Edu Zabala, inauteria eta kaosaren teoria

Idazleak autoedizioaz hausnartu du. Horretarako Aurkenerenak Edu Zabala idazle eibartarraren azken liburua aipatu du: "Inauteria, gizakia naturaren kontra". Horrek Euskal Herriko eta munduko ihauteriak aipatzen ditu. "Liburuaren luzean inauteriaren sustrai zaharrez eta unibertsoa sortu aitzineko kaosarekin dituen balizko loturez mintzo zaigu luze eta zabal", dio idazleak.

2016/01/18 | 0 iruzkin

Azken urte hauetan, gero eta gehiago dira autoediziora jotzen duten idazleak. Ainitz dira horretara bultzatzen dituzten arrazoiak. Liburugintzan pairatzen ari den krisia dela eta, argitalpenak hautatzeko irizpideak zorrozten eta estutzen ari dira, liburu franko argitaratu gabeen zerrenda luzean utziz. Lehen argitaratzea zaila bazen, orain askoz zailagoa.

Pena da, liburu eder ugari plazaratu gabe gelditzen ari baitira. Autoedizioak leiho bat zabaltzen die idazleei, eta horietako ainitz horretaz baliatzen ari dira euren liburuak plazaratzeko. Arazorik handiena zabalkundea da, dendaz dendako saretik kanpo gelditzen baitira, eta ondorioz, balizko irakurleen begietatik urrun.

Horietako liburu bat dugu, berriki, Edu Zabala idazle eibartarrak autoedizioz kaleratu duen "Inauteria, gizakia naturaren kontra" izeneko saiakera ederra.

1. Nor dugu Edu Zabala?

    Edu Zabala Garagartza 1958an, Eibarren, jaiotako idazlea dugu, aspaldian Donostian bizi dena. Lanbidez irakaslea. 2004an “Inauterietan” izeneko ipuin bilduma gogoangarria kaleratu zuen Gero argitaletxearen bidez. Urte berean eta argitaletxe berarekin, bere lehen eleberria plazaratu zuen, “Ezka” izenekoa. Bertan almadien mundua eta Nafarroako Erresumaren historia trebe uztartzen jakin zuen. 2005ean, “Onddoak, ondo?” titulupeko eleberri umoretsua plazaratu zuen. Hau ere Gero argitaletxearekin.

    2008an bi liburu berri eman zituen argira Hiria argitaletxearekin bitartez. Lehena "Aiako" izenekoa, euskal mundu mitologikoan oinarrituriko eleberria da, trilogia baten lehena omen dena. Bigarren liburua "Zaude" izenburukoa, olerki liburua zen, egilearen gogoeta existentzialen berri ematen zuena.

    Ordutik ez du besterik argitaratu, Hatsaren Poesia literatur aldizkarian aldiro-aldiro atera dituen olerkiak izan ezik. Oraingo liburuarekin zazpi urteko isiltasuna urratu du. Uzta berrien seinale dela erranen nuke nik.

2. Inauteria eta kaosaren teoria

    Liburuaren mamia inauteria da, mundu osoko inauteria, Euskal Herrikoa barne, eta bost kapitulutan banaturiko liburuaren luzean inauteriaren sustrai zaharrez eta unibertsoa sortu aitzineko kaosarekin dituen balizko loturez mintzo zaigu luze eta zabal.

    Lehenengo atalean kaosak mitologia unibertsalean betidanik izan duen zama handia aztertzen du, Greziatik hasita eta euskaldunen, maien, Afrika eta Amerikako hainbat herriren, eta txinatarren hainbat sinesmen zaharrekin alderatuz.  "Kaosa da unibertsoaren aurretiko antolaketa eza, hots, jainko-jainkosen izendapenaren eta oinarrizko indarren aurrekoa" dio idazleak. Euskal mitologiari dagokionez, Altsasuko momotxorroak omen dira, Zabalaren ustez, kaosera eramateko gaitasuna duten euskal inauteri primigenio bakarra.

