Patxi Azparren

EAko sektore kritikoa eta partehartzea

Besteen etxeko aferetan sartzea ez da egokiena, baina talde batek bere gorabehera plazara ateratzea erabakitzen duenean, irakurleoi iritzia ematen aukera ematen digutela pentsa genezake. Horrela bada, nolabait, zilegitzat jotzen dut EAko «sektore kritiko» berriak zabaldu duen iritziaren inguruko hitz batzuk argiratzea.

Bestalde, argazkian ikusi ditudan pertsona batzuk ezagutzen ditudalako, eta batik bat EH Bildu aurretik egon zen Bilduren sorreran parte hartu genuenok garai zail hartan gertatutakoak ezagutu genituelako, interesgarria izan daiteke inpresioak konpartitzea.

Argazkian dauden pertsona batzuk ikusteak ez ninduen horrenbeste harritu, «ezkerra» hitza «aurrerakoi» hitzaz ordezkatu nahi izan duen esparru ideologikoan kokatu baitira beti, eta hortaz, ezker soberanistaren kide izatea askotan ez da guztiz erosoa izan horietako batzuentzat. Euskal Herriko sozialdemokrazian, Europako sozialdemokrazia osoan bezalaxe, krisi larria dago eta alderdi sozialdemokratetan aritutako kide askok egungo testuinguruan hautatzeko beharra izan dute. Askok ezkerrarekin bat egitea erabaki dute, besteek asmakizun berrira hurbildu nahiago izan dute, sozial-liberalismoara, alegia. Gertu ditugu mugimendu horren adibideak: Macron, Valls, Patxi Lopez...

Ziurki sektore politiko berri honetan lerrokatu diren hainbat kide erosoago sentituko lirateke erdialdeko eremu ideologikoetan, ezker eraldatzailearen eremuetan baino. Aldiz, hautu hori ez da, itxuraz, talde honek plazaratu nahi izan duen kritikaren muina, eta horregatik harritu ninduen agerraldi publikoak, ideologiaz hitz egin beharrean partehartzeaz mintzatu direlako.

Batik bat harrigarria da salaketa hori une honetan entzutea, EH Bilduk berezkoa izaera hartzea erabaki duenean, eta kongresu eratzailea egiteko ateak zabaldu dituenean.

Susmagarria, argazkian daudenetako askok ez zuten-eta inolako arazorik izan zerrendetan egoteko berak eta bi egiteko. Bilduren hastapenean barne demokrazia zantzurik ez zegoenean, alegia. Lehengo zuzendaritzaren aginduak betetzea sariak jasotzeko bidea zelarik, arrapaladan eta otzan joan ziren toki eske, eragozpen gutxi garai hartan. Aitzitik, hasieratik partehartze-eza eta gardentasuna-eza EH Bilduren arazo larriena izan zitekeela salatu zuten sektoreek jasan zuten bazterketa politikoan maisu izan ziren sektore kritiko honen ordezkari batzuk.

Beraz, nik behintzat, talde horren gidari dabiltzan jendearen diskurtsoa ez dut sinesten. EH Bildu demokratizatzeko eta birsortzeko egiten ari den ahalegin honi beldur dion politikari profesionalen mugimendu taktikoak besterik ez ditut ikusten, EH Bilduren baitan alderdien kuoten sistemari eutsi nahi dion gure kasta txiki bat.

Paradoxa bat mahaigaineratu dute, euren alderdiaren barruko barne demokrazia gehiago eskatzea, barne botere-harremanetan aldaketa bat sortze aldera, hori lortutakoan, EH Bilduren berfundazioan partehartzeari mugak jartzeko, horra!!!

Eta berriro esan nahi nuke ur hauetan sartzen naizela talde honek euren proposamena hedabideetatik helarazi nahi izan duelako, eta ikusle partaide izateko aukera eman digutelako.

Esan gabe doa, talde horretan, ala edozein talde politikoan, ari den militante-boluntario guztiekiko nire elkartasun eta errespetu handiena duela, ederki baitakigu politikan aritzeko toki askoz erosoagoak eta errazagoak egon badaudela, eta jakin badakit, bertan izena eman duten asko zintzotasun osoz ari direla.

Bilatu