Joseba Barriola

DSS-2016: kultura? Espektakulua? Simulakroa?

Azken bost mende hauetan merkantzien eremua zabalduz joan da. Lurraren pribatizazioak eta langileen esklabitudeak bidea egin dute, lurra eta langilea merkantzia bihurtuz. Prozesu hau ez da amaitu.

Globalizazio kapitalistarekin muturreraino ematen ari da. Ez da soilik babes soziala, hezkuntza eta osasungintzaren pribatizazioa, estatuen funtzio sozialen pribatizazioa eta/edo merkantilizazioa. ADN-a, jakintza, klima, haziak, sexualitatea, afektibitatea, zaintza, ezzagutza eta pentsamendua, erreprodukzio biologikoa bera… dena merkantzia bihurtzen da. Truke balioa nagusi, «erabiltze balioa» morroi.

Sormenaren kultura eta ondarearen kultura, prozesu honetan sartua dago aspalditik. Kultura ere, kapitalaren akumulaziorako baliagarria den merkantzia bihurtzen da, eta degradazio horren abiada azkartu da azken urtetan. Sistema «antikultural» orokor baten menpe gaude, norbanakoaren eta herrien garapen aske, kritiko eta sortzailea «kontzentrazio eremu kultural» batean preso dago. Kulturaren mekanismo globala (Nobel Saria publizitatea, Hollywood, komunikabideen kontzentrazio empresariala, informazioaren lobbyak eta manipulazioa, unibertsitateen menpekotasuna multinazionalekiko, museoen antolakuntza, turismoaren organizazioa, gerra mediatikoak, interneten kontrolerako egitasmoak, zientziaren finantziazioa, psikologismo merkearen hedapen zabala…) adoktrinamiento global bat egiten ari da. Zurrumbilo horretan atrapatua dago artea. Eta garai batean espiritu kritikoa lantzeko, begirada modu berriak eratzeko, hitz askeak sortzeko funtzioa zuena, orain sumisioaren espiritua hedatzeko eta indartzeko erabiltzen da, edo beraren eraginkortasuna antzutua gelditzen da sistemak jartzen dituen mugetik irten ezinik. Mekanismo global kultural honek ezaugarri nagusiak ditu: mendebaldezentrikoa da (gainontzeko tradizio kulturalak eta hizkuntzak mezpretxatuz), patriarkala da (aski da ohartaraztea publizitatean, zineman, telebistan, historian, filosofian, ekonomian ematen zaioen objektu papera, edo nola den «ikustezina» bihurtua, edo ignoratua, edo nola bizitzaren sortze, babeste eta zaintze lana den des-kontsideratua), eta kapitalista da (balioaniztasunaren simulakroaren azpian, orden bat badago, eta orden horren erdigunean dirua eta diruaren akumulazioa da gainontzeko ustezko balio kultural guztien motorra eta helburua).

Kultura, bere zentzuaren muina galdurik, espektakulo hutsa bihurtu da. Gose eta austerizidio garaian gizarte harmoniatsu eta oparoaren irudia ematen du. Irudi hori ematea da bere funtzioa eta horrela banalizatzen da. Norbaitek (manipulatzeko bitartekoen jabetza duenak) erabakitzen du zer den kultura estimagarria eta zer den kontrakoa. Barne usteldua duen sagar koloretsu dizdiratsua da kulturaren izaera nagusia gaur egun. Iruditeria hutsa.

Hurbil gaitezen gertuagora. Donostia 2016. Zer dugu hemen? Kultura? Espektakulua? Simulakroa? Adibide xume bat. Urteko ebento espektakular honen hasiera espektakularra. Milaka donostiar danborra jotzen kaleetan barna.

a) Historiaren kontrako espektakulu kulturala. Donostiako historian «tanborradak» badu leku bat: protesta ironiko eta ludikoa militarismoaren kontra eta bizitzeko baliabide duinen alde. XIX mendeko gerrateen giroan sorturiko ekimena. Ehundaka urte hauetan (frankismoa eta demokrazia franquista monarkikoa barne) tamborrada izan da herriaren nahiak azalerazteko okasioa. 2016 dela medio tanborrez jotzen da Beethoven-en bederatzigarren sinfoniaren zatia. Zergatik?, Beethoven erdiaroko mirabetzaren aurkako askatasunaren musikaren sortzaile izan zelako? Ez, Europako Batasunaren himno domestikatua delako. Askatasunaren enterradorearen eta militarismoaren praktikante sutsuaren omenez, Europako Batasunaren omenez. Nor izan da Donostian 2016 gonbidaturik? Solana, NATOko buru gerraria (Serbia eta Kosovoren gatazkan, bombardaketak agindu zuena) eta Barroso, austerizidioaren agintari agerikoa eta Irakeko gerra sinatu zenean Bush, Blair eta Aznarren anfitroia Madeira uhartetan. Horien eskutik jaso dugu hiriburutzaren domina. Donostiako Udalak saldu du (eta zeremoniako marionetak papera jokatzera gonbidatuak izan dira donostiarrak) Donostiako tamborradaren zentzu historikoa, eta nori saldu!, eta zeren truke?

b) Hiriaren aurkako espektakulo kulturala. Hiria da eraikuntzak eta batez ere jendea eta jendearen harreman askeak. Horregatik hiria askatasunaren altzoa beharko luke izan. Bainan ez, 2016ean Donostia turista dirudunentzat merkantzia bihurtzen da. Merkantziaren jabeak (Donostiako eta Gipuzkoako handikiak) hiri txukun, dotore, elegante eskeini nahi dute etorriko diren turista dotore eta dirudunen apetentziak asetzeko prestatua. Horregatik estorbo bat dira Kortxoenea eta piratak, traba dira eskaleak eta prostitua pobreak, traba dira langabetuen manifestazioak, etxetik kanporatuen protestak eta presoen aldeko asteroko martxak, traba dira emigranteak eta orohar pobreak. Hiri «garbia», etorriko direnen begiak ez daitezela miseriaren espektakuluaz edo askatasunaren eztandaz desoro ukituak. Zein papera proposatzen zaie 2016ean donostiarrei? Turismo exoterikoa egiteko prestatu den Amazoniako herri indigenaren papera bera. 2016a  operazio espektakularra da eta donostiarrei eskeintzen zaiona da funtsarik gabeko eskaparatean dirudunen monigote autoktono simpatikoa izatea.

c) Kultura bizigarriaren aurkako espektakulo kulturala. Kulturak ez badu gure bizitzaren interroganteekin loturarik, kultura degradatua da, ez du gure erronkei aurre egiteko balio, ez du nahi askatzailearen egoera eta premia berriei erantzuten. Orduan zer da 2016ko kultura? Fetitxe espektakular bat, azpian interes prosaikoenak dituena: nola aprobetxatzen dugu hiriburutza kulturala negozioa egiteko. Eta zerbait gehiago: status quoarekin satisfakzioa agertzea. Bainan nola izan asebetea mehatxuz betea dagoen egoeran? Gerra martxan, etorkinen bazterketa obszenoa, austerizidioak eragindako zatiketa sozial mingarriak, nazioen eskubideen ukazioa… Eta gainera, «kulturaren» Europa troikar horrek probokatua!

Eta zer esan nahi du «Arte eta Kulturaren Kontseilu Probintziala»-ren osaketa berriak? Hori ere espektakuloa, simulakroa? Edo espektakuloa zuritzeko espektakulo instituzionala? Kultura ekologikoa AHT edo errauskailurekin?…

Bilatu