Iñigo Asensio Elurbide
Kazetari, sortzaile eta musikaria

DGK, Denok Gara Kultura (edo ez hainbeste)

Noski, gutxik jarriko du zalantzan kulturari ematen zaizkion dirulaguntzek gardenak izan behar ote duten. ETS eta Zetak proiektuek jaso dituztenek inor sumintzea zentzuzkoa da. Baliteke zerrenda horri beste izen batzuk ere gehitu behar izatea. Baina handienari kritika egitea zilegi bezain erraza izan daitekeelako, agian beste zalantza batzuk plazaratzea ere beharrezkoa da.

Hautsak harrotuta dabil gure eszena musikala. Gurea, diot, euskal eszena bakarra dela irudikatu eta pentsatu nahi dugulako maiz. Baina agian ez. 

Dirulaguntza publikoak guztiontzat benetan aukera berekoak, gardenak eta irisgarriak direla pentsatu nahi omen dugulako. Eta azken urteetan ere halaxe izan direla pentsatu. Baina agian ez.

Pentsatuz, bidenabar, hausnarketa sakon bat dagoela mezu publiko eta aski babestu honen atzean. Baina agian ez, agian presak irabazi dio hausnarketari. Sinadurak, analisiari.

Pentsatuz arazoa ez dela pribilegioa bizi duenari bestearen pribilegio handiagoak azkura sortu diola. Ez dela hori. Baina agian bai.

Pentsatuz eztabaida honen barruan sar ditzakegula beste meloi pare bat: 

Esaterako, katxetekin bizi dugun espekulazio kapitalistaren arduradun ere bagarela. Ukatu nahi dugun arren, espekulazio honek ere badakarrela kultura denontzat ez izatea.

Edo, adibidez, hiruzpalau management enpresa direla Euskal Herriko kontratazioaren lobbya. Udalek –eta hainbat jaialdik– programazio boterea galdu dutela «denaegindaemangodizut»-enaren mesedearen tranpan. 

Hedabideetan taldeek duten presentzia, sarien munduan duten aintzatespena eta beste hainbat esparrutan duten espazioa ere denentzat direla pentsa genezakeela. Baina ez direla. 

Pentsa, Denok Gara Kultura, baina dozenaka proiektuk adierazpen hau ikustean izan dute mugimenduaren berri. Sinatzeko denborarik gabe. Egiari zor, nahi bada, oraindik egin daiteke. Baina hausnarketa sakontzeko, zabaltzeko eta autokonplazentzian ez erortzeko garaiz egon gaitezke oraindik.

Eta, azkenik, dirulaguntza garden horiek egon badaude. Aukera berdintasuna bermatzen ote duten beste baterako eztabaida litzateke. Baina diru-laguntza horien funtzio publikoari zintzo helduta galdetu beharko genioke geure buruari ea nori bideratzen ari garen  diru hori. Izan ere, disko baten biran ehunka mila euro fakturatuko dituen proiektu batez ari baldin bagara, agian etxebizitza soziala gehien duenari bideratzearen tamainako paradoxa defendatzen ariko ginateke.

Bilatu