EHUko errektoretza berria gaizki hasi da, euskarazko osasun arretaren prestigioaren aurka
Sekulakoa da Euskal Herrian Unibertsitateek duten ardura. Ardura sozial honetatik euskaraz ikasi, lan egin, gaixotu, bizi eta hiltzeko aukera erauzi izana koherentetzat jotzen dute EHUko osasun zientzien fakultateko dekanotzak eta errektoretza berriak. Kalitatezko (euskarazko) osasun arretaren beharra ez da bakarrik osasun administrazioen ardura.
Dekanotza honen burua lasai asko gelditu da prentsan medikuntzako euskarazko matrikulazio datu batzuk botata. Bilakaera ona da itxuraz. Euskalgintza instituzionalaren mantra: aurrera goaz. Ez du sekula aipatuko zenbat ikasgai dauden oraindik euskaratu gabe, zenbat irakasle euskara maila duinik gabe, zenbat aldiz uzten diren osasun langile euskaldunak irakaskuntzatik kanpo, kontratazio elebakarrak onartuz (espainolezkoak noski).
Urterik urte ikasleek soilik azalerazten dituzten datuak jarraituz, azken 20 urteetan ez da aurrerapauso nabarmenik eman euskal lerroan. Aldiz, bai atzerapausoak hemen eta han, anatomia patologikoko irakasgaian kasu. Medikuntza, erizaintza, fisioterapia, odontologia, ezin dira euskaraz osorik egin, (teoria, praktikak, hautazkoak kontuan hartuta) inon ere ez. 50 urteren ondoren.
Aurpegi gogorra behar da, dekano jauna. Nola espero duzue gizarteak euskarazko formazioa aintzat hartzea, zuek bazarete berau oztopatzen dutenak. Euskaldunak segregatu eta estigmatizatzen jarraitzen du EHUk.
Ikasle euskaldunen formazioa, irakasle euskaldunen lana, osasun langileen lana, baina gehienbat, paziente euskaldunen osasuna tronpatuta, zuek zarete benetan lerro honen prestigioaren aurka ari direnak. Hala ere, euskarazko ikasketak eta lana babesten jarraituko dugu, gure pazienteen hobe beharrez.
EHUk zor handia du euskaldunekiko. Bere sailetan ustelkeria da nagusi. Medikuntza sailak, Kirurgia, erradiologia eta medikuntza fisikoarenak, Espezialitate mediku kirurgikoenak, (eta beste zenbaitek) sistematikoki osasun langile euskaldunak haien lan deialdietatik kanpo uzten dituzte.
Kontratazioa zalantzazkoa, nahierarakoa eta ezkutukoa da ia beti. Lagunei edo politikoki abegikoei eskaintzen zaizkie plazak, eta aurkakoei (euskaldunei) mehatxupean ez aurkezteko presio egiten zaie. Horra EHUren egiturazko ustelkeria, horra egiturazko izaera espainiar nazionalkatolikoa.
Behin mehatxuei kasu egin ez eta bertan sartuta ere, ez da euskaraz irakasteko aukerarik ematen, batzuetan era erdi klandestinoan egin behar izateraino. EHUn ezkutuka gabiltza egun euskaraz ikasten eta irakasten. Sailaren aginduak ez betetzearren norbere lana sabotatu eta lanpostua utzi behar izan dute zenbaitek. Errektoretza ezberdinek sail hauekiko zer zor mota izango ote zuten orain arte ezer ez egiteko.
Errektoretza berriak honakoa eskatzen dio Osasun Sailari: «euskal profila duten irakasle kliniko kopurua nahikoa izatea bermatzea». Benetan sinestarazi nahi digute Araba osoan ez dagoela osasun langile euskaldunik ikasgai bakar bat ere euskaraz irakasteko?
Gai serioegia da aurpegira hain erraz iseka egiten diguten horiek gauez hain ondo lo egiteko. Haiek ere egoera ezagututa, arduragabekeria handia da problematikari ezikusia egitea. Gezurrak eta gezurrak prentsan, norbere burua zuritu eta errua gainerakoei botatzeko (Osakidetza ez bada, Madril da).
Argi daude EHUk hartu beharreko neurriak. Matrikulazioa euskarazko lerro bakarrean ziurtatu, sailetan esku (eta kontu) hartu, euskaldunen osasunaren aurkako joeradun horien finantziazio iturriak eten edota ustelkeria zantzuei begirako beharrezko bide legalak jorratu, euskarazko formazioa ziurtatzeko. Hasteko.
Utz ditzatela aitzakiak, gezurrak, utzi euskaraldia, utzi itzulbide. Gaizki jarraitzen du dekanotzak, gaizki hasi da errektoretza berria. Bien bitartean, gu gurera. Euskaraz ikasi eta osasun guneetan euskaraz ahoz zein idatziz artatzera. Osasungintza euskalduntzera.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.