Josu Naberan

Dokumental baten lekukotasuna Europan barna

Eta ez da soilik lehenaldiko memoria kolektiboa piztu duela. Oraindik garrantzitsuena, seguru, gaur egungo egoera eta etorkizun hurbila ulertu ahal izateko erremintak ematen dizkigula.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu berri den “Apaiz kartzela” dokumentala Europan barna zabalduko da aurki: Katalunian, Galizian, Madrilen eta Bruselan, baita zenbait zinemalditan ere. Francoren eta Vatikanoaren artean itunduriko Zamorako espetxe berezi hura hartzen du gaitzat. Hango borroka antifrankista eta anti-vatikanista, ihes saioa... eta abar.

Egia da hainbat kartzelatako ihes saioak eta bizipenak hunkigarriagoak izan direla, baina zinemak  “Segoviako ihesa” jaso zuen. Hego Ameriketan ere hainbat kontu izan dira, seguru, baina hango «mito» antologikoa Gabriel Garcia Marquesen “Ehun urteko bakardadean” eleberriaren arteak (Buendia, inurriak, amama...) bihurtu zuen memoria kolektibo.

Era bertsuan, Maluta Films-en arteak, Giza Eskubideen Zinemaldiak hautatu izanaren zoriak... eta beste hainbat ausaren eta kausaren zoriak (agian asturuak egokiro lerrokatzeak barne) bihurtu du gurea oroimen kolektibo. Eskerrak Ritxi Lizartza eta taldearen lanari, Kote Camachoren marrazki bizidunei... eta horri guztiari. Eta ez da soilik lehenaldiko memoria kolektiboa piztu duela. Oraindik garrantzitsuena, seguru, gaur egungo egoera eta etorkizun hurbila ulertu ahal izateko erremintak ematen dizkigula.

Ez da inola ere hanpatua zera erratea: planeta mailako zibilizazio-bidegurutze bat bizi dugu oraintxe bertan. Noam Chomsky jaunak are gehiago dio: belaunaldi honek erabakiko du planetako espezieen biziraupena, giza espeziearena barne. Izan ere, politika aldetik, elite plutokrata boteretsu batek hartu du trailan gure gizartea. Mundu krisi «global» honetan –baliabideen agortzea eta populazio hazkunde orokorra– jendea bera mehazteko prest dagoen elite ankerra daukagu agintean.

Ekonomia aldetik, kapital eredu berri bat jarri da abian, langileria are esklaboago bihurtzeko zioa begien bistan ageri duela. Beraiek diote ezin argiago: «mundu hau birdiseinatu beharra dago», «ekonomia erreseteatu beharra». Kapitalismo «liberalaren» eredua ahitu egin zaienez, orain Kapitalismo «oligarkiaren» fasea inposatuko zaigu. Hots, lauzpabost inperiotan eratutako kapitalismoa, enpresa txiki eta erdi-mailakoak irentsiko dituena «kapitalismo berdearen» izenean (larru lodia behar da, gero, hori esateko). Halere, komeni zaien guztia esan dezakete orain, ia den-dena irensten duen «gizarte bezatuan». Bai, gu bezatzen (domestikatzen) ari dira, sekula munduan gertatu ez den esperimentu antropologikoan. Lehen pauso gisa, panikoa darabilte, eta bide batez mafioso ezagunen aberastasuna gizentzen: armak eta farmakoak, farmakoak eta armak... gehi hedabide salduenak, epaile aizunak...

“Bai Mundu Berria” itzuli zuen Xabier Amurizak, “Brave New World” Aldous Huxleyena, dena diseinatuta dagoen mundua (gure bihotza eta burua barne), ia den-dena irensten dugun «gizarte zoriontsuan». Errealitate horren kontrara, batzuek behintzat –Maluta Films-ek eta 60ko hamarkadakook– inoiz baino jarrera kritikoagoz aurkaratuko gaituk.

Bilatu