Ignacio Lejardi Fundazuri

¡Dignidad!

 Hori jartzen zuen letra zuriz atzealde gorriaren gainean, gazteleraz idatzita, pasagune hartatik igarotzen ziren guztiek lepoa bihurtu eta ulertu zezaten, zuhaitz batetik bestera lotuta zegoen pankartak. Arratsalde bat igarotzeko era bat izan zitekeen eta bazkalorduan komentatu nien alaba eta emazteari Gabixola bisitatzeko nire asmoa.

Kristoren eguraldi ederra zegoen. Patxada onean aurkitu nuen eguzkirantz eserita. Agurrak egin ondoren hasi zitzaidan bere egoeraren berri ematen. Beno, hasi ez, jarraitu baizik. Bere garunaren txoko batean ‘Nor edo nork’ jarritako mintz-txipa ederki koipeztatuta dauka oraindik.

Mugimendu handia dabil Gabixola, Gabi, kokatuta dagoen tokitik: Paseatzen, adinekoak gehienak, txirrindu eta motor banakak ere bai eta nola ez … kamioiak, tamaina guztietakoak, noski. Ikusten dute bai hainbat garraiolarik. Ikusitik ikasira dagoen bitartea da Gabik betetzen diena han gelditzen diren guztiei. Aurrean daukan mahai ingurura hurbiltzen den orok dauka aukera solasaldian parte hartzeko

. Nabarmen urdindu da gorrizta zetorren bizar hura Lea-Artibai inguruko enpresa bateko enkargatuaren aurrean belaunak dar-dar jarri zitzaizkionetik. Atzerantz begiratu eta mundu bat zeu eta zeure pikete kideen bitartean. Ia berrogei urte igaro dira dagoeneko, baina berdina gertatzeko arrisku galanta. ¡Tira mutilak, zertara etorri gaituk ba?!

Dozena bat kilo galdu arren inoizko itxura onena daukala iruditu zait. Itxura, jelosia, azpijokoa, gaizkinahia … hondamena. Carbonell olio marka batetik haratago ikusten ez genuenok ere, egunean jartzen gara. Pikatxoi bat leporatu eta Atapuercako aztarnategian barneratu gaitu. Kontua da guk ere pala bana hartu eta ostean egotea. Kontua da baita ere, Carbonell gizon ospetsu honek diola gizakion ehuneko hogei soberan gaudela. Gizakiaren etorkizuna jakiteko ez dago eskola hoberik aztarnak ikertzea baino. Galdera da: Nortzuk daude soberan? Ba gutxien trebatuak, jakina! Eskuzko lana ez besterik egiten dakigunok. Eta ez du balio esateak: Sasoian ikasi eta prestatu bazina! Garunetan jarritako txipak ez dira guztiak berdinak. Urte gutxiren baitan, nola edo hala, akabatuak izango gara. Humanizazioa oraindik ez da iritsi, pentsamendu sozial kritikoaren bitartez bakarrik helduko da. Beraz, ezagutzaren sozializazioan aurrera behar dugu, bere onurak lortzeko eta gizarte osoaren ondare bihurtzeko. Espeziaren kontzientzia kritikoak iritsi behar du. Nor gara? Zer gara? Zer nahi dugu geure ondorengoentzako? Norantza goaz? Sarritan entzunak, baina ez amildegira botatzekoak. Gabik ez du irakurtzen, txip ziztrin hori!, edo gutxi behinik behin. Entzundakoaz gidatzen da eta badaki nondik zebilen Orwell 1984 idatzi zuenean.

Lasaitasun osoz egiten du hitz Gabik alkoholarekin izan zituen arazoei buruz. Ez du ezer ezkutatzeko eta horregatik sinesten dut bera eta bere bidezko kausa. Aspaldi zeukan greba hau bur-bur bere barruan. Hiru urte inguru. Iaz gidatzeko baimena kendu zioten eta orain ikusi du aukera. Lanik gabe zegoen gidari bat kontratatu zuen kamioiak zerbitzua ematen jarraitu zezan. Metafora zalea zela gogora datorkit. Gu garraiolariok gara gizartearen odola. Gorputzaren alde desberdinetara berarekin daramaz odolak haiek unean behar dituen bizibideak. Odola lausotzen denean gorputza makaldu egiten da. Eta gelditzen denean hil. Garraiolariok eta informatikariak gara geure jarrera hartzearen ondorioekin kaosa sortuko genukeen bakarretarikoak. Badago zertaz aritu aurretik.

Zamudioko langabetuen taldeko kide bat, edari banatzaile bat, sindikatuko kide bat, Kantabriako garraiolari bat,… Tonua gogortzen du politikariak denak berdinak direla entzuterakoan. Denak ez! Batzuk barruan daude talde bateri ildoa aldatzeko jokamoldea erakusten ahalegintzearen truke. Denak ez. Ah! Ze ondo egongo giñatekeen Cubako terraza batean guk asmaturiko “Plátanos borrachos” dastatzen. Baina orain hau da dagokiguna.

Eta ez uste gure gainetik dauden txotxongilo hauek egiten dutena beraien kabuz egiten dutenik. Sistemaren sustraiak guk uste duguna baino sakonago lurperatuta daude. Gurasoek erakutsi ziguten zintzo jokatzen. Tio Pedrok harrapatu izan banindu seiscientosa talka egin eta mailatuta atarian utzi nionean ez nintzen hemen izango, lepoa bihurrituko baitzidan ziur aski. Eskerrak pare bat egunean izkutatuta egon nintzela.

Eguzkia urrutiko bazterrak urratzen hasia da. Telofono mugikorrak solasaldia mozten du. Inguru honetan estaldura badago, konexioa ere bai, hala nahi izan ezkero. Gure artean esaldiak motzak dira orain. Deabruaren asmakizun hau da errege gaur egun. Lejarditarrak lizarpean utzi ditut sendi-arteko gaien kontu kontari.

Arratsaldea igarotzeko, barkatu … arratsaldeaz gozatzeko eta duintasunez blai egiteko parada ederra Gabixolak eskaintzen diguna.

Bilatu