    Bigarren atalean, magiaren mundua aztertzen du. Bere irudikoz, kaosa eta beldurra dira magiaren bi osagai nagusiak. Naturako elementuak eta euskal inauterikoak alderatzen ditu, horixe baita inauteria, gizakiak naturaren kontra daraman borrokaren adierazle eta errito multzoa. Bere egiten du Lurra izaki biziduna dela defendatzen duen teoria, hau da, GAIA-ren hipotesia. "Ez al da gauza bera garai bateko euskaldunek gurtzen zuten Lur edo Amalurren kontua?" dio Zabalak.

    Hirugarren atalean, kaosaren antolakuntzaz dihardu, eta hortxe aztertzen ditu gure mitologian eta inauterian agertzen zaizkigun hainbat pertsonaia.

Laugarrenean, inauteriak kaosaren eta mitoen antzezpen errituala direla defendatzen du, eta horretarako Lantzeko, Altsasuko, Ituren-Zubietako inoteak eta Zuberoako maskaradak aztertzen ditu: dantzak, sua, izua, joaldunak, ixopoak, momotxorroak, zamalzaina…

Bosgarren kapituluan, gizakiaren betiko ametsaz, hau da, hilezkortasunaz, aritzen zaigu sakon eta luze. "Gizakia da bizidun bakarra jakin badakiena hiltzera kondenatua dagoela, horregatik, hain zuzen, sortzen zaio ziklikoki heriotzatik ihes egiteko nahia" dio horretaz hitz egiten digunean.

Ondoren, Mateo Txisturen mitoa ekartzen digu gogora, baita mundu zabaleko historiatik hartutako beste hainbat adibide ere: Utnapisthin Sumeriako heroi mitologikoa, Grial santua, Thule elkartea, Tibeteko sinesteak… eta bukatzeko, zientziak hilezkortasunaz duen iritzia dakarkigu.  Gai honen inguruan zenbait zalantza sortzen zaizkio: "Ez dakigu noraino iritsi gaitezkeen, baina noizbait hilezkortasuna lortuko bagenu edo aukera hori eskura izango bagenu, etika sartu beharko litzateke jokoan. Zilegi al da gizakia jainko bihurtzea? Zer abantailak ekarriko lizkioke horrelako aurkikuntza batek gizateriari? Nork izango luke dirua hilezkor bilakatzeko, betikoek?".

3. Laburbilduz

    Liburu hau inauteria kaosarekin lotzen duen saiakera da. Egilearen iritziz, inauteria gizakiak naturaren kontra hastapenetatik daraman borrokatik sortua da, etengabeko borroka horren antzezpen errituala. Gizakiak gero eta gehiago meneratzen du izadia. Azken erronka heriotza gainditzea litzateke, hau da, hilezkortasuna lortzea. Horretarako gizateria beste aldi berri batean sartu beharko litzateke, energia unibertsalarekin bat eginez, ama-lurra errespetatuz eta etengabeko ekoizpenari behin betiko amaiera emanez. Bestela, natura izanen da gizakion epaile gupidagabea, beti gertatu den bezala.

    Hauxe da Edu Zabalak ibilbide magiko-mitologiko honetan zehar agertzen digun teoria ausarta. Liburua eskuratu nahi duenak jo dezala honako posta elektronikora:  eduzabala02@gmail.com

    Nire aldetik, buka dezadan idazlearen liburu berriak irakurtzeko dudan irrika aipatuz. Agian, Aiako jeinuaren istorioetan oinarritutako trilogiaren bigarren liburukia. Nork daki!

Artikuluak
Jonathan Martínez
2020/03/29
Txema Mendibil
2020/03/29
Mario Zubiaga
2020/03/29
Gutunak
Esteban Ruiz
2020/03/29
Iñaki Revuelta Lertxundi | Cantante
2020/03/28
Alex Uriarte
2020/03/28
Azken post-ak
Koldo Campos
2020/03/28
Dabid Lazkano
2020/03/21