Joseba Aurkenerena

Durangoko heretikoak. Sexua eta mistika

Idazleak Erdi Aroan Euskal Herrian agertu zen mugimendu bat aipatu du: Durango aldeko begardoak. "Perfekzio izpirituala eta arimaren gardentasuna" bilatzen zituzten horiek nor ziren azaltzeaz gain, Bizkaiko eskualdean bizi zuten garapena eta bukaera esplikatu du.

Erlijio giristinoaren barruan, eta abantzu bere sortze mendeetatik abiatuta, iritzi, interpretazio edota bide ainitz izan dira, Erromako aita sainduen agintaritzari jarraitu diotenek desbideraketa edo heresia deitu izan dutenak. Erdi Aroan eta Europako luze-zabalean horietako mugimendu ugari izan genituen, horietako bat XV. mendean Euskal Herrian, Bizkaiko Durangaldean izan zena, begardoen heresiaz mintzo naiz.

1.- Nor ziren begardoak?

    XIII. eta eta XIV. mendeetan heresia franko sortu eta zabaldu ziren Europan barna. Horietako bat izan zen begardoen mugimendua. Begardoek perfekzio izpirituala eta arimaren gardentasuna xerkatzen zituzten, eta horien jabe egiten zirelarik, gorputzak eskatzen zien guztia ematen ahal zitzaiola uste zuten, arima garbiak doaiak besterik ez zituelakoan egiten ahal. Beraz, gizaki bekatariarentzat bekatu zena, perfekziora iritsita zen begardoarentzat bertutea zen. Horregatik, perfekzio egoera horretan zirenentzat maitasun librea egin beharreko bertutea zen, familia edota gizarte loturak kontuan hartu gabe, edonorekin eta edozein modutan egin zitekeena. Begardoetako ainitz fraide eta serorak (mojak) ziren, Europan zehar ibiltzen ziren eta gehienetan herritarrek eman sosekin ziren bizi.

    Heresia honen lehen aztarnak Katalunian agertu ziren. XIII. mendean, Kataluniako Inkisizioak hainbat begardo atxilotu eta erre zituenean. 1263an Berenguer de Amoros izenekoa erre zuten, 1320an Pedro Oler Mallorkakoa, 1323an, Gironan, Duran izenekoa, 1344an Jacobo Juste eta haren jarraitzaileak atxilotu zituzten Valentzian, eta abar. Badirudi su garbitzailea ez zela nahikoa izan heresiarekin amaitzeko eta begardoen mugimenduaren ildotik kimu berriak sortu ziren, han eta hemen, hurrengo mendeetan. Horietako bat dugu XV. mendean Durangaldean piztu eta zabaldu zen heresia.

2.- Durangaldeko heretikoak

    XV. mendean, Durangaldean sortu eta hedatu zen heresiaz idatzi zutenei jarraituz, badirudi mugimendu hau hastapenetatik bertako afera izan zela, Durangaldetik kanpo zabaldu ez zen heresia, alegia. Testigantza horietako batzuek erraiten digutenez, dena hasi zen hainbat fraide frantziskotarrek egindako prediku sutsuekin. Prediku edo sermoi horietan, karitatea eskatzeaz gain, senar eta emazteen arteko lotura edo kontratu zibil eta erlijiosoa gaitzetsi zuten. Kroniketan kontatzen dutenez, andreak edo emazteak, etxeak eta familiak utzirik, mendietako leize-zuloetara joaten hasi ziren eta bertan biltzen ziren fraide eta gainerakoekin amodio librea egiteko.

    Frai Alonso de Mella eta Frai Gillen izan omen ziren begardo berantiar horien buru ideologikoak eta trebetasun handiaz jakin zuten sexu librea eta mistika giristinoa ongi uztartzen. Horretaz gain, euskal sinesmen zaharretatik hartutako hainbat elementu emendatu zieten heien praktika eta dotrinari. Horrela, Iduzki Amandrea, zeruko ekibegia ere gurtzen zuten heien otoitz eta praktika erlijiosoetan. Sakramentuak baztertu zituzten eta kastitatea, bertute gisa, zuten kondenatu. Hori dela eta, otoitz egiten zutelarik amodioa edonorekin eta edonola egin zezaketela uste zuten.

    Ez pentsatu zenbait pertsonaren kontua izan zela. Frai Alonsok ba omen zituen bostehun bat jarraitzaile Durangaldean. Hauek inguruetako mendietan bizi ziren, leize-zuloetan aterpeturik, eta kronikek diotenez, han aritzen ziren alberdanian, luxurian, lizunkeriatan, fraide heretikoak, komentuetatik ihes egindako serorak, senarrak abandonaturik joandako emazteak, aita-amengandik liberatutako seme-alaba bihurriak, giristino ernegatuak… eta beste horrelakoak. Gauetan, ilargiaren azpian, akelarreak eta orgia handiak egiten omen zituzten.

Hastapenetan Frai Alonsoren predikuek amodio librera eta otoitz egitera deitzen bazuten ere, denbora igaro ahala, Durangaldeko begardoak bertako botere politikoaren aurka konspiratzen hasi ziren. Batzuren ustez, estatu begardo independente bat egin nahi izan zuten Durangaldean. Hori dela eta, Gaztelako erregeak soldaduak igorri zituen heretikoak atxilo zitzaten. Hori noizbait gertatuko zelakoan jakinik, Durangaldeko heretikoek aitzin hartu eta soldaduen hurbiltzeaz ohartzeko sistema bitxia antolatu zuten. Frai Alonsok Laredotik itsas-barraskiloen maskorrez egindako tronpak ekarrarazi zituen eta mendietan ezarritako begiraleen artean banatu. Horrela, soldaduak hurbiltzen zirenean, begiraleek tronpak jo eta heretikoek ihes egiten zuten Urkiola eta Anbotoko oihanetara. Hortik datorkie durangotarrei inguruetako herritarrek ematen dieten “tronperrikoak” ezizena.


3.- Durangaldeko heretikoen bukaera

    Halako batean, eta lehen aipatu dudan bezala, Frai Alonsok jarraitzaileak armak hartzera eta Durangaldeko estatu independea sortzera deitu zituen. Honek ekarri zion betiko galera. Haren jarraitzaileetako batek bertako agintarien aitzinean zuen salatu eta hauek Inkisizioa deitu zuten. Inkisidoreek Frai Alonso, Frai Gillen eta gainontzeko guztiak eskomulgatu zituzten eta 1444an soldadu talde handiak Durangaldera igorri. Oraingo honetan tronpen bidezko ohartze sistema ez zen nahikoa izan eta heretiko ainitz atxilotu, epaitu eta begardoen sinesteei uko egin nahi ez zieten hamahiru jarraitzaile Durangoko Santa Maria elizaren aitzineko plazan, meza nagusitik irten berriak ziren herritarren aurrean, erre zituzten.

    Hurrengo asteetan ehunka jarraitzaile harrapatu zituzten Urkiolako, Anbotoko eta Udalaitzeko oihanetan zeuzkaten aterpeetan eta auziperatuak izan ziren. Gehien-gehienak Valladolidera eta Santo Domingo de la Calzadara eraman zituzten.

    Baina zer gertatu zen Frai Alonso de Mellarekin? Kroniketan diotenez, itsasoz alde egin omen zuen maitale zituen zazpi serora gazterekin batera. Batelaz Granadako Erresumara iritsi omen ziren. Han ez ziren ongi hartuak izan. Inork ez daki zer agitu zen zazpi emazte gazteekin, ziur aski hango buruzagien harenetan amaitu zuten; Frai Alonso, berriz, kanaberazko gezi zorrotzez josi eta hil zuten.

    Bizkaitar agintari erlijioso eta zibilek, heresiaren zabalkundeaz eta indarraz lotsagorriturik, Frai Alonso de Mella kanpotarra zela zabaldu zuten arren, jakin badakigu Durangoko semea zela, Mella familiak Barrenkale izeneko karrikan zuen etxe dotorean sortua.

    Durangaldeko heretikoen epaiketako agiriak Durangoko Santa Maria elizako Arimen hobian atxiki zituzten, baina XIX. mendearen hasieran soldadu frantsesak herrira sartzear zirela eta, parrokiako kide batek erre zituen etsaien eskuetan ez zitezen erori eta, bide batez, Durango herriaren ohore eta izen giristino ona inork ez zezan zikindu. Hori dela eta, abantzu ez dago dokumenturik Durangoko begardoei buruz. Agiri gabezi horrek eta eskualdeko agintari zibil eta erlijiosoek mendetan ezarritako isiltasunak Durangoko heretikoen afera euskaldunon memoria kolektibotik ezabatu zuten. Hala eta guztiz ere, izan baziren!

Bilatu