Juan Maria Sansinenea
Industria Ingeniaritzan doktorea

Egia ofiziala

Batzuek nahi badute herri honetako indarkeriaren liburua ireki eta irakurri, egin dezatela, baina hasieratik eta kapitulu guztiekin. Ez kapitulu batzuk bakarrik, nagusiak eta garrantzitsuenak, beti bezala, itxita mantentzen dituzten bitartean

EAJk egia ofiziala behar du. Era konbentzionalean euskal konfliktuko gatazkaren kontaketen metagatazkan, EAJk bere ekarpena nahi du egin: ez edozein ekarpen, egiarena baizik. Gainera honek ofiziala izan behar du. Jenseits von Gut und Böse. Horrela, “El País” egunkariaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak, bere Bizikidetza eta Bakearen aldeko Plana dela medio, EHUko Historiako irakasle talde bati, azken urteotan herri honetan bizitako gatazkaren historiaren txosten bat enkargatu diola jakin dugu. Artikulu horretan, “El País”eko kazetariak «ezker abertzaleak urte hauetan izan duen estrategiaren inguruan –indarkeriaren inguruan– damutzearen beharraz» hitz egin zuen. Horretarako, helburu hori lortzeko, lagungarria ikusten zuen txosten hori.

Gatazkaren kontakizunen inguruan garatzen ari den metagatazka honetan («la batalla de los relatos» ospetsu horretan) EAJk (eta beste alderdiek, noski) daraman estrategiaz gauza asko esan daiteke, baina badago bat, azpimarratzekoa dena, indarkeriaren garaiaren hasierakoa: 1960. urtea, hain zuzen. Modu honetan, horrela planteatuta, Eusko Jaurlaritzak nahi duen bezala, gure herrian azken 50 urtean izan dugun indarkeria berez sortu zen. Dena endogenoa izan da. Dena aurreko arrazoirik gabe. Berriro, «Dena ETA da», edo hobeto esanda, «Dena ETAren errua izan da». Hemen, gure artean, dirudienez, ez da 40 urte iraun duen erregimen kriminal bat izan, Euskal Herrian 6.000 pertsona baino gehiago erail dituena, horietako asko eta asko oraindik aurkitu gabekoak, eta torturatu, desjabetu, espetxeratu, esklabotza lanetara behartu, erbestera bidali eta gure herriaren kontzientziaren, esentziaren eta existentziaren desagertzea bilatu duena.

Baina ikuspuntu hau ez da berria. Azken finean, Trantsizioa hasi zenetik hona, zer egin du EAJk, Eusko Jaurlaritzatik, frankismoaren historia kriminala agerian ipintzeko? Noiz Frankismoaren Biktimen aldeko Lege bat bultzatu eta onartu? Noiz Frankismoaren Biktimen Erregistro bat egin? Noiz ipini du martxan plan serio eta koherente bat, administraziotik gidatuta eta kudeatuta, frankismoak eragindako biktimen hilobiak aurkitzeko eta ez, kasu onenetan, modu subsidiario, familien iniziatiben ondoan agertzeko? Biktima horiek ETArenak izango balira berdin egingo zuen? Nahikoa al da, noizean behin, frankismoaren hilobi berri bat agertzen denean, Erkoreka jauna bidaltzea, ikurrinaren ondoan argazkian agertzeko?

Adibide moduan, ezker abertzalea Donostiako Udalean izan arte itxaron izan behar dugu, Donostian frankistek ia 400 pertsona (ETAk bere ibilbide osoan egindako biktimen erdia, hiri batean bakarrik!) erail zituztela jakiteko. Eta haren memoria modu duin batean gogoratzeko. Aurreko EAJko (eta PSOEko) agintariek ez zuten, dirudienez, hori egiteko nahiko denborarik izan. Baina, jakina, frankismoaren krimenak behar zen moduan salatzeko (eta ez salaketa erretoriko eta orokorretan erortzeko!), horrek garai hartako kriminalen ideologiaren gaurko ordezkariei (PP eta UPN alderdiak, batez ere) aurre egitea suposatuko zukeen. Eta hemen, Trantsiziotik hona, frankismoaren krimenen inguruan PPko eta UPNko eskuin espainiar erradikalak (ez honek bakarrik) bultzatutako omertà-ra ondo egokitu da EAJ. Batzuk oso azkarrak dira oraingo ezker abertzalea anni di piombo-ko garaikoarekin identifikatzen, baina askok ere badakigu garai bateko Por Dios y por España-ren ideologia bultzatzen zutenak ez direla wie Nacht und Nebel verschwunden (gaua eta lainoa bezala desagertu), naziek esaten zuten bezala. Ondo identifikatuak daude gaur egun ere. Testuinguru honetan, eta Alemaniako nazi garaiaren bukaeran egiten zen moduan, bertako populazioa Lager-en ondoan ireki berriak izan ziren hilobietara am Rand des Ensetzens (Izuaren ondoan) behartuta eramanez, hemen ere, gure artean, noizean behin oraindik agertzen diren Gerra Zibil garaiko hilobi berriekin antzeko zerbait egin beharko litzateke, kasu honetan PPko eta UPNko politikariak eramanez, bere ideologiaren izenean herri honetan egin zen sarraskia ikus dezaten.

Baina ez dira hemen bukatzen, ez, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Bake Planak ekarriko dizkigun sorpresak. ETA hasi zenetik hona, 5.000tik 10.000ra artean tortura kasu izan direlako zantzu nahiko dago. Horretarako dago Euskal Memoria Fundazioaren ordain ezinezko lana. Eta hori, berriro 1960tik hona. Zenbat tortura kasu 1936an faxismoa inposatu zenetik? Meliton Manzanas izenak zerbait esaten al die batzuei? Edo honen lana ere ETAk sortu al zuen? Tortura kasuak behar bezala tratatzeko, maiz, Egiaren Batzordearen beharra mahaigaineratu da. Baina hori ez da Bake Planaren ideologoek buruan dutena. Batzorde horrek arriskutan jarriko luke auzi honi inposatu nahiko dioten kontrola. Kasu gehiegi. Milaka. Eta batez ere agerian ipiniko luke tortura fenomenoaren aurrean batzuek mantendu duten isiltasun eskandalagarria. Eta zailtasun handitan ipiniko lituzke harremanak, «codecisión»-eko Estatutu Berria sinatu nahi dutenekin. Azken finean, egia da, gehiegikeria batzuk egin ziren, baina denak Espainiaren batasunaren alde. Ez dugu, beraz, horregatik urduri ipini behar. Turkian, gure kasuarekin alderatzeko, orain dela gutxiko antzeko kasuetan, tortura erabili izanaren  errudun batzuk betirako kartzelako kondena jaso dute, eta Turkia ez zen alor honetan ereduzko estatu kontsideratua. Hobe, orduan, 200-400eko lagin batekin aritu. Gero, horietatik, 50 edo 70 kasutara pasako dugu. Besteak, frogen faltagatik baztertuak izango dira. Orduan zergatik 10.000rekin aritu ordez, 200enekin ez aritu? Kasu guztiak 200 edo 10.000 izan, ez da kasu bat bera ere prozedura penalera pasako. Hemen ere, frankismoaren hilobietako erailketa kasu guztietan bezala, berriro, Espainiaren batasunaren aurkako eta aldeko delituen arteko asimetria osoa ezin nabarmenago geratuko da. Hor daude, gogoratzea ez da inoiz soberan, GALeko errudunen kasu guztiak, Alacanteko hondartzetan ondo merezitako atsedenaldia disfrutatzen, eta X jauna, hainbeste administrazio batzordetan partaide, aberriaren aldeko sufrimenduengatik, bere lansaria jasoz.

EAJk (edo Bake Planeko arduradunak, azken finean, hauek bere transmisio uhala besterik ez dira) ez du jende asko engainatuko. Batzuk bai, baina gutxi. Ez ezker abertzaleko asko. Alor honetan bilatzen dituen helburuak ez dira etikaren aldekoak, guztiz politikoak baizik. Ezker abertzaleari «azken urte hauetan izandako jarreren errebisio beharra»-ren alde etengabe botatako aldarrikapenek arriskutsuki gertu (azken europar hauteskundeetan lehenengo indarra Hego Euskal Herrian!) ikusten duen ezker abertzalearen posizio politikoa ahultzea baizik ez dute bilatzen. Urte hauetan ezker abertzalearen jarrera ezegokia izan bada, hori esatea bere hautesleriari dagokio. Eta ez dirudi gauzak norabide horretan doazenik. EAJk nahi badu azken 50 urte hauetan ezker abertzaleak izan duen estrategia politikoa aztertu, hobe luke bere estrategia propioarekin hastea. Adibidez, herri honetan askok eskertuko genuke azalpenak ematea urte hauetan alderdi honek indar espainolistekin izan duen paktuen politikaz edo gerra zikinean leporaino sartuta zegoen alderdi batekin mantendu dituen hitzarmenez edo presoen dispertsioaren inguruko politikaz edo frankismoaren krimenak ez salatzeko  mantendu duen politikaz, puntu batzuetara besterik ez mugatuz.

Azken 50 urte hauek gogorrak izan dira, egia da. Baina, inondik inora ez aurreko 25 urtekoak baino gogorragoak. Frankismoak eta espainolismo erradikalak gure herrian eragindako sufrimenduak, izuak eta minak ez daukate konparaziorik beranduago etorri zen edozein indarkeriazko fenomenorekin. Eta, gainera, frankismoak eragindako indarkeria beranduago etorri zen erantzunezko biolentziaren arrazoia nagusia eta ia bakarra izan zen. Batzuek, frankistek eta espainiar erradikalek hain zuzen, gure hilerrietatik hildakoen oroitarriak erauzi zituzten, horiek euskaraz zeudelako, Pandoraren biolentziaren kutxa ireki zuten eta ezaguna da kutxa hori behin irekita ez dela erraza berriro ixten. Batzuek esplikatu beharko digute zergatik ETAren inguruan eragindako indarkeriak sortutako zauriak osatu behar ditugun orain baina ez frankismoak eragindakoak, hauek amortizatuak izango balira bezala. Edo zergatik seme edo alaba batek, 1936an bere aita Por Dios y por España-ren izenean fusilatua izan zena eta edozein errepidetan lurperatuta jarraitzen duena, eta azken 40 urte hauetan ezker abertzalearekin bat etorri delako, orain berak edo bere izenean beste batzuek estrategia politiko bati emandako laguntzagatik barkamena eskatu behar duen. Batzuek nahi badute herri honetako indarkeriaren liburua ireki eta irakurri, egin dezatela, baina hasieratik eta kapitulu guztiekin. Ez kapitulu batzuk bakarrik, nagusiak eta garrantzitsuenak, beti bezala, itxita mantentzen dituzten bitartean.

Bilatu