Iñaki Lasa Nuin

Eguzkiari begira

Udako solstizioa. Nork orain begira diezaioke eguzkiari! Bere indar eta distirak itsutzen gaitu. Bera da errege, bera nagusi. Gizakiak antzina antzinatik hori badaki eta munduko bazter guztietan errege ez ezik, jainko ere bihurtu zuten eta bizia, argia eta berotasuna ematen digun suzko bola hori ahuspez gurtu. Euskaldunon mitologian ere Eki (eguzkia) jainkoa zen, Mari jainkosa eta beste jainko batzuen artean. Ez dakigu ziur eguzki faltak zer suposatuko lukeen, ez baikara eguzkitik bakarrik bizi, unibertsoan beste indar batzuk ere bai baitira. Hasteko, orain dugun orbitarik ez genuke izango eta noraezean ibiliko ginateke, iraungo genukeen bitartean... auskalo!

Gertatu oi den bezala, mitologia bat beste mitologia batek ordezkatu zuen eta Ekialde Erditik etorritako mitologiak teozentrismo bat ezarri zigun, asmatutako gizaki itsurako jainko bat, den guztiaren erdigune, neurri eta ardatz ezarriaz. Duela 40.000 urte edo, agian, 80.000 urte –ez dakit zenbat milaka urte– eguzkia jarraituz eta goratuz bizi ondoren, duela 4.000 urteren bueltan ekarri ziguten giza-jainko horretan erori ginen. Esan dezakegu gure arbasoek heliozentrismo bat bizi izan zutela teozentismoaren antzeko zerbait, baina eguzkia ez zuten asmatu. Egia da, gure Garai Aurreko IV. Mendean Antoko Heraclidesek eta Samosko Aristarcok adierazi zutela nola eguzkia zen ezagutzen zuten astronomiako sistemaren erdigunea. Hamazortzi mende geroago, XVI. mendean, Nikolas Copernicok eta geroago Galileok demostratu zuten eguzkia zela erdigunea, ardatza, eta ez lurra, geozentrismoa, ordu-arte pentsatzen zuten bezala. Justu-justu libratu ziren inkisizioko sugarretatik hori esateagatik. Gaur egun, egia da, astronomoek eta astrofisikoek lurra erabiltzen dutela erdigune bezala batez ere distantziak eta neurtzerakoan.

Teozentrismoa izan zen XVI. mende-arte jaun eta jabe eta oraindik ere ez da itzali noski, baina humanismoko ideiekin batera antropozentrismoa sortu zen: Gizakia gauza guztien erdigune, neurri eta ardatz; dena bere inguruan mugitzen da. Izarrak urruti geratzen zaizkio baina, hala ere, bereak balira bezala hartzen ditu.

Historiak eman dizkigu makina bat erdigune edo... zentrismo eta ongi dago hauek denak gogoratzea, gaur bertan unibertsoari begiratzean norberaren kokapena aurkitzeko: izarretan, eguzkian, ilargian ala lurrean. Baina kezkatu beste zentrismo batzuek kezkatzen naute, adibidez egozentrismoak. Egoa esanda nahikoa da hori beti erdigune izaten omen da eta: Ni eta nire ni. Gaur egun egoismoa ez ezik nartzisismoa ere asko nabari da. Norberekiko begirada eta itxurazko gorputz fisikoaren zaintza –gimnasioak asko ugaritu dira azken aldian– eta fisikoaren goratzarrea handia da.

Baina, oraindik ere gehiago kezkatzen nau egozentrismo kolektiboak. (Euskaraz hobeto legoke «gizatalde berekoiak» esatea baina «zentrismo» horrekin jarraitu nahi izan dut). Gizatalde asko dira nortasun handikoak direnak itxuraz, baina, barnean, disimuluan, ego multzo handia dago eta hauek taldearen izenean eta babesean euren nahiak eta taldearenak bultzatzen dituzte. Batzuek gainera, taldea euren egoaren terapia bat bezala hartzen dute eta sendatu beharrean gaixotasuna areagotu egiten zaie. Norbaitek esango luke edonor talde batean sartzen denean edo talde batekin identifikatzen denean berekoitasunik gabe besteenganako joera duela eta guztiz altruista dela, baina beti ez da horrela izaten. Asko dira era honetako taldeak eta ez beldurtu aipatzen: nazio bat, nazionalismo asko (etnozentrismoak), partidu politikoak, enpresak, instituzioak (erlijioak), elkarteak, koadrilak, futbol taldeak, eta abar. Egoak norbanakoa izaten jarraitzen du eta gainera taldekoan parte hartu.

Taldeko egoak norbanako egoaren behar berdinak ditu eta oso errez sar daiteke arazoetan, hori bai, beti taldearen izenean, berea ez den beste talde batzuen kontra. Hasi pentsatzen, berehala etorriko zaizkizu burura zenbait giza jokaera.

A! eta ez dugu ezer aipatu oraingoan androzentrismoari (matxismoari) buruz. Gizonezkoa gizakien arteko harremanen erdigune. Eta homozentrismoa edo antropozentrismoa? Gizakia beste bizidun guztien errege, jaun eta jabe. Bada oraindik ere zer esana, «zentrismoa» dela eta. Gaur eguzkia dugu buru gainean erdi-erdian. Udako solstizioa.

Bilatu