EITB Maratoia, politika neoliberalak estaltzeko
Euskal Herrian taupada solidarioa sustraituriko balioa da. Milaka dira gurean hedaturik dauden elkartasun ekimen kolektiboak. Sen komunitarioa eta elkarrekiko ardura duen herrian bizi gara. Gure jendartean erroturiko DNA hau, ordea, ez da fenomeno meteorologikoa; hamarkada luzetako antolakuntza herritarraren emaitza da.
Ezaguna da, urte amaierarekin batera, kausa solidarioen egitasmoak biderkatzen direla. Guk batean jarri nahi dugu arreta: EITBren maratoia.
Urtero, EITBko langileon arteko mintzagai bihurtzen da hau: milaka euro eta asmo oneko ekarpenak biltzen dira beharrezkoak diren ikerketa, egitasmo eta kausetarako. Euskal jendartean pobreziak eta prekaritateak hedatzen jarraitzen duten honetan, herritar ugarik haien ekarpen handia zein txikia egiten dute irrati telebista publikoak sustaturiko maratoiaren bidez. Zoriontzekoa da herritarron inplikazioa, zalantzarik gabe. Baina, era berean, bada errealitate horren atzean gogoeta eragin eta barrenak pizten dizkigun zerbait: maratoia Jaurlaritzaren politika neoliberalak estaltzeko tresna gisa baliatzen dute. Eta hori ez da onargarria.
Urtero aurrekontu proiektua aurkezten du Gasteizko Gobernuak, eta propaganda dosi handiekin gainera. Inbertsio soziala beti da inoizko handiena: hezkuntzan, osasungintzan, politika sozialetan. Kontrara, langileon errentek sostengatzen dute sistema hau, kapital errenten pribilegioak mantentzeko neurriak hartzen direlako, eta, aldi berean, inbertsio soziala BPGri dagokionez geroz eta eskasagoa da. Osasungintzan eta hezkuntzan %5 inguruko inbertsioa egiten da, eta Europar Batasunean, hurrenez hurren, ia %10 eta %7 da.
Hartara, azken urteetako joera berean mantentzen da egungo Pradalesen Gobernua: patronalaren eskariei men egin eta soldata baxuak mantentzeko erabakia hartu, kapitalari zerga gutxi ezarri eta diru publikoarekin negozioa egiteko aukera zabaldu.
Testuinguru horretan, aurten, bereziki mingarria dakusagu EITBren maratoiarekin agintari politikoen zurikeria ariketa. “Zahartze osasuntsua”. Noiz eta, ia zortzi urteren ondoren, pentsiodunen mugimenduak ia 150.000 sinadura aurkeztu dituenean Legebiltzarrean justu horretarako: zahartze osasuntsurako oinarrizko kondizio materialak ziurtatzeko. Inork pentsa dezake 800 euroko pentsioekin zahartzaro osasuntsua izan dezakegunik? Ia 100.000 pertsonak gutxieneko soldataren azpitik kokatzen diren pentsioak dituzte; hirutik bi, emakumeak. Era berean, helduen egoitzetako langileen lan baldintzek zeharo prekarizatuta jarraitzen dute.
Zalantzarik gabe, herritarron zahartze prozesua duintzeko neurriak beharrezkoak ditugu. Horixe bera aldarrikatu genuen duela bi urte greba feminista orokorrean, zaintza sistema publiko komunitarioaren alde dena gelditu eta kalera atera ginenean. Baita osasungintza publikoaren alde egindako mobilizazioetan ere; horixe bera, hilabete luzez jasotako ehunka mila sinadurarekin, gutxieneko pentsioak osatzeko eta soldata duinak eskatzeko herri ekimenak egin ditugunean. Herritarron aldarrikapenei muzin egin eta jendarte justuago baten aldeko gogoa telebista emankizun bidezko diru bilketa batekin isiltzea ez da ideia ona. Bada garaia propaganda egiteari utzi eta benetako neurri politikoak hartzeko.
*Arritxu Iribar eta Eider Jauregi LABen EITBko sail sindikaleko kideak dira, eta Ane Mendibil eta Elena Llanes LAB Helduak eta Pentsiodunak arloko kideak dira.