Andoni Garcia*

Denis Itxasoren ondarea: birziklatzeari zigorra

Zergatik bada birziklatu eta gutxiago sortzeko esfortzua egiten duten herritarrak zigortzearen alde burugogorkeria hori? Errauste plantaren eraikuntza dago horren atzean, errauste plantak sailkatu gabeko hondakin kopuru altua behar du bideragarria izateko eta ez badu lortzen galerak izango ditu. Hori da gehien birziklatzen duenari zigortzeko azken arrazoia.

Gutun irekia Denis Itxasori, EH Bilduko San Markos Mankomunitateko ordezkari ohien izenean:

Aurreko legealdian San Markoko ordezkari ginenok eztabaida ederrak eduki genituen Denis Itxaso, egun diputatu denarekin, eta orduan San Marko presidentea zenarekin. Aurrekontuetan udalen ekarpena zerbitzuen arabera kalkulatu behar zela esaten genuen guk; berak, aldiz, gehien birziklatzen zuten -eta duten- herrien bizkar eskegitzen zuen hondakin gehien sortzen zutenen gastua.

Pasa den legealdian, hondakinen gaineko polemika interesatua sortu zuten Gipuzkoan, eta olatu horren baitan, gehien birziklatzeko ahalegina egiten duten herritarrak ekonomikoki zigortzea izan zen Itxasoren apustua. Orduan, eztabaida auzitegiek itxiko zutela zioen Denis Itxasok. Orain, auzitegiek aurrekontuak era justuan osatzeko eskatzen genuenon alde egin dute, EH Bilduko kideen alde, alegia. Baina Denis Itxasok mankomunitatean utzitako oinordekotzak, epaiaren aurrean entzungor egin eta 2016ko aurrekontuak ere herri bakoitzaren zerbitzu kostuak aintzat hartu gabe onartu dituzte. Honek ondorio zuzena du: Hernani, Oiartzun, Usurbil, Lezo eta Astigarragako herritarrok Donostia, Orereta, Pasaia, Urnieta eta Lasate-Oriako herritarrek sortzen duten hondakinen trataera ere ordaintzen jarraitu beharko dugu.

Bi aldiz eman du gure aldeko epaia Euskadiko Auzitegi Gorenak. Birritan argi adierazi du jasotako zerbitzuen araberako ordainketa egin behar genukeela San Markoko Mankomunitatea osatzen dugun herritarrok. Halaxe diote gainera bertako estatutuek ere. Zergatik bada birziklatu eta gutxiago sortzeko esfortzua egiten duten herritarrak zigortzearen alde burugogorkeria hori? Errauste plantaren eraikuntza dago horren atzean, errauste plantak sailkatu gabeko hondakin kopuru altua behar du bideragarria izateko eta ez badu lortzen galerak izango ditu. Hori da gehien birziklatzen duenari zigortzeko azken arrazoia.

Gu ez gaude dagoeneko San Markoko batzarrean eta Denis Itxaso ere ez, baina berak eragindako kalteak indarrean darrai. Hernaniko, Astigarragako, Usurbilgo, Oiartzungo, Lezoko eta Pasaiako herritarrek kudeaketa injustu horren ondorioz gehiago ordaindu behar izan dute orain arte, eta aurten ere gehiago ordaindu beharko dutela salatu behar dugu. Herritar horien dirua lapurtzen ari dira. Bigarren mailako herritarrak gara San Markoko Mankomunitatean.

Birziklatzeko ahalegina egiten dutenak zigortu eta zabor gehien sortzen dutenak saritzen ari dira. Birziklatzeren aldeko inolako apusturik egin gabe jarraitzen dute, ez dute ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko inolako politikarik, kontrakoa, zaborra sortu eta erre, horixe da euren eredu bakarra!

Gutun hau ez genuke amaitu nahi egoera honen arduradun nagusi den Denis Itxasori mezu zuzen bat helarazi gabe. Berak esan bezala, auzitegiek hitz egin dute, eta egungo San Markoko bere oinordekotzari berau onartu behar dutela adieraztea dagokio. Denis, joka ezazu dagokizun errespetu eta arduraz.

*Sinatzaileak: Andoni Gartzia, Raul Redin, Izaskun Biurrun, Migel Mari Torrea, Oihan Tello, Nerea Sanchez, Beñat Amenabar, Asier San Emeterio, Mertxe Aizpurua, Jose Maria Rivadeneyra, Ainhoa Zabalo eta Mikel Arruti.

Bilatu