Argi Saiolaberry

Durangoko azoka neoliberala (DAN): hausnarketa ala aukera?

Urtero 100.000 bisitari baino gehiago jasotzen dituen gaur eguneko euskal kulturaren erakustoki eta jai garratzitsuena bezala onartzen den gertakaria da Durangoko Azoka. Egun hauetako komunikabideen iragarki bonbardaketan, aurten 400 nobedadetik gora aurkeztuko omen direla esan digute (autoekoiztutakoak 14) egokitutako 264 erakusmahaietan, eta apeu edo erakargarri bezela 200 kultur ekitaldi baino gehiago antolatuko direla makrogunea osotzen duten 7 gunetan. Arrakasta ziurtatuta dago berriz ere, eta elkarren ondoko 0 zenbakiz neurtuko da, edo aldameneko hustutako kutxez.

Antolatzaileen esanetan, azokaren aurtengo aurrekontua 675.450 eurokoa da: erdia babesle pribatuek (BBK, Euskaltel, Eroski) eta erakusmahaien alokairuarek (1000 euro erakusmahaiko) ordainduko dute, beste erdia erakunde publikoek (biztanle orok). Dena herria kulturaz aberasteko. Antolatzaileek, ozenki, kultur salerosketa eta kontsumorako hiriburu izateko helburuaz gain, zera nabermendu nahi izan dute aurkezpenean: kulturgintzaren sektorean eta Durangoko inguruan Azokak uzten dituen Etekinak. Elkar ulertzen hasi gara...

Izan ere, oraindik euskal kulturaren babaserako argitalpenak edo kultura ekoizle txikien plaza ikusten diren arren, gure buruari galdetu beharko geniokena da XXI. mendeaz geroztik, euskal kulturarentzako baino, ikusten dugun DA (interes ekonomikoa baino ez duten) argitaletxe, disketxe, ekoizpen etxe edo banatzaileen onurarako plaza dan.

Estatistikek eta ikerlanek argi erakutsi digute azkenengo urteetan euskeraren erabilera, bere ezagutza maila, euskalkien egoera, eta gure kulturaren erroen ezagutza (gazte nahiz helduengan) amildegian behera doala; euskal sortzaile gehien, euskalduntze plan-publiko gehien, euskal kulturaren aldeko erakunde, talde zein enpresa gehien daukagun momentuan eta... Azoka gero eta arrakastatsuen den garai beretan, hain zuzen.

Azoka sortu zeneko garaian, orduko autoreez gain, azokak berak euskal kulturaren ezagutzaren hedapenerako zein argitalpeneen bilkurarako garrantzi handiko gunea suposatu zuen. Batez ere diktaduraren bukaeratik aurrera. Argitalpen eta ekimen garrantzitsuak abiarazi ziren euskal kulturaren erroak era sistematiko baten erakusteko lanak, zein oraindik bizirik zeuden gure kultura tradizioaren azken partaideen ezagutza bildu eta aztertzeko lanak. Jendeak formazio eta kulturatze irrika/egarri batekin hartzen zuen Azoka, orduko sasoi haietan hain errez lortu ezin ziren argitalpenak lortzeko aukera bezala. Gaur egun, aldiz, Azokako argitalpen gehienak interneten bidez, edozein merkatal-gunetan edo gure etxe ondoko liburu dendan topa ditzakegu, urte osoan zehar...

Espainiako demokraziaren hasieratik euskal kulturaren estandarizazioa bultzatu da erakundeen aldetik. Horrek sarri, sakoneko azterketarik gabe, kulturaren arlo bakoitzean estandar jakin batzuk aukeratzea eta horiek arlo horretako paradigma bezala erabiltzea ekarri du; oraindik bizirik zeuden ekosistemetako espezie asko iraungipenera halabeharrez bultzatuz.

Estandarizazio prozesuak, mesederako baino, hitz egiteko, dantzatzeko, euskal instrumentu autoktonoak jotzeko, bertsotan aritzeko, abesteko, edo eta beste hainbat kultur ariketetarako erabiltzen diren adibideak, metodoak eta estiloak Euskal Herriko mutur gehienetan berdin-berdinak izatea ekarri du, euskal kulturaren aniztasuna desagertaraziz. Ez genuen uste globalizazioa etxean sartuko genuenik. Alor anitzetan, kultura ekintza ezberdinen gaiari buruzko ezagutza guztiz mugatudun irakasleen figura aldarrikatu da (musika, dantza edo bertso eskolen adibide esanguratsua, esaterako), metodo mugatu horretan formatutako ikasleak hurrengo irakasle bihurtuz geroago. Guzti honen ondorioak agerikoak dira; aste honetako argitalpenetan agertu ez arren...

Azoka merkatu bilakatu eta opari kutxa batean eskeini digute, beherapen eta guzti. Eta guk erosi; hiriburu zein herri. Erabaki askoren ondorio garela esaten digute; bihotzek zein liburuek. Nork sinetsi?

Beraz, ze arrakastari buruz ari zaizkigu Durangon? Zein da ikasleak era masiboan Azokara eraman eta erakartzeko benetako arrazoia? Zer nolako kultura eta eredua bermatzen ari da Azoka? Nor da egun hauetan aberasten dabilena?

Durangorako bidean goazela gure buruari galde diezazkiogu hauek...
Arrakasta zer eta non DAN gure esku dago, eta denborak erakutsiko digu.

Bilatu