EAJ-PNV Hernion

Bertan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko, aldiz, super-hipermerkatu eta saltoki erraldoietarako elikadura-kateak sortzen dituzte, salmenta zuzena eta denda txikietako salmenta zailduz. Ikusi besterik ez dago nolako oztopoak jarri dituzten konfinamendu garaian azokak eta plazak irekitzeko. Kontsumo arduratsuak pentsamendu kritikoa eragiten baitu, eta hori ez da komeni, antza...

2020/07/11

Duela ez hainbeste urte, Zelatunen, Hernioko gurutzearen azpian, hainbat herritarrek elkartaratzea egin genuen gizarte eragile ezberdinek deituta. Bertan, Gazumen, jarri nahi zuten haize-erroten zentral eolikoaren kontrako iritzia erakustea zen gure helburua. Horrelako proiektu espekulatibo eta txikitzaileekin gertatzen den bezala, ondo kostata lortutako informazio apurra eta Errezil bezalako herri txiki baten adorea baliatu genituen tamainako astakeriari ezetz esateko. Momentu hartan lortu genuen proiektua gelditzea, baina epe laburrerako, berriro ere mahai gainean jarri baitute Lakuako bulegoetan. Igande honetan jeltzaleak Iturriotzen gora ikusterekin bat, garai hura etorri zait gogora.

Izan ere, pasa den udan Urkullu lehendakariak klima larrialdi egoera izendatu zuenetik, alderdi hori kontraesanean dabil diskurtsoan eta jardunean. Udazkena plastikoaren kontrako mezuak eta jarrerak sustatzeko aroa izan zen. Han eta hemen antolatu ziren plastikoaren erabileraren murrizketa sustatzeko kanpainak. Surflarien aldarriak, supermerkatuetako plastikoen kontrako iragarkiak, telebista programak... Gaiari serio heldu behar geniola zirudien. Baina, aldi berean, Zubietako erraustegia eraikitzen su eta gar aritu den alderdi berak, ezikusiarena egiten zuen, eta egiten du, Gipuzkoan hondakinen birziklapen eta berrerabilera gero eta okerragoa erakusten duten datuen aurrean. Europak txalotutako hondakinen kudeaketa jasangarriaren bidean egindako aurrerapausoak ezerezean gelditu dira, hein handi batean, PNVk Gipuzkoako Aldunditik egindako lanari esker. Neguan hondakinen kudeaketa negargarri honen hurrengo kapitulua, benetan gordina, ikusi dugu Zaldibarren. Oraindik ere samina eragiten du gertaera lotsagarri hark.

Baina, krisi klimatikoan, eta oro har, krisi ekologiko globalean, eragin handiagoa du Aldundiak nahita isiltzen duen beste faktore batek: lurzoruaren erabilerak. Lurzoruaren artifizializazioa eta higadura edota emankortasunaren galera dira krisi ekologiko globalaren eragile nagusiak, denak begi-bistan gaur Gipuzkoan ez ezik, EAEn. Natur kontserbazioa kimera hutsa bihurtzeko bidean goaz, hirigintzari eta garraio azpi-egiturei lotutako proiektu txikitzaileek habitaten fragmentazioan duten eraginari esker; horri, gainera, monolaborantzan oinarritutako basogintzaren ondorioz, euria egiten duen aldiro ikusten dugun lurzoruaren galera eta nekazaritza intentsiboak eragindako kalteak gehitzen badizkiogu, biribila da ekuazioa. Horiek guztiak ez dira garrantzia bereko gertaerak. Krisi gorrian dagoen basogintza-eredua gure natur ingurunean eragiten ari den inpaktuak alarma guztiak piztu beharko lituzke. Baina ez, Alderdiak ez du kontu hauetan garapen iraunkorraz edota ingurunearekiko errespetuaz hitz egiteko arazorik ikusten. Eukaliptoak eta pinuak landatzea, AHTaren obrak azkartzea eta energia berriztagarrientzako azpiegitura erraldoiak eraikitzea larrialdi klimatikoari aurre egiteko beren errezetaren parte dira. Alderdiaren planetan, bioaniztasunaren galera albo kaltea baino ez da, guztiz bigarren mailako kontua, bizi dugun pandemiaren jatorrizko arrazoia bada ere. Gizakion kontsumoan oinarritzen baita euren eredu ekonomikoa: gizaki kontsumistak dira jomuga.

Balizko garapen iraunkor horren bidean, ekonomia zirkularra eta bertako produktuen kontsumoa dira, azken aldian, behin eta berriro errepikatzen dizkiguten mantrak. Ekonomia zirkularra deitzen diote lehengaien ekoizpenean eta berrerabilpenean gastatzen dugun energia eta materia kontuan hartzen ez duen produkzio-sistemari, ingurumen inpaktuak gutxietsiz, lehengai horien izaera berriztagarria aitzakia hartuta. Bertan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko, aldiz, super-hipermerkatu eta saltoki erraldoietarako elikadura-kateak sortzen dituzte, salmenta zuzena eta denda txikietako salmenta zailduz. Ikusi besterik ez dago nolako oztopoak jarri dituzten konfinamendu garaian azokak eta plazak irekitzeko. Kontsumo arduratsuak pentsamendu kritikoa eragiten baitu, eta hori ez da komeni, antza...

Pandemiaren irteerarako gomendioak dira Jaurlaritzatik: erabilera bakarreko materialak (plastikozkoak ahal dela), kotxeak, etxetresnak eta bestelako gailuak erosteko Renove planak... Lehen ere ia konpultsiboa zen kontsumo akritikoa eta azpiegitura handiak egiteko diru-laguntzak. Aldunditik, berriz, monolaborantza intentsiboan oinarritutako basogintzarako eta mendiak industrializatzeko diru-laguntzak (pistak, azpi-egiturak, haize-errotak...). Honetan guztian ari ote ziren pentsatzen Herniora zihoazen jeltzaleak?

Artikuluak
Iñaki Egaña
2020/08/15
Ane Rotaetxe, Idoia Irastorza, Nerea Olaziregi*
2020/08/15
Cosme Naveda
2020/08/14
Alberto Urteaga, Amaia Leranoz, Lydia Almirantearena, Inés García, Jesús García, Verónica Oliver y Elena Vizcay
2020/08/14
Gutunak
Edorta Agirre
2020/08/14
Fermin Zabaltza Aleman | Administrazioan Euskaraz Taldea
2020/08/13
Eugenia Etxebeste Fuldain | Hernani
2020/08/12
Juan José Dapousa Garma | Bilbo
2020/08/12