Askapenako kidea
Duela 25 urte Filtron, igandean Hendaian

Guk argi daukagu, duela 25 urte Uruguaiko herriak azaldu legez; inperialismoaren aurrean, internazionalismoa eta herrien independentzia aldarrikatuko dugu.

2019/08/22

Hogeita bost urte igaro dira, munduari Uruguaiko herriak emandako duintasun erakustaldiaren ondotik. 1994ko abuztuaren 24an gertakari batek Euskal Herria eta Uruguaiko herria astindu eta bide batez bi herrien arteko harremana betiko elkartasunez lotu zuen. Milaka uruguaitar Filtroko ospitalearen ateetan bildu ziren Josu Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskaldunei elkartasuna adierazteko. Hauek gose eta egarri greban zeuden borrokan, Estatu espainiarrak beraien estradizioa eskatu ondoren. Era berean, han bildutakoek Uruguain aspalditik ezarritako asilo eskubidea mantendu zedin aldarrikatzen zuten. Poliziaren basakeriak bi hildako eta ehunka zauritu utzi zituen Montevideoko kaleetan.

Orain, 25 urteren ondoren, eta ez soilik duintasunaren izenean, gertakari hura gogoratu eta omenduko dugu, urtero lez.  

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu Fernando Morroni eta Roberto Facal eta bortizki jazarriak izan ziren pertsonak, egiazko elkartasuna eta internazionalismoaren benetako praktika aurrera eramateagatik. Fernandok eta Robertok dena eman zuten.

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu duela 25 urte kalera irten ziren milaka uruguaitarrak. Arduraz, duintasunez eta kontzientziaz, irmoki estatuen injustizia eta interes politiko zekenen aurka borrokatu zirenak.

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu, gaur egun munduaren edozein txokotan inposatutako inperio kapitalista eta munduko orden txikitzailearen errealitatea aldatzeko borrokan diharduten esperantza izpi guztiak.

Eta nola ez, gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu, Norma Morroni eta Filtroko martxa urtero antolatu eta hauspotzen duten kideak, benetako militantzia internazionalistaren adibide praktikoa eginez denontzako eredu eta ikur bilakatu direnak.

Baita ere gogoan izango dugu, eta ez dugu barkatuko Uruguaiko herriaren subiranotasunaren eta asilo eskubidearen aurka Estatu espainiarraren bortxaketa,   poliziaren errepresioa eta erantzule politikoen inpunitatea.

Ekitaldi hau G7aren aurkako kontragailurraren baitan izango da. Duela 25 urteko sarraskiak ez du gaurkotasunik galdu, zoritxarrez hau ez zen gertakari isolatu bat izan. Gaur egun ere, injustizia, inpunitatea eta eskubide urraketak sistematikoki nonahi ageri dira. Gurean omenaldiak jazartzen dira, Espainiako eta Frantziako estatuak eredu dira gizarte zibila inpunitate osoz jazartzen. Negozioak agintzen du mundu osoan, gudaz konkistatzen dira merkatu berriak. Politikaren molde burges klasikoen agorpena gertatu dela edonon dago agerian. Demokraziarenak egin du. Botere ekonomikoak gainerako botere guztiak bahitu ditu: legegilea, exekutiboa, judiziala, mediatikoa. Herritarrak kontuan hartu gabe nazioz gaindiko erabakigune kapitalistek gobernatzen dute mundua, aberatsen nahierara egin eta deseginez, eraiki eta suntsituz, bere garro hiltzaileak planeta osora hedatuz. Hau ikusten ez duena zeharo ezjakina da edo itsututa dago.

Guk argi daukagu, duela 25 urte Uruguaiko herriak azaldu legez; inperialismoaren aurrean, internazionalismoa eta herrien independentzia aldarrikatuko dugu. Ezinbestekoa da. Herri desberdinetako matxinoen saretzea, elkartasuna eta borroka beharrezkoak izango dira orain eta etorkizunean.

Hau honela, herriari omenaldira bertaratzeko deia egiten diogu. Hilaren 23an 13.00etan Hendaiako portuan (Kaneta gunean) izango da zita. Ezin dugu hutsik egin.

Bide batez, bejondeiela eta agur bat urtero-urtero, umiltasun osoz, Askapenako brigadetan parte hartu duten denoi! Bertan ikusiko dugu elkar.

Artikuluak
Jesús González Pazos
2020/02/28
Libertad Francés, Lorena Alemán y Paz Francés*
2020/02/28
Carlos Askunze Elizaga
2020/02/28
Eduardo Santos Itoiz
2020/02/28
Gutunak
Begoña Etxebarria, Maria Aiartza eta 523 sinadura gehiago
2020/02/28
Iñaki Revuelta Lertxundi | Cantante
2020/02/28
Manu Ballesteros
2020/02/26
Ainara Maya Urroz
2020/02/25
Azken post-ak
Fito Rodriguez
2020/02/26