EiTBren etorkizunarekiko konpromisoa
Pasa den asteazkenean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta EiTBk Euskal Irrati Telebista Herri Erakundearen 2016-2019 aldirako kontratu programa sinatu genuen. Programa horretan EiTBri esleituriko zerbitzu publikoko zereginari dagozkion edukiak zehaztu eta zeregin hori gauzatzeko emandako finantziazioaren ildoak ezarri dira.
Kontratu programa hau hirugarrena da EiTBrentzat, eta EiTBren ikuspegitik, honako xede hauek ezarri dizkigu: gure gain hartutako konpromisoak, jarduerak eta helburuak betetzea, finantza egonkortasunaren eta aurrekontu orekaren printzipioei jarraiki. Era berean, EiTBk irratigintzako zerbitzu publiko gisa eman beharreko zerbitzuak eskaintzeko ezinbestekoa den esparru eta eraginkortasun bat ematen digu.
Une hau nolabaiteko susperraldi ekonomikoko garaitzat jo dezakegu, gizarteko maila guztiak, baita EiTB ere, gogor astindu dituen krisialdi luze baten ondoren. Gainera, urrats garrantzitsua izan dela esan behar dugu; izan ere, sei urtez urte anitzeko jomugarik ez izan ostean programak datozen lau ekitaldietan garatzeko aurrekontu bat esleitu dio erakundeari: 115,7 milioi 2016ko ekitaldian; 116,7 milioi 2017koan; 119,1 milioi 2018ko ekitaldian eta 121,6 milioi 2019ko ekitaldian. Helburua publizitate salmentatik eskuratutako berezko diru sarreren eta kudeaketako beste diru sarrera batzuen eta EiTBri esleituriko zerbitzu publikoko lanek eragindako guztizko gastuen arteko aldea orekatzea da.
Jakin badakigu Eusko Jaurlaritzak berebiziko ahalegina egin duela eta eskerrak eman nahi dizkiogu horregatik. Profesional guztiok geure egin dugu EiTBk gizartearekin duen konpromisoa, eta multimedia komunikazio-talde gisa horri egoki erantzuteko ardura guztiak hartuko ditugu geure gain.
Kontratu programarekin ziurgabetasun ekonomikoko aldia gainditzea lortu badugu ere, zifrak xehetasun handiagoz aztertuta, argi geratzen da EiTBk austeritate egoeran jarraituko duela datozen urteetan. 2016 eta 2019 urte artean diru laguntzak gorakorrak izango diren arren, zifrak, zenbaki absolutuetan, 2003-2004koak baino txikiagoak dira. Telebista eta irrati kate lehiakideek, aldiz, EiTBrenak baino aurrekontu igoera handiagoak izango dituzte.
Egoera honetan, etxeko profesionalok izango dugu protagonismo osoa, gu geu izango baikara, eraginkortasunez, esfortzu handiz, bokazioz eta pasioz egunero dena martxan jarriko dugunak EiTBk euskal gizarteari eman behar dion zerbitzua eman ahal izateko. Eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan euskarazko eta gaztelaniazko multimedia zerbitzu publiko bat eskaintzeko konpromisoa sinatu dugu; bertan biltzen dira bai telebista kateetako edukiak bai irrati kateetakoak. Eta zerbitzu publikoa Internetera zabaltzeko lana ere geure gain geratu da, eitb.eus, EiTB Nahieran eta Canal Vasco/ETB Sat-eko telebista kateen streamingaren bidez.
EiTBk bere gain hartu du honako oinarrizko printzipio hauetan oinarritutako informazio lidergoaren konpromisoa: egiazkotasuna, oreka informatiboa, inpartzialtasuna, neutraltasuna, independentzia eta sinesgarritasuna.
Halaber, EiTBk euskaraz egindako eta garatutako edukiak, sorkariak eta jarduerak askotariko gizarte esparruetan zabaltzea sustatuko du, bere emankizunetan gizarte errealitate elebiduna islatuko du eta elebiduntasuna ekitate, kohesio eta modernitatearen gizarte osagai gisa baloratzea sustatuko du.
Programa kontratuak EiTBk euskal kulturaren hedapenarekin eta kirola sustatzearekin dituen konpromisoak biltzen ditu. Suspertze ekonomikoarekin, enpleguarekin, ikerketarekin, autogobernuarekin, gizarte kohesioarekin eta printzipioak eta balioak hedatzearekin lotutako erakunde ekimenak sustatzearekiko gure konpromisoa ere jasota geratu da. Horrez gain, EiTBk, euskal gizartean adostasun sozial eta politiko garrantzitsuenak eragiten dituzten helburu etiko eta demokratikoekin bat datozen ardatz informatiboei estaldura ematen lagunduko du; ETAren terrorismo bidegabearen eta nozitutako bestelako edozein indarkeria motaren aurrean indarkeria ezarekin konprometitutako kontzientziazio kolektiboaren aldekoei, hain zuzen. Euskadiko ikus-entzunezko industria sustatzea da kontratu programan jasotako beste alderdietako bat. Horrekin lotuta, EiTBk ikus-entzunezkoen industria sustatuko du, haren bitartez gizartearentzat aberastasuna eta onura ekonomiko eta kulturalak sortzeko.
Kontratu programan, bestalde, berritze teknologikorako inbertsioak ere jaso dira, haien bitartez ekoizpen sistemetako ekoizpenen kalitatea eta haiek sortzeko gaitasuna areagotzeko eta instalazioak mantentzeko.
Azkenik, kontratu programak kudeaketa aurreratuko eta gobernu arduratsuko printzipioak aplikatzen jarraitzera behartuko du EiTB. Kontratu programan ezarritako hamaika konpromisoek urtero ebaluatuko diren adierazleak dituzte, EiTBk bai baitaki kontratu programa herritar guztiekin hartutako konpromisoa dela eta, haiei zuzenduriko eskaintzan euskara eta euskal kulturari buruzko edukiak bermatu behar direla, bai telebistan, bai irratian, baita Interneten ere, Euskadiko errealitate politiko, sozial, kultural eta ekonomikoaren kontakizuna eskainita. Etorkizunarekiko konpromiso honen bitartez, euskal gizarteak bere hedabide publikoarekiko dituen itxaropenei erantzungo dieten kalitatezko edukiak eskaintzeko lana bermatzen dugu, sinesgarritasun, objektibotasun, hurbiltasun eta modernitate printzipioekiko errespetuan oinarrituta.