Aitor Leiza Alberdi
Naturkon

Ehizaren kudeaketa Gipuzkoan

Ehiztarien Federazioak ehizatzeko eskubideak ukiezinak bailiran defendatzen ditu, eta euren jarduera gizarteari egiten zaion mesedea delakoan, errekonozimendua eskatzen du. Armatutako pertsonak mendian ibiltzeak eragiten dituen arriskuak eta lasaitasun eza ahaztuta.

Urtean behin deitzen du ehiza-kontseilua Gipuzkoako Aldundiak. Bilera horren helburu nagusia izaten da urtero onartu behar den Ehiza Agindua hainbat eragilerekin partekatzea, aurtengo bileran basurdeen ugaritzeak landa-eremuan eragin dituen kalteen kudeaketak garrantzia berezia hartu badu ere.
 
Ehiza Federazioa, nekazaritza-sindikatuak, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariak, deitzen dituzte bilera horretara Aldundiko arduradunek. Berez, osaketa egokia eta orekatua dela pentsa liteke interes guztien defentsari erreparatuz gero: basa-bizitzaren ustiapena –heriotza– jardunbide duten ehiztariak, basa-bizitzaren kalteak bizi dituzten baserritarrak, basa-bizitzaren defentsa helburu dugun natur kontserbazionistak, eta ikertzaileak zein administrazioa, auzi honen ardatz teknikoak izan beharko luketenak. Kontua, ordea, oso bestelakoa da. Ehiza ez da biodibertsitatearen ikerketatik ateratako ondorioen baitan kudeatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako biodibertsitatearen kontserbazioa lehenesten, eta horrek erabat desorekatzen ditu natur kontserbazioaren aldeko interesak ehizaren aldekoen mesedetan. Ondare naturala, eta beraz, biodibertsitatea, eskubide modura aitortzen zaigu, baina ez da printzipio horren baitan ez arautzen, ez kudeatzen. Ehizatzeko eskubidea lehenesten du Aldundiak eta ehizari jarri behar eta jarri nahi zaizkion mugak ahalik eta txikienak izateko justifikazioak eraikitzea izaten da Aldundiko ordezkarien jarduna, horretarako ehiztariekin erabat lerrokatzen direlarik (teknikariak barne).
 
Ehizatzeko eskubidea ez da auzitan jartzen. Eskubide historiko eta unibertsal modura defendatzen du Ehiztarien Federazioak. Zientziaren itxura ematen dio bere diskurtsoari, inoiz bistaratzen ez dituen ikerketa independenteen eta handik eta hemendik jasotako ebidentzien izenean. Ehizatzeko eskubideak ukiezinak bailiran defendatzen ditu, eta euren jarduera gizarteari egiten zaion mesedea delakoan, errekonozimendua eskatzen du. Armatutako pertsonak mendian ibiltzeak eragiten dituen arriskuak eta lasaitasun eza ahaztuta.
 
Oso gogorra da ehiza-federazioko arduradunaren oldarraldia bizitzea, gainbehera bizi duten espezieen alde zer egiten ari diren galdezka ikertzaile eta kontserbazionistei, Aldundiko arduradunak isil isilik dauden bitartean. Ehiztarientzat naturaren zaintza ez da administrazioaren zeregina, natur kontserbazionistona baizik. Zuzeneko harremana dute Aldundiko ordezkariekin euren «negozioa» kudeatzeko; hor biltzen garen gainerakoak etsaiak edo oztopoa gara.
 
Aurtengo bileran, basurdeek baserritarrei eragindako kalteak kudeatzeko ehiztariek eta Aldundiak adostutako sistemak baserritarrengan eragindako haserrearen testigu izan gara. Auzi honek erakusten du jatorrian zalantzazko oinarri zientifikoak dituen kudeaketa, edozein ezusteko gertaera esanguratsuren aurrean, zeinen ahula den. Basurde-populazioan eragindako kalteak ez ditu inork bere gain hartzen, administrazioak ere ez, kalteak baserritarrei eragindakoak bakarrik, baitira (eta hauen zenbatekoa ere ez zaigu erakusten). Basurdea eta orkatza urtean zortzi hilabetez eta astean lau egunez ehizatu daitezke: urtean ia 130 egunetan zehar. Honek sekulako presioa eragiten du animalia basati askorengan: txakurrek hegaztiak altxatzen dituzte, ugaztunen, hegaztien eta abarren ugalketa etenten dituzte... Kalte horiek ere ez dira zenbatzen.
 
Egiteko eta pentsatzeko modu hauek aldatu ezean, alferrik gabiltza, eta biodibertsitatearen galera saihestezina izango da. Pentsamendu garaikideak ez du ehiza eskubide moduan onartzen, anakronikoa da jarduera hau, eta beraz, ehiza kudeatzeko modua errotik aldatu behar da. Ikerketa zientifikoetan oinarrituta eta seguritatea bermatuko den eremuetan, ehizak kaltetzen ez dituen edota ehizaren bidez kontrolatu behar diren espezieen kasuan soilik baimendu beharko litzateke ehiza. Ehizaren kudeaketa aldatu behar du administrazioak: legeak, araudia eta kudeaketa eredua. Dena aldatzeko dago, inoiz baino larriago bizi dugun krisi ekologiko honek aterabiderik izango badu.

Gipuzkoako hamasei erakunde naturalista eta kontserbazionistak sortutako kolektiboa da Naturkon, eta natura eta ingurumena kontserbatzearen alde jokatzea eta erakundeei hala jokaaraztea du helburua. Horreterako bere kezkak helarazten dizkie botere publikoei, lege-aldaketak proposatzen dizkie, ingurumenaren eta lurraldearen alde indarrean dauden lege-arauak bete ditzatela exijitzen die eta haien aurrean salatzen ditu arlo honetan etenik gabe egiten diren gehiegikeriak.

Bilatu