Uruguain, eta badirudi Tabaré Vazquezek errepika dezakeela Frenteko lehendakaritzarako hautagai bezala, eta hori gertatuz gero hauteskundeak irabaziko lituzkeela dirudi. Konplexuak, gardenak eta oso demokratikoak dira Frentearen barne arauak, ez da erreza horrenbeste alderdi ezberdinen artean baterako proiektu bat aurrera eramatea, hautagaitza adostea, eta hala ere 43 urte daramatzate dagoeneko. Ezkerra zatiketetara ohituago dago nonbait, baina Frente Ampliok erakutsi du ezker indarren arteko elkarlana posible izateaz aparte oso onuragarria dela. Europako ezker “berria” aztertzen badugu, konturatuko gara azken hamarkada eta urteetan Europako hainbat herritan sorturiko ezker alderdiek antzeko oinarria dutela. Greziar Syriza, suediar Vensterpartiet, holandar SP, alemaniar Die Linke eta abarrek horren adibide argia dira. Alderdi progresista ezberdinen batuketaren ondorioz sorturiko mugimendu politiko berriak. EH Bilduk ere bide berdintsua darama, aldaketa sozial eta politikoa eskuratzeko bidean, gehiengoak lortzeko bidean kenketak baino batuketak gauzatu behar direlako. Europar hauteskundeak egingo dira maiatzean eta Europako ezkerrarentzat hitzordu garrantzitsua da, Troikak inposatzen dituen politika neoliberalen kontra, murrizketen kontra indartsu eta alternatibekin azaldu behar delako/garelako. Ez dago bestelako Europa eredu bat eraikitzeko beste biderik